INFO

Gehiengo absolutuari eutsi dio LABek Trapagarango Amazonen egin diren hauteskunde sindikaletan

Hiru ordezkaritik bostera pasata, Trapagarango Amazonen LABek zeukan «nagusitasuna berretsi du» aste honetan egin diren hauteskunde sindikal partzialetan.

LABek Trapagarango Amazonen eginiko protesta bat, artxiboko irudian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Sindikatu abertzaleak ostiral honetan komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez jakitera eman duenez, Amazonen Trapagarango lantokian aste honetan egin diren hauteskunde sindikal partzialetan bere «nagusitasuna berretsi» du LABek, hiru delegatutik bostera pasa eta gehiengo absolutuari eutsiz.

Emaitza hauek erakusten dute, LABen esanetan, langileek babestu egin dutela bere «sindikalismo borrokalaria». Izan ere, urriaren 17an LABek deitu baitzuen bertako lehen lanuzte «arrakastatsua», Trapagarango lantokiaren «historiako lehena». Deialdi horren baitan, lantokiaren jarduna lau orduz erabat etetea lortu zuten beharginek.

«Orduan adierazi genuen –gogoratu dute– LABek ez zuela etsiko langile guztientzako baldintza duinen aldeko borrokan, eta enpresak akordiorako benetako borondaterik erakusten ez bazuen, mobilizatzen jarraituko genuela eta ez zela egongo ez Black Friday, ez Ciber Monday, ez Gabon lasairik».

Horrela, sindikatuak gogoratu du bere apustuetako bat dela «langile sektore prekarioenak antolatu eta bizi eta lan-baldintza duinen aldeko borroketan aktibatzea» eta, zentzu horretan, uste du aste honetan egin diren hauteskunde sindikal partzial hauen emaitzek argi erakusten dutela beharginek babestu egiten dutela LABek hartutako bidea.