«Elkar zainduz arriskutsuak gara» aldarrikatu dute (ez) amatasunen jardunaldi feministetan
‘Egin, desegin, berregin’ leloarekin egiten ari dira Donostian, Emaginek antolatuta, (ez) amatasunak ikuspegi feministatik lantzeko Euskal Herriko lehenbiziko jardunaldiak. Solasaldi, erakusketa, musika, otordu, denetarako aukera dago ostiral eta larunbat honetan Tabakaleran, goxo eta iraultzaile.
Donostiako Tabakalerako zine aretoan, haur eta helduek espazioa konpartitu dute mahai inguruan. Diana Oliver, Marina Sagastizabal eta Anna Molas hizlarien hitzekin batera oihu txikiak, irriak eta negarrak, umeen soinuak aditzen dira. Entzule batzuk titia edo janaria ematen ari dira, bertzeak jolasean atarian antolatu duten zaintza gunean. Alde horretatik ere berrikuntza ekarri dute Emaginen ‘(Ez) amatasunak ikuspegi feministatik’ jardunaldiek.
«Gure bizimodu ‘supermoderno’ honetan zaurgarriak garela ukatzen dute. Askotan esaten dugu hori, baina ez dakit zenbat gorpuzten dugun», adierazi du Miren Aranguren formazio eta ikerketa feministako zentroko kideak aurkezpenean. «Testuinguru oso bortitzean bizi gara eta horrek gure bizitza kolpatzen du. Elkarrekin egin behar dugu bidea derrigor. Elkar zainduz arriskutsuak gara, sistema oso bat inpugnatzen dugulako».
Iruindarraren arabera, zaintzak era bidegabean banatzen dituen eredu tradizional hori muturren aitzinean lehertzen ari zaigu, baina ez dugu asmatu bertze eredu bateranzko trantsizioa. Oraindik ez dakigu zein izanen den bizitza sostengatuko duen arduren banaketa berri hori eta jardunaldietan gako batzuk ematen saiatzen ari dira.
Aldatzeko erresistentziak
«Jardunaldi irekiak izan arren, ikusten dugu zeintzuk etorri garen eta zeintzuk ez», ohartarazi du. «Ez gizonek, ez gizarteak, ez estatuek ez dute ardura hartu. Gu aldatu gara, baina besteek aldatzeko erresistentziekin jarraitzen dute».
«Ama izan behar dugu oso izateko, baina merkatuak zigortuko gaitu. Ugaldu behar dugu, berdin du nola. Erabateko dedikazioa izan behar dugu baina prestigio sozialik gabe (...). Nahiko bakarrik eta bazterreko sentituko gara. Eskerrak halako plazak eta feminismoa ditugun», jarraitu du.
Ez da berdina guztientzat, jakina, hainbat zapalkuntza gurutzatzen baitira faktore ugariri lotuta: arraza, migrazioak, gaitasunak, genero identitatea, familia egitura edota babes soziala.
Arangurenek azaldu duenez, arrakala bat dago diskurtsoaren eta praktikaren artean, eta horrek bi gauza erakusten ditu: «Ez zaigula mundu hau gustatzen, eta aldatzeko aukera daukagula».
Horma baten kontra
Diana Oliver free lance kazetari madrildarra da. Tacatá amatasunean eta zaintzan espezializatutako komunikazio agentziaren arduraduna da, eta lan ugari argitaratu ditu, azkena ‘Maternidades precarias’ (ARPA), amatasunari balioa eman nahi diona. «Ama izan nintzenean horma bat topatu nuen ordura arte ikusi ez nuena. Ohartu nintzen gaur egungo sistema ez dela bateragarria zaintzarekin», aitortu du jardunaldiko aurreneko solasaldian.
«Amatasunaz mintzatzen gara arazo bat izanen balitz bezala baina fokua bizitza trabatzen duen prekaritate hori amaitzean eta haurren eta amen beharrak asetzean jarri beharko litzateke. Zoru itsaskorretik ateratzea da erronka», azpimarratu du.
