INFO

Berrikuntzan egindako lanak badu saria

Irizar i6S Efficient ibilgailu berriak Sustainable Bus Award saria jaso du Milango mugikortasunaren azokan. Kontsumoak %13 murriztuta, koefiziente aerodinamikoa %30 hobetuta eta pisua 950 kilora arte murriztuta, Irizar i6S Efficient belaunaldi berriko ibilgailu jasangarria bihurtu da.

Autobus berria Europako azoka ugaritan ari dira aurkezten. (NAIZ)

Irizar i6S Efficient berriak Sustainable Bus Award saria jaso du, «Coach» kategorian, Milanen urrian ospatutako NME-Next Mobility Exhibition azokan. Irizarreko pertsonek azken urteetan landu duten berrikuntza proiekturik handienetako batean egindako lanaren aitortza dela nabarmendu dute gipuzkoar enpresako arduradunek.

Europako prentsa espezializatuko hainbat kidek osatu dute epaimahaia, eta Irizarrek i6S modeloa birdiseinatzeko duen gaitasuna nabarmendu dute, «efizientzia operatibo handiagoa lortzeko, hori funtsezkoa baita energiaren krisiak eragindako prezioen presioa nozitzen ari den sektore batentzat».

Kontsumoak %13 murriztuta, koefiziente aerodinamikoa %30 hobetuta eta pisua 950 kilora arte murriztuta, Irizar i6S Efficient belaunaldi berriko ibilgailu jasangarria bihurtu da, efizientziarik handiena lortzeko diseinatua.
Irizar Taldeko zuzendari nagusi Imanol Regok sariaren garrantzia nabarmendu du, izan ere, «teknologiaren eta berrikuntzaren bidetik jarraitzera animatzen gaitu, egunez egun mundu hobea eraikitzen ahaleginduz». Regok gaineratu duenez, «Irizarrek jasangarritasunaren alde duen konpromisoa irmoa da eta, hala, gure markaren DNA definitzen du».

Irizarreko langileek azken urteetan landu duten berrikuntza proiekturik handienetako batean egindako lanaren aitortza da saria. «Egungo garaietako erronka berriei heltzeko helburu sendorako bultzada da, Irizar etorkizuneko mugikortasun jasangarriaren funtsezko eragile bihurtzeko», azaldu dute enpresako arduradunek.

Aerodinamika

Errendimendu aerodinamiko bikaina edukitzea da autokar belaunaldi berri honen gakoa. Horrela, ibilgailuaren aurrealdearen zati bat eta sabaia aldatu egin dira. Gainera, haizetakoaren kurbaduran lan egin da, baita aurreko gainerako beiretan ere, airearen erresistentzia ahalik eta txikiena izateko. Gainera, atzerako ispiluen ordez ikusmen digitaleko kamerak jartzeko aukera eskaintzen du.

Beste erronka nagusietako bat pisua murriztea izan da. Osagai bakoitzaren pisua aztertu eta murriztu da, eta ibilgailuaren pisua birbanatu da, osagaion banaketa hobetzea helburu.

Erresistentzia handiko altzairuak eta material konposatu arinagoak erabili dira, material estruktural tradizionalak ordezkatzen dituztenak.