INFO

Aintzane Mendia Tubacexeko langilea absolbitu dutela jakinarazi du LABek

Aintzane Mendia Tubacexeko langilea absolbitu dutela jakinarazi du LABek. Astelehenean izan zen bere kontrako epaiketa. Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen behargin laudioarrarentzat, agintarien kontrako atentatuagatik.

Aintzane Mendiaren kontrako epaiketa pasa den astelehenean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Astelehenean epaitu zuten Gasteizen Aintzane Mendia Tubacexeko langilea, kaleratzeen aurkako protestengatik auzipetuta, eta ostiral honetan LABek jakinarazi du absolbitu egin dutela.

Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen behargin laudioarrarentzat, agintarien kontrako atentatua leporatuta, Tubacexeko zuzendaritzak egin nahi izan zituen 129 kaleratzeen aurkako langileen mobilizazioetan inputatua izan ostean.

Bizkaiko Metaleko, PCBko, Tubacexeko eta Petronorreko langileek prozesu judiziala bertan behera uzteko agerraldia egin zuten azaroaren 3an, baita Aintzane Mendiak berak ere, eta bertan nabarmendu zutenez, epaiketen helburua langileak «jazartzea, kriminalizatzea eta beldurtzea da», patronalari «aurre egiteari uko egin diezaiogun».

Estrategia horretan, Lakuako Gobernuak duen «lankidetza estua» ere salatu zuten, Ertzaintza «protesta legitimoak erreprimitzera» bidaliz, gero ondorio larriak dituzten autoak egin ditzaten.

Amurrioko epaitegien parean egin zen protestan identifikatu zuten Mendia, 2021eko ekainaren 17an. Egun horretan, Tubacexeko hiru langilek deklaratu zuten martxoan antolatutako piketean parte hartzeagatik eta Ertzaintza babesa erakustera elkartu zen jendearen kontra oldartu zen.