Alaia Martinek hegan egin du Iruñeko noranzkoan
Alaia Martin gailendu zen Amurrioko finalerdian 676 punturekin. Finalerako txartela kasik erosita dauka oiartzuarrak.
Abenduaren 18a gertuago, Iruñea hurbilago. Batzuk erortzen eta besteak lurra gogor zanpatzen, finalerako saltorako abiada hartzen. Bi mila lagunetik gora batu ziren atzo Amurrioko Bañueta kiroldegian, finalerdien bigarren itzuliko lehen saioan. Alaia Martin gailendu zen, 676 punturekin. Oiartzuarra oso toki onean kokatuta dago, puntu sorta ederra bizkarrean. Iruñeko finalari zuzen begiratzeko moduan da.
Eta seguru horrela begiratuko diola, zuzen, txapelketa honetan erakusten ari den begiratu propio eta ausartarekin. Hasi eta buka goitik aritu zen Amurrion. Hamarreko txikian Enbeitarekin abiatu zuen saioa eta gaia ere parera etorri zitzaien. Hilabeteak zeramatzaten sexu jolasean eta Enbeitak aitortu zion maitemindu egin zela. «...nahiz poz ematen didan gu bion batzeak/ beldurra ematen dit gero min hartzeak», ireki zuen bidea Martinek. Eta Enbeitak, «baina bizitzak mina ematen digu maiz / gauza eder guztiek daukate zerbait gaitz / handi ikusten zaitut gorputzez ta bisaiz/ ta hobe argitzea egoera garaiz/ sua eman zenidan ta erre egin naiz».
Enbeitak oso arratsalde ederra josi zuen, puntuetatik aske igarri zen, gozatzen eta ekarpenak egiten. Zortziko handian ere goitik jarraitu zuen Martinek, Bizkarrarekin. Epaile batek ez zien utzi beren haur jaioberriari nahi zuten izena jartzen. «Epaile batzuk ez baitaukate ez errespetu ez senik/ euskarafobo izaten dira hor dauden asko maizenik/ etzuen uste Hazia izena izen egokia zenik/ epaile horrek egindakoak niretzat ez du izenik».
Eta Ganbarakoan lan bikaina egin zuen, lehen lerrora ekarriz oso gai naturala izanagatik bertsoaren plazan apenas oihartzunik izan duen egoera. Hauxe zen gaia: Gaur arte ez zara ausartu. Oraingoan erantzun egin duzu. «Kafetegian nengoen pozik nire aldartean / txikia ta biok lehen egonak ginen parkean / kafe bat eskatu dut ta eseri gara atean / ta ondoan begiradak mintzeko borondatean / oraindik ere titian, oraindik ere katean/ ta hala erantzun diot defentsan ez atakean/ bularra emango diot hala nahi dugun artean».
Bizkarrak 651,5 puntu
Bigarrena Aitor Bizkarra izan zen. Saio erregularra osatu zuen, erori gabe, eta bidean perlak utziz. Hamarreko txikian Labururekin aritu zen, balleta egiten duten bi neraberen azalean. Bizkarrak balleta uztea zuen buruan. «Ez diot ez duzunik laguna arrazoi/ ordea bi mallakin hor dantzan bi morroi/ gaur egunean ere ez da gustatu ohi/ nahiz oskolez moderno garen sasoiz sasoi/ mamiz segitzen dugu oso atzerakoi», bigarrenean.
Hirugarrena, Oihana Iguaran izan zen. Saioan ez zuen erabat gozatu, baina erorialdi nabarmenik ere ez zuen izan. Ganbarako lanean, puntu erantzunean, poto bat egin zuen. Horrek zamatu zuen bere puntuazioa. Ganbarako bakarkakoan ale bikainak utzi zituen, bikain josiak eta kantatuak. Hauxe, bigarrena: «Tabernatik heldu da ta liskarra zen ikuskizun/ marmarka gerturatzen zait ta guztia tonu aizun/ berekiko amorrua nere bizkar jarri nahi zun (bis)/ eta mespretxua isun/ beti gordetako hitzak gaur nahi dizkizut erantzun / ze nik mantendu zaitut zu eta ez dakit dakizun/ hormak zuk pagatu arren etxe bat nik eman nizun». Ganbarako hirugarrena ere maila beretik, goi-goitik, baina azkeneko puntuan lapsus txiki bat izan zuen.
Laugarrena, puntutan Iguaranekin berdinduta, Onintza Enbeita izan zen. Muxikarrak hasierako agurrean txantxa kolorean esan zuen negar egitera bakarrik etorri zela. Baina ez, bertsotan egin zuen eta ondo gainera. Puntuen motxila erantzita sumatu zen eta gozatu egin zuen. Ganbarakoan, bide ausarta. «Egunkarira iritsi nintzen gazte bekadun bezela/ lehen egunean ikusi nuen asko gizonak zirela/ komentario edo txiste bat batzutan txarra, krudela/ ta mingainari haginka dakit ikasi nuen horrela / gaur ikusi dut arlo burua niregana zetorrela/ titietara begiratu dit dakit ondo dakiela/ ta esan diot aldegin hortik badut aurpegi epela/ ta hala orain esan ezazu histerika bat naizela».
Bosgarrena Agin Laburu izan zen. Ez zuen bertso arratsalde distiratsua osatu eta ganbarakoan erabat biluztu zela aitortu zuen, bere aitari buruzko bertso gordinekin. Txalotua izan zen ariketa.
Seigarrena, Miren Artetxe. Txapelketari zigilu propioa jartzen asmatu du eta atzo ere bide horretatik aritu zen. Ganbarakoan hainbestetan «zuk zer jakingo duzu ba» esan dion senarrari abestu zion. «Entzun dut eta inertziz ditut nere begiak aparta / baina sakelan botilatxo bat dut ta zianuroa dauka/ kafesnea hartu ta bota diot likidoa tantaz tanta / hari begira zeharka/ nahi gabe baina dardarka/ ta esan diot hortxe tostada, kafesnea eta Marca/ ta pentsatu dut goza ezazu azken gosaria da ta».
Beste bi finalerdien zain, finalerako lehiak bizi-bizi segitzen du. Puntuen dantza espero da azken unera arte.
AMURRIOKO PUNTUAZIOA
676 Alaia Martin
651,5 Aitor Bizkarra
632,5 Oihana Iguaran
632,5 Onintza Enbeita
624 Agin Laburu
595,5 Miren Artetxe