Denborak
Umeek bertze denbora batzuk eskatzen dituztela aipatu du, eta horri lotuta, eta hurrengo hizlariek ere denbora gaitzat hartu dutela ikusita, honako ekarpena egin du entzule batek: «Gauza garrantzitsuak beste erritmo batean doaz: mantso, lasai, patxadaz. Halakoa da maitasunaren denbora, edota espiritualtasunarena, adibidez. Gorputzak bere erritmoak ditu eta gu geu gara kontra egiten lehenak. Erdi gizon hori izan nahi dugu. Nola egin dezakegu gure denborak aldarrikatzeko?».
«Elkar behar dugu jendarte indibidualista honetan. Jende aunitz behar dugu inguruan haur bat hazteko», Diana Oliver
Oliverrek zaintza kanpora ateratzearen eztabaida ere jarri du mahai gainean: «Ez dut uste zaintza guztiak kanporatu daitezkeenik, ezta hala egiten duten guztien nahia hori denik ere». Bere iritziz, patriarkatuaren garaipena erabaki ezin izate hori da, baita zaintzari baliorik ez ematea ere.
«Elkar behar dugu jendarte indibidualista honetan –oroitarazi du–. Jende aunitz behar dugu inguruan haur bat hazteko». Erantsi duenez, bakardadea, hiperexijentzia, erruduntasun sentimendua, etengabeko ebaluazioa, elkar laguntzen ez jakitea, ziurgabetasun ekonomikoa... Baldintza horiekin guztiekin amatasuna sostengatzea erronka handia da, eta osasuna kaltetzen digu. Horrek guztiak haurrengan dituen ondorioak ere ahazten ditugu Oliverren arabera.
Bertze ideia bat: «Sentsazioa dugu beti gaudela garaiz ama izateko, baina ez da beti hala izaten». Eta feministei deia: «Amatasunak jendarteari egiten dion ekarpena aitortu beharko lukete. Ama aunitz sostengu feministarik gabe aurkitzen gara».
Kontziliazioa ezinezkoa da
Marina Sagastizabal gasteiztarra da. Bilgune Feministako kidea, Soziologian doktorea eta Gizarte Laguntzako irakaslea da. Etxeko eta zaintza lanak, enplegua eta militantzia uztartzeko oztopoak aztertu ditu. Produktiboak diren denborak erdian kokatzen ditugula eta bizitza sostengatzen dutenak, berriz, ezkutuan gelditzen direla esplikatu du mahai inguruan. Eta bi logika horiek ezin direla kontziliatu baieztatu du. Gaineratu duenez, kontuan hartu behar da Europako kontziliazio politikak 90eko hamarkadan sortu zirela emakumeen lan merkatuko presentzia areagotzeko helburuarekin.
Erloju denbora, gure bizitza segundo, minutu eta ordutan banatzen duena ere ez dela betidanikoa ohartarazi du. Industrializazioarekin hasi zen jendartea hala antolatzen eta merkatuaren logikari ere erantzuten dio. Hortik azelerazioa. «Non geratu dira naturari lotutako denborak?».
Gure bizitzako zikloak ere merkatuaren arabera antolatuak daudela oroitu du: haurtzaroa eta gaztaroa lan merkaturako prestatzeko dira, helduaroa lan merkaturako, eta zahartzaroa erretirorako... orain arte behintzat.
«Breadwinner» bat eta erdi
‘Breadwinner’ kontzeptua ekarri du Sagastizabalek: «Herritar ideala gizon zuri heterosexuala da, lan merkatuan lasai ari daitekeena, etxean ardurarik ez duena, familia burua, kotizatzailea. Gure eskubideak eta errekonozimendua lan merkatutik eratortzen dira. Gizon ideal horren ahalik eta antz handiena izan behar dugu».
«Zaintza lanak sozialki inork egin nahi ez dituenak bilakatu dira. Bazterretan kokatzen direnek egiten dituzte», Marina Sagastizabal
Gaur egungo etxeetan, bikote heterosexualetan behinik behin, «breadwinner bat eta erdi» dagoela agertu du, gizon bat lan merkatuan eta emakume bat dantzan etxearen eta lan merkatuaren artean. «Eta bizitzak zeinek sostengatzen ditu?».
Denbora faltan, eta bikotean gatazka ekiditeko estrategia modura, zaintza kanpora ateratzen dela erran du gasteiztarrak. «Sozialki inork egin nahi ez dituen lan bilakatu dira. Bazterretan kokatzen direnek egiten dituzte».
Egindako ikerketan ikusi duenez, umeak jaiotzen direnean emakumeek zaintza eta etxeko lanetan duten inplikazioa handitzen dute; gizonek, ordea, lan merkatuko denbora areagotzen dute. «Zer egingo dugu etxeko kudeaketarekin? Ez da banatzen, beti dago emakumeen esku. Noraino ditugun sartuta feminitate eta maskulinitate rolak. Beste erreferente batzuk behar ditugu», aldarrikatu du.
Ernalketa lagunduaren areagotzea
Anna Molas Antropologia Sozialean doktorea da eta merkatu erreproduktiboak ikertu ditu, obodonazioa bereziki. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan dabil eta liburu bat ari da prestatzen obulu emaileen eta profesionalen testigantzekin.
Europan jaiotze tasak behera egin du 1960tik; ernalketa lagunduko tekniken erabilerak, berriz, gora. 40 urte baino gehiagorekin ama izaten direnak gero eta gehiago direla nabarmendu du Molasek. Estatu espainiarrean gehiago dira 40 urte baino gehiagorekin ama izaten direnak 24 urterekin izaten direnak baino.
Doktoreak azaldu duenez, obodonazioa haurdunaldia lortzeko azken aukera izan ohi da. Estatu espainiarrak mundu osoko jendea hartzen du ernalketa lagundua egiteko, horietatik erdia baino gehiago obodonazio bidez. Hauen artean gehiengoa 40 urtetik gorako emakumeak dira. Molasen arabera, obulu emaile aunitz daude Estatu espainiarrean eta horretan zerikusia dute ematen den ordain ekonomikoak (mila euro) eta anonimotasunak. Europan ez da ohikoa anonimotasuna.
Gizarte Segurantzak 40 urtetan jartzen du adin muga eta gainera itxaron zerrendak luzeak dira. Ondorioz, industria pribatizatu egin da. «Ez da tokiko oinarria duen ekonomia bat –ohartarazi du adituak–. Burtsan kotizatzen duten nazioarteko korporazioak dira. IVI-Irma da horren adibide».
Prekaritatea eta gaztetasuna
Kanpora ateratako prozesua da obodonazioa Molasentzat, eta gaizki lerrokatutako denborei erantzuten die. Bere ikerketetan elkarrizketatu dituen obulu emaileak hagitz gazteak dira. Batzuentzat lan ordaindua aurkitu bitartean denbora irabazteko bitartekoa izan da obodonazioa; bertzeentzat, aldiz, aukeratutako lan bat. Adinean jarri du azpimarra ikerlariak, halako prozesu batean informazioa barneratzeko heldutasun bat behar delako.
Kliniketan arriskuen informazio gutxi ematen dela erantsi du. Batzuek ukatu egiten dute arriskurik badenik. Eta obuluak atera eta gero ere haurdunaldia lortu dela erraten bada ere, ez omen da zehaztapen gehiagorik ematen, adibidez, zenbat obulu atera diren eta zenbat emakumek hartu dituzten.
«Denbora prekarioetan oinarritutako merkatuak» direla ondorioztatu du Anna Molasek, baita obulu emaileak eztabaidatik ezabatuak izan direla eta mundu mailan gora doan industria bat dela ere, Estatu espainiarra pieza klabe dela.