INFO

Piaspe baino lehen energia trantsizioko «estrategia integrala» behar dela dio Zestoako Udalak

Statkraften Piaspe proiektua aztertzeko prest dagoela adierazi du Zestoako Udalak, hala ere, «ezertan hasi baino lehen» energia trantsizioko «estrategia orokor bat» abiatzeko beharra azpimarratu du, oinarrian Euskal Herri mailako nahiz herri mailako «gogoeta komunitarioa» izango duena.

‘Piaspe’ proiektu eolikoaren inguruan mintzatu da Zestoako Udala. (Hamaika Telebista)

Statkraftek Azpeitia, Errezil eta Zestoan eraiki nahi duen parke eolikoaren proiektua aztertzeko prestutasuna agertu du Zestoako Udalak. Hala ere, «ezertan hasi baino lehen», energia trantsizioko «estrategia orokor bat» abiatzeko beharra azpimarratu du.

Azpeitian urrian egin bezala, pasa den azaroaren 4an herritarrekin batzar irekia egin zuen Zestoako Udalak, biztanleei jakitera emateko Norvegiako Statkraft enpresaren Piaspe proiektuari buruz duen «informazio guztia», nahiz eta administrazioak ohar batean zehaztu duen eskura duen informazioa «mugatua» dela.

Zentzu horretan, parke eolikoaren inguruan dudak agertu ditu Udalak hasiera batean, esanez «gaur gaurkoz» dituen «datu urriekin» galderak eragiten dituela proiektuak. Administrazioaren kezka nagusietako bat da aerosorgailuen piezak herriko Akoa auzotik gora garraiatuko direla eta, horrekin batera, parke eolikoak «inpaktu bisuala» sortuko lukeela eta herritarrengan eragina izan dezakela. Datozen hilabeteetan «erantzun beharreko galderak» dira horiek, Udalaren esanetan, eta prozesu horretan herritarrei informazioa «gardentasunez» emateko konpromisoa hartu du.

Piaspe aztertzeko prestutasuna agertu du Udalak, onartzen baitu garatu nahi duen energia trantsizioan «intentsitate handiko ekipamenduak» beharrezkoak direla. Datuak eman ditu hau agerian uzteko: Zestoako kontsumo elektriko osoa urteko 41,6 Gwh-koa da eta Piaspek urtean 84,7 Gwh sortuko luke. Herrian sortzear den Argiola energia kooperatibak, aldiz, urteko 1,5 GWh sortzea aurreikusten da.

Gogoeta komunitarioa

Zestoako Udalak, alabaina, iritzi du Piaspe eta antzeko proiektuak garatu aurretik energia trantsiziorako «estrategia orokor» bat diseinatzea beharrezkoa dela, herri mailan nahiz Euskal Herri mailan. Estrategia hori «herritarren parte-hartzean eta gogoeta komunitarioan» oinarrituta egon dadila babesten du tokiko administrazioak.

«Planifikazio orokorrik ez dago eta hori ezertan hasi aurretik egin beharreko kontua da. Estrategia integralik gabe, aerosorgailuak besterik gabe jartzea ez da soluzioa. Egia da hemen dugun energia berriztagarri bideragarri eta eraginkorrena haizea dela, baina aerosorgailuak jartzearekin bakarrik ez goaz inora, bestelako etxeko lanak ere egin behar dira. Ez dakigu zenbat parke eoliko eraikitzea den beharrezkoa, justua eta jasangarria», agertu zuen Mikel Arregi alkateak batzar irekian.