Iñaki Muruak jantziko dio txapela 2022ko Bertsolari Txapelketako txapeldunari
Bertso munduan egindako ageriko zein isilpeko lan handia eskertu nahi dizkio Bertsozale Elkarteak.
Hasi da abenduaren 18ko finalerako atzeraka kontaketa eta Bertsozale Elkarteak iragarpen garrantzitsua eman berri du: Iñaki Murua Jauregik (Gabiria, 1956) jantziko dio txapela txapeldunari Nafarroa Arenako oholtzan. Egiteko garrantzitsua izaten da txapeldunaren burua txapelaz dotoretzea. Aurtengoan Iñaki Muruak izango du ardura hori, bertsoaren plaza eta bertsogintzaren dendaostea primeran ezagutzen dituen gabiriarrak. Horrexegatik aukeratu du Bertsozale Elkarteak, plazaren aurrean zein atzean egin duen lan eskergagatik.
Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Murua. Bertsolari gisa 1982an aurkeztu zen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusira, eta 1986koan eta 1989koan finalera iritsi zen. Finalista izan zen Gipuzkoako 1991ko eta 1995ko txapelketetan ere. Bertsozale Elkartetik nabarmendu dutenez, «eragiletzan etengabeko lana egin du: Gabirian bertan hasi eta Euskal Herri osoan ere bai».
2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen. Bertsozale Elkarteak izan duen bigarren lehendakaria izan da, Imanol Lazkanoren eskutik hartu baitzuen kargua. 2018tik zortzi laguneko talde batek gidatzen du Bertsozale Elkartea.
«Lehendakari izan denean zein ez, bertso munduan oso presente egon da Iñaki beti. Gaur egun ere, figura oso garrantzitsua izaten jarraitzen du Bertsozale Elkartean. Maitasunetik eta zaintzatik aritzen da beti, eta bertso munduko gazte, heldu, boluntario, langile, zein gertuko guztiek estimu handian daukagu». nabarmendu dute Elkartetik.
Txapeldunari txapela janztea ardura da, baina baita errekonozimendua ere. Eta hain juxtu Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hori egin nahi dio Iñaki Muruari abenduaren 18ko finalean, «egindako lana itzulezina bada ere, ikusgarri egin eta merezimenduaren aitortza moduan».