Musika eta bertsoak San Mamesen, emakumezkoen derbiaren atarikoan
Athleticek eta Realak larunbatean jokatuko dute partidaren aurretik ekimen ezberdinak antolatu ditu klub zuri-gorriak ume, gazte zein helduentzako. Festa giroa, janaria eta edaria egongo da eguerditik eta Euskaraldia ere bultzatuko dute.
Vila-realen kontrako partidan estreinatu zen Athletic Plaza ekimenak jarraipena izango du larunbat honetan Athleticen eta Realaren arteko emakumezkoen derbiaren aurretik. 20.00etatik aurrera jokatuko da partida. Ekitaldiak, aldiz, eguerdiko 12.00etan hasiko dira eta eta partida hasi baino ordubete lehenago amaituko dira.
Bertso derbia izango da ekimenenetako bat. 2012tik antolatzen da. Aldi berean, Euskaraldiarekin elkarlanean euskararen erabilera bultzatuko da eta berdintasuna ere sustatuko da.
San Mames kanpokaldean, Euskaraldiaren eta #Berdinaldia-ren karpak ezarriko dira eta umeentzako jolas ezberdinak egongo dira. Esate baterako, giza futbolin bat, bideojokoak, erregateak egiteko toki bat, puzgarriak eta jolasteko edo margozteko tailer ezberdinak. Gastronomiak ere bere lekua izango du eta jateko eta edateko tokiak egongo dira.
Aldi berean, musika ikuskizunak ere antolatu dituzte. Erraldoiak eta zanpantzarrak egongo dira eta haurrentzako emanaldia izango da 13.00etatik 14.00etara Kantu kolore taldearekin. 14.00etatik 15.00etara erromeria egongo da. Bertsoderbia 17.00etatik 18.00etara eta musika giroa eta txaranga 18.00etatik 19.00etara izango dira. Zelai barruan ere ekimen berezi bat antolatu dute.