INFO

Atxilotu bat Gasteizen emakume bati sexu erasoa egin izana leporatuta

21 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat honetan Gasteizen, aurreko astean emakume baten jasan zuen sexu erasoaren ustezko egiela dela egotzita. Irunen, Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du gizon batentzat, konorterik gabe zegoen emakumeari sexu abusuak egiteagatik.

Indarkeria matxistaren aurkako aldarria, Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

21 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat honetan Gasteizen, aurreeko igandean neska batek jasan zuen sexu-erasoaren ustezko egilea izatea egotzita.

Joan den igande goizaldean, gizon batek eraso egin zion neskari, etxera itzultzen ari zela. Gizonak lurrera bota zuen bortizki, eta immobilizatu egin zuen, sexu-ukituak egiten saiatzen zen bitartean. Biktimak telefono mugikorra eskuan zuela ohartzean, erasotzaileak ihes egin zuen.

Ertzaintzak hasitako ikerketei esker, atzo goizean atxilotu zuten ustezko egilea identifikatu ahal izan zuten.

Zazpi urteko espetxe eskaera, Irunen

Gainera, Gipuzkoako Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du gizon batentzat, ustez Irungo etxebizitza batean sartu eta emakume bati sexu-abusuak egitea egotzita. Emakume hori konorterik gabe zegoen, drogen eta alkoholaren kontsumoak jota.

Ministerio Publikoaren behin-behineko akusazioaren idazkiak jasotzen duenez, 2020ko uztailaren 11n gertatu zen, biktima auzipetuarekin eta hirugarren gizon batekin bildu zenean kokaina erosteko asmoz.

Bere helburua lortu ez zuenez, beste gizonak bakarrik estupefazienteak bilatzen jarraitzea erabaki zuen; biktima eta erruztatua, berriz, etxebizitza batera joan ziren, non azken horrek gela partekatua zuen, eta emakumea ohean etzan eta lo geratu zen.

Fiskaltzaren testuak argitzen duenez, testuinguru horretan, auzipetuak «nahita» aprobetxatu zuen neska «konorterik gabe» zegoela, aldez aurretik «hainbat substantzia estupefaziente eta alkohola» kontsumitzearen ondorioz, berak hartu ohi zituen botikekin nahastuta.

Fiskaltzaren ustez, gertakari horiek sexu-abusuaren delitua dira, eta, horregatik, zazpi urteko kartzela-zigorra eskatzen du gizonarentzat. Gainera ezin du biktimarengana hurbildu, ezta harekin beste hamar urtez komunikatu ere.

Halaber, kartzelatik atera ondoren, zaintzapeko askatasunean hamar urtez jarraitzeko eskatzen du, eta emakumea 15.000 eurorekin konpentsatzeko jasandako kalte moralengatik.