INFO

Arabako ardogintzako langileen egoerarekiko konpromisoa eskatu dute Batzar Nagusietan

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osatzen duten intersindikala Arabako Batzar Nagusietan izan da ostegun goiz honetan langileen egoeraren berri emateko eta konpromiso publikoa adieraz dezaten eskatzeko.

Arabako ardogintza sektoreko sindikatuek Foru Aldundiaren aurrean egindako mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arabako ardogintzan lan baldintza hobeak bermatzen dituen hitzarmen baten alde ari dira mobilizatzen LAB, CCOO eta UGT. Ostegun honetan Batzar Nagusietan izan dira «geldiarazita» dagoen negoziazioaren berri emateko eta, bide batez, batzarkideek haien konpromiso publikoa adieraz dezaten.

Batzar Nagusietan agertu ostean, Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean ordubeteko kontzentrazioa egin dute, duela ia bi hilabete hasi zituzten mobilizazioekin jarraituz. Orain arte auto karabanak eta kontzentrazioak egin dituzte Arabako Errioxako hainbat upategitan.

LABeko kidea den Ibai Intxaurrondok gogorarazi duenez, lau arlotan banatzen dira sektoreko langileen aldeko aldarrikapenak eta «oso errealistak eta argiak dira».

Batetik, hitzarmen berriak langileen erosteko ahalmena mantentzen dela bermatzea nahi dute. Honen harira, negoziazioa hasi zenetik soldaten igoeran aldaketa batzuk eman direla diote, baina oraindik bermatuta ez dagoelakoan daude.

Bigarrenez, lan jardunaldiak jaitsi daitezen ari dira borrokan. Intxaurrondoren arabera, hamarkada bat baino gehiago daramate ordu kopuru berdina lan egiten, jaisteko proposamenik agertu gabe.

Bestalde, gaixotasun edo istripu bat gertatzekotan patronalak osagarriak hobetzea nahi dute, baina, hainbat bileraren ostean «berdin jarraitzen» dutela diote sindikatuek.

Laugarren alderdia kontratazioari buruzkoa da. Zehazki, enpresek aldi baterako kontratuak sei hilabetetik urtebetera luzatu nahi dituztela salatzen du intersindikalak.

Mobilizazioekin jarraitzeko «asmo argia»

Gauzak horrela, Intxaurrondok hitzarmenaren negoziazioaren bileretan «planteamendu ekonomikoak baino ez» daudela mahai gainean salatu du. Bide batez, hilaren 30erako aurreikusita dagoen hurrengo bileran aurrerapenik egiten ez bada, mobilizazioekin jarraitzeko «asmo argia» daukatela zehaztu du.

«Arabako Errioxako familia askoren baldintzetaz ari gara», gogorarazi du LABeko kideak. «Ez dugu ulertzen zergatik dagoen horrenbesteko erresistentzia upategien aldetik hitzarmena negoziatzeko, aldarrikapenak oso argiak dira eta», adierazi du.

«Asko hitz egiten ari da ardoaren jatorriaz azkenaldian, baina ez langileon eskubideetaz, hain zuzen sektorea aurrera ateratzen dugunon eskubideei buruz», defendatu du Ibai Intxaurrondok.

Horrela, aldarrikapenak datorren abenduaren 3an Gasteizen ospatuko den Ardoaraba jaialdira eramango dituztela gogorarazi dute, «jendeak eskatzen duguna entzun dezan eta mobilizazio eta aldarrikapenekin bat egin dezan».