INFO

GuraSOSek mobilizazioa egingo du azaroaren 27an erraustegia geratzeko aldarrikatzeko

Atzemandako «kutsadura arazo larrien» jatorria identifikatu eta konpondu arte Zubietako erraustegia gelditzeko eskatzeko mobilizazioa deitu du GuraSOSek azaroaren 27rako. Erraustegia eraikitzen hasi aurretik kutsaduraren «kezka zena errealitate» bihurtu dela salatu dute.

GuraSOS elkarteko kideak erraustegiaren aurkako azaroaren 27rako mobilizaziora dei egiten. (Gorka Rubio | FOKU)

Azken hilabeteetan atzemandako «kutsadura arazo larrien jatorria identifikatu eta konpondu arte» Zubietako erraustegia gelditzeko eskatzeko GuraSOSek agerraldia egin du asteazken goizean Donostian, eta azaroaren 27an egingo duten mobilizazioa iragarri du. «Orain bai, geliditu! Diálogo Solución» izango da leloa, eta 12.00etan abiatuko da Donostiako Kursaaletik.

Hainbat gizarte eragilerekin batera GuraSOS elkartea «kezkatuta» agertu da erraustegiak sortutako kutsadurarekin. Joseba Belaustegi eledunak azaldu du herritarrak, «erraustegia egitearen aldekoak zein kontrakoak», bat etorri izan direla beti kontu batekin: osasuna eta ingurumenerako bermeen beharrezkotasuna. Eta horretarako, «kontrol demokratiko zorrotza» behar duela erraustegiak adierazi du Belaustegik.

Erraustegia egin aurretik agintariek emandako hitza gogorarazi du Belaustegik: «Airera isurtzen diren zabor kutsatzaileen muga gaindituz gero, sistema automatiko bat izango zela hondakinen erretzea gelditzeko esan zuten eta kutsadura parametroak betetzen ez baziren, erraustegia gelditu egingo zutela, eta arazoa konpondu arte ez zutela berriro martxan jarriko». Hitza ez dutela bete salatu du GuraSOSeko ordezkariak.

Duela bi urtetik erraustegia abian dela adierazi du Belaustegik eta orduan «kezka zirenak errealitate gordin» bihurtu direla. Horren adibidetzat jarri ditu noiznahi sortutako suteak, labeetan dituzten arazoak, elektrizitatea ekoizteko dituzten zailtasunak edota sortutako kutsadura. Horiez gain, azken asteetan Arkaitzerrekan izandako hainbat isurketa aipatu ditu, amonikoarenak edota lixibarenak larrienak. Aireko isurketek ere «dozenaka aldiz» gainditu dutela gehieneko maila salatu dute.

Hori guztia salatu eta erraustegia sortzen ari den kutsadurarekin amaitzeko, azaroaren 27an Kursaaletik abiatuko dute mobilizazioa erraustegia gelditzeko eskakizunarekin.