INFO

2.000 milioi euroko aurrezpena ekarriko lukeen AHTren ordezko tren soziala aurkeztu dute

Tren sozialaren aldeko plataformek Abiadura Handiko Trena (AHT) baino eragin txikiagoa eta 2.000 milioi euroko aurrezpena ekarriko lukeen tren ibilbidearen proiektua aurkeztu dute astearte honetan, «benetako alternatiba soziala» eskaintzeko asmoz.

Araba Tren Sozialaren Alde plataformako kideek proposamena aurkeztu dute astearte honetan Gasteizko tren geltokian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arabako, Nafarroako eta Burgoseko Tren Publiko eta Sozial baten Aldeko Plataformek Abiadura Handiko Trenerako «benetako alternatiba soziala» eskaini dute, «eguneratua eta eraginkorra» izango den eta 2.000 milioi euroko aurrezpena ekarriko lukeen trenaren proiektua aurkeztuta.

Proiektuaren behin betiko txostena ezagutarazi dute astearte honetan Iruñean eta Gasteizen eginiko agerraldietan. Azken honetan Iñigo Leza eta Endika Ruiz de Loizaga Araba Tren Sozialaren Alde plataformako kideek eman dituzte xehetasunak. Urtebeteko lana izan dela zehaztu dute, 16.000 euroko kostua izan duena. Gainera, Kimetz Munitxa, David Andres eta Ignacio Rubin Bide ubide eta portuetako ingeniarien lana nabarmendu dute.

Proposamen honen helburua «teknikoki bideragarria izango den benetako soluzio bat» ematea izan da. Sorburua plataformen eta Adif eta Renfen ordezkaritza duten sindikatuen artean joan den maiatzean lortutako akordioa izan dela gogorarazi dute.

Proiektu honen kostua espainiar Garraio Ministerioak planteatzen duena baino «askoz txikiagoa» izango litzatekeela defendatu dute, zehazki, 1.954 milioi euro gutxiago kostako litzateke tren sozialaren proposamena.

Bidaien denborari dagokionez, Burgos eta Gasteiz arteko bidea 40 minutuan egingo litzatekeela zehaztu dute, eta, Arabako hiriburua eta Iruñea artekoa 38 minutuan. Gobernu espainiarrak proposatzen duen proiektuan bi ibilbideetarako ordu erdiko iraupena aurreikusten da.

Gainera, eskualde mailako salgaiei eta biztanleei zerbitzua ematen dien gaur egungo zerbitzuen «etengabeko beherakada» saihesten duela argudiatu dute, korridorea «trenbide zabor» batean bilakatu ez dadin.

Lanak «berehala» gelditu eta lizitazio berririk ez

Hortaz, aukera hau aztertu ondoren, egiten ari diren tarteen lanak «berehala» gelditzea eta tarte berririk ez dadila lizitatu exijitu dute plataformetatik. Bide batez, espainiar Gobernuari eskatu diote egungo trenbideak egokitzeko eta hobetzeko azterlana egin dezala, aurtengo aurrekontuetarako onartutako partida burutuz eta Tren Publiko eta Sozialaren Aldeko Plataformek aurkeztu berri duten azterlana oinarritzat hartuz.

Pasa den ekainean Araba eta Nafarroako 50 kontzeju eta udalerritako ordezkariek Diputatuen Kongresuan trenaren azpiegituren hobekuntza eskatu zuten. Irailean, Gobernu espainolak Araban duen ordezkariarengana jo zuten eta azpiegiturak hobetzeko azterlana «lehenbailehen» gauzatzeko eskatu zioten Arabako toki erakundeetako hainbat alkate eta kontzeju-presidentek.

Oraingoan, Iñigo Lezak aurkezpenean zehaztu duenez, espainiar Gobernuaren ordezkariak plataformek egin berri duten azterketa eskatu du eta bidaliko zaio. «Espero dugu kontuan hartzea», nabarmendu du Lezak.

«Proiektu serioa da, eta oso kontuan hartu beharko lukete arlo publikoa kudeatu behar duten guztiek, interes orokorraren berri eman behar duten guztiek eta, azkenik, lan publikoa fiskalizatu eta gizarte-ekitatea bilatzen duten guztiek», agertzen dute proiektuaren laburpenaren aitzinsolasean.