INFO

Foro Soziala: «Estatuaren biktimen babesean, orain arte ezagutu ez diren urratsak eman dira»

Aste honetan memoriaren esparruan eta Estatuaren biktimen babesaren arloan eman diren aurrerapenei buruzko iritzia eman du Foro Sozialak, eta «Estatuak eragindako indarkeriaren biktimen babesean, orain arte ezagutu ez diren urratsak» eman direla nabarmendu du.

Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak, artxiboko irudi batean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Foro Sozialaren iritziz, Estatuaren indarkerien biktimen gainean eraikitako «kristalezko sabaia» hausten hasi da. «Hitzez aitortuak izaten dira, baina, praktikan, diskriminazioa eragiten duen tratamendu asimetrikoa onartzen da», nabarmendu du igande honetan ohar baten bidez.

Izan ere, Foro Sozialak aste honetan eman diren aurrerapausoak baloratu nahi izan ditu, bai Estatuaren biktimen babesean, bai biktimei ezartzen zaien tratamendu asimetrikoa ahalbidetzen duten politika publikoak aldatzeko borondatean, bai memoria kritiko inklusiboa eraikitzean.

Estatuaren biktimen babesari dagokionez, Barrionuevo ministro ohiaren adierazpenen aurrean izandako erreakzioak mugarri bat izan behar duela uste du Foro Sozialak. Gasteizko Legebiltzarreko %98,7k horrelako erasoak ez dituela onartzen publikoki adierazi duela gogoratu du, «birbiktimizazio jasanezina eragiten duelako».

«Horrek kontraste handia suposatzen du, adibide bat jartzearren, duela hilabete batzuk Olona diputatuak Kongresuko tribunatik torturaren biktimak iraindu zituenean gertatutakoarekin», azaldu du.

Hala ere, ziurtatu du oraindik «bide luzea» dagoela Gobernu espainolak «eragindako mina onartu arte», baina argi dago, «Estatuak eragindako indarkeriaren biktimen babesean, aste honetan orain arte ezagutu ez diren urratsak eman direla, funtsean eta forman».

Bestalde, oso modu positiboan baloratu ditu joan den asteazkenean Gasteizko Parlamentuko biktimen inguruko legeak eta politika publikoak aldatzeko beharraren inguruan agertutako adostasun zabalak. Adierazi duenez, gaur egun, «tratamendu asimetrikoa» ematen da, eta hori gainditu egin behar da «adiskidetzean eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egin ahal izateko».

Azaldu duenez, «asimetria» hori eguneroko bizitzarekin zerikusia duten gaietan islatzen da, hala nola DSBEan, etxebizitzan, enplegu-politika aktiboetan edo EHUko matrikuletan. Gainera, 107/2012 Dekretuan eta 12/2016 Legean aurreikusitako kalte-ordainak «4/2008 Legeak terrorismoaren biktimentzat ezarritako zenbatekoak baino askoz txikiagoak dira».

Bestalde, azpimarratu du joan den azaroaren 10ean, memoriaren egunean, Gogora Institutuan ‘Begiradak, Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak’ dokumentua aurkeztu zela, eta hori «ekarpen garrantzitsua» bizikidetza eraikitzeko «erdiko erreiari», Foroak askotan erabiltzen duen kontzeptua erabiltzeagatik.

«Euskal gizartea ez dago geldirik memoria kritiko inklusiboa eraikitzeari dagokionez ere. Are gehiago, azken hilabeteotan, mugimendu berriak ikusten ari gara, eta horien ondorioz kontakizunaren bataila delakoa dagoeneko igarotzen ari da krispazioaren espaziotik memoria kritiko inklusibo bat eraikitzeko espaziora», nabarmendu du.

Alde horretatik, 2021eko urrian Aieteko Adierazpenaren 10. urteurrenaren inguruan gertatu zen guztiak «palanka-efektu» bat eragin zuen Foro Sozialaren arabera, ondoren etorri diren aurrerapenak erraztuz.

Ustekabean Topo eta Gogora Institutua

Foro Sozialari dagokionez, urteurren horren ondoren jarri zuten abian ‘Ustekabean Topo’ lan-ardatza. «Hilabete hauetan, trantsizio horretarako ekarpenak egin ditugu, nazioarteko esperientziak aztertuz, jarrera ideologiko desberdinak dituzten pertsonen arteko topaketa publiko eta pribatuak antolatuz eta euren bizipenak ezagutuz», gogoratu du.

Foro Sozial Iraunkorrak parte hartu zuen, gainera, Gogora Institutuan txostenaren aurkezpenean, eta adierazi nahi izan du «arretaz aztertuko ditugula aktoreen erreakzioak», eta, ondoren, «gogoeta edo gomendio batzuk egingo ditugula memoriaren gaian ere aurrera pausu berriak errazteko».

Dokumentuaren tesiarekin bat dator Foro Soziala, adierazten duenean bota behar direla «Nork bere burua justifikatzeko kontakizunek eraikitzen dituzten euste hormak, isolatu eta baztertzen dutenak, eta bizikidetza demokratikorako eremu berriak eralkitzeko aldentzen gaituztenak».

Hauek horrela, eragile guztiei eskatu die babesteko eta behar bezala balioan jartzeko Josu Elespek, Maria Jauregik (ETAren biktimen seme-alabak), Axun Lasak (GALen biktima baten arreba eta torturatua) eta Unai Belaustegi, Eider Landaberea eta Virginia López de Maturana historialariek egindako dokumentua. «Eta, bereziki, dokumentua kontakizunaren bataila alderdikoirako ez erabiltzeko eskatzen diegu», gaineratu dute.