INFO

Usansolo udalerri izateko araua onartuko dute asteazken honetan Bizkaiko Batzar Nagusiek

Ezustekorik ez bada, Bizkaiko Batzar Nagusiek asteazken honetan bozkatuko dute Usansolo udalerri berri bilakatzeko araua. Gauzak horrela, herrialde honetako 113. udalerria izango da urteetako aldarrikapena gauzatuz. Usansolon udalerria izango direla ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte.

Usansoloko herritarrek desanexioaren alde egindako ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bizkaiko Batzar Nagusiek asteazken honetan onartuko dute, ezustekorik ez bada, Usansolo udalerri berria izateko araua, Galdakaotik banandu eta gero.

Gauzak horrela, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izango da. Eztabaida eta bozketa baino lehen Batzar Nagusietako Batzorde Instituzionalaren oniritzia jaso du proposamenak. Honekin batera, urriaren 11n batzordean ere onartu zen, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen botoekin. PSEk aurka bozkatu zuen eta Talde Mistoak abstentziora jo zuen. Aurreikusten den bezala, talde bakoitzak bere jarrera mantentzen badu, Usansolo udalerri bilakatuko da.

Onartuko denaren arabera, Usansoloko Udalak 4.500 biztanle izango ditu eta orain arte Galdakaoko Udalarentzat lan egiten duten 25 langile arituko dira.

Udal berriak planeamendu urbanistikoa onartu arte, Galdakaokoa erabiliko dute Usansolon.

Honekin batera, Galdakaoko Udalak Usansolon dituen ondasunak udal berrira pasako dira. Usansoloko Udalak argiak, garbiketa eta saneamenduaren ardura hartuko ditu, udalerri berrian egongo diren liburutegia eta kiroldegiarekin batera.

Beste zerbitzu batzuk, hilerria, musika eskola edo euskaltegia kasu, bi udalerriek amankomunean kudeatuko dituzte.

Batzar Nagusien bozketarekin Usansoloko biztanleek urteetan egin duten aldarrikapena