INFO

Ezkurdia, 2022ko Lau eta Erdiko txapelduna

Final epiko batean, arbizuarrak bere hirugarren txapela lortu du, Altuna handi batek are ederragoa egin duen finalean (22-21).

Joseba Ezkurdia, pozarren txapela buruan duela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kaiolan libreago sentitzen den txoria dela idatzi genuen Joseba Ezkurdiak uda honetan Unai Lasoren aurkako nafarroakoa irabazi zuenean eta kaiola bere egin duela berretsi dezakegu gaur arbizuarrak Bilbon irabazi duen hirugarren txapelarekin. Zenbakiez harago, Jokin Altunak, kaiola bere berea duen beste azti batek are ederragoa egin baitu garaipen hau, toke epikoak emanaz. Pena izango du amezketarrak, latza gainera, beregan ohikoa ez den akats batekin ihes egin baitio une batez berea zuela uste zuen txapelak, baina gaurko aurkariak exijitu dionarekin, ez da harritzekoa akatsak egin izana.

Emaitza berarekin galdu zuen amezketarrak bere lehen finala, Oinatz Bengoetxearen aurka, eta hura ere bikaina izan bazen, gaurkoa esan genezake fisikoki askoz exigenteagoa izan dela, baina biek bikain prestatuta daudela erakutsi dute, partida benetan latza eskainiz.

Ez da erraza izaten finalak onak irtetea, baina irteten direnean luxu bat dira eta gaurkoa ikaragarria suertatu da hasiera-hasieratik, biak erritmo bizian eta aurkariak emandako aukerarik txikienari ere etekina ateraz. Duela 69 urte modalitate hau lehenengoz martxan jarri zutenean ezingo lukete imaginatu ere egin joko honetara halako abiaduran halako prezisioarekin jokatu ahal izango zenik. Azken urteetako bi espezialistarik onenak ziren aurrez aurre Bizkaia pilotalekuan eta gaurkoa ikusita inork jarri ahal izango du hori zalantzan.

Erritmo latza

Erritmo bizi horretan, hasieran Joseba Ezkurdia erosoago sentitu da kantxan, ekimena eramatea zuen helburu arbizuarrak eta lortu du, baina biek erakutsitako defentsa izugarriarekin tantoak luzatu egin dira. Sakeaz asko hitz egin da aste hauetan baina ez diote min askorik egin elkarri lehen pilotakadarekin, nahiz eta hala lortu duen nafarrak bere lehen tantoa. Partidan bi baino ez ditu egin sakandarrak, eta bat ere ez du lortu Altuna III.ak.

Azkar antzean eskatu du bere lehen atsedenaldia amezketarrak, (3-3)koan, eta Gorka Altuna lehengusuak eman dizkion masajeengatik nekeak erasan ziola ematen bazuen ere, partidak bere gordintasunean eta edertasunean jarraitu du.

Halako finalek eskaintzen dituzten pribilejioetako bat da partida txapeldun handien alboan jarraitzea eta Juan Martinez de Irujo edo Oinatz Bengoetxea bezalako bi maisuk ere ahoa bete hortz jarraitu dute partida, irratiko mikroetan partida laburbiltzeko adjetiboak topatu ezin.

Bakoitzak bere estiloan, partida euren eremura eramaten saiatu dira, Altuna ezker gantxoarekin tantoak bikain asmatuz eta agian baita gehiegitan ere, Joseba Ezkurdia ere ezker gantxoarekin sar zedin saiatuz, handik min gutxiago egingo ziolakoan.
Etekinik ere eman dio estrategia horrek bigarren atsedenaldi luzearen ondoren partidako alderik handiena ere lotu baitu gipuzkoarrak (16-19). Gutxitan egiten diote ihes halako partidak Altunari, baina, baina Ezkurdiaren ezkerrak ere badu arriskurik eta ondo zabaldutako pilotakada batean sakea berreskuratu du sakandarrak.

Eta amaiera latz horretan, partida edozein aldetara eror zitekeen, baina buruz ere lehen mailako pilotaria bilakatu da arbizuarra eta unerik latzenetan hortzak estututa, bere hirugarren txapela eskuratu du lau eta erdikoan, hirurak Jokin Altunaren aurka lortuak eta joko honen historian ere bere tokia baduela aldarrikatuz.