INFO

Hamalauna bertso Iruñeko finalerako

Amurrion abiatuko da larunbat honetan finalaurrekoen bigarren itzulia. Lehen itzuliko puntuaziotik abiatuta, hamalauna bertsora, hamalauna pausora, dago Iruñeko finala.

Aurreko asteburuko Durangoko saioan, bertsolariak oholtzara bidean. (Jon URBE | FOKU)

Abenduaren 18a gero eta gertuago, kinielak irekita, bertsozaleak aztoratuta eta bertsolariak estu. Final usaina dago. Larunbat arratsaldeon Amurrioko Bañueta kiroldegian txapelketak martxa bat gehiago sartuko du. Finalerdien bigarren itzulian sartuko da aurtengoa.

Puntuak puntuen gainean, abenduaren 18an Nafarroa Arenan abestuko dutenen zerrenda ixten hasiko da. Lehen itzuliko eta bigarren itzuliko puntuak batuta zehaztuko dira finalistak. 2017ko txapelketan Unai Agirrek erosi zuen finalerako azken txartela 1363,5 puntu batuta bi finalerdietan; saioko 681,5 puntuko batezbestekoarekin.

Hemezortzi bertsolari arituko dira finalerdien bigarren itzulian, hamar gizon eta zortzi emakume. Txapelketan abiatu ziren emakumeen %53 baino gehiagok jarraitzen du trenean. Eta finalaurrekoetan sartu zirenen artean, %80ak lortu du bigarren itzulira pasatzea. Gainontzean, uneotan 35 urtetan kokatzen da parte-hartzaileen batezbesteko adina. Finalerdietan bertsolari gazteena Joanes Illarregi izango da (Leitza, 1999) eta zaharrenak, Unai Agirre (Hernani, 1975) eta Aitor Mendiluze (Andoain, 1975).

Aldaketak ofizioetan

Finalerdien bigarren itzulian aldaketak izango dira egin beharreko ofizioetan. Orain arte ez bezala, hamarreko txikian abiatuko dute saioa bertsolariek. Normalean zortziko handian hasten dira eta saioa desberdin hasiko da beraz. Zortziko handian hastera ohituta daude bertsolariak eta lehen ale horietan saiatzen dira plazari neurria hartzen. Ea hamarreko txikian nola kokatzen diren.

Ondotik etorriko dira zortziko handia eta zortziko txikia. Fase honetan ez da seiko motzeko ariketarik izango, ezta puntuka binaka osatu beharreko ofiziorik ere. Aurreko fasean zeresana eman du binakako puntukako ariketak, bikote askok ez dutelako asmatu ariketari distira ateratzen. Fase honetan ganbarako ariketan erantzun beharko diete bertsolariek bi punturi. Puntu berak izango dira bertsolari denentzat, orekatua izango da hortik begiratuta. Eta seguru asko interesgarria izango da bertsolari bakoitzak puntu horiei zer punta ateratzen dien ikustea. Bukatzeko, gaia emanda, ganbaran hiruna bertso osatu beharko dituzte.

Epaile taldea ere aldatu egingo da fase honetan. Zazpi epaile arituko dira bertsolarien lana puntutan jasotzen. Honakoak: Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Amaia Otxotorena, Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda.

Txapelketa jendetsua

Txapelketa jendetsua izaten ari da aurtengoa, bertsozale asko ari da mugitzen plazaz plaza eta sumatzen da bertso gosea. Orain arteko saioetan 10.000 lagun baino gehiago mugitu dira. Irungoa izan da saio jendetsuena, 2.500 ikuslerekin. Finaleko sarrerak ere aspaldi daude agortuta.

Esandakoa, arnasa sakon hartu eta badoa txapelketa aurrera, abenduaren 18ko Iruñeko finala begietan hartuta. Bihar Amurrion, honako seikotea arituko da: Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita. Alaiak, lehen bueltan pilatutako 729,5 punturekin, begirada Iruñerantz jartzeko modua dauka, baina Amurrion ere lana egin beharko du puntu sorta poltsikoratzeko. Oihana Iguaran eta Aitor Bizkarra ere ez daude toki txarrean, puntu sorta polita daramate poltsikoetan horiek ere. Hautagai asko daude Iruñerako eta zazpi aulki huts bakarrik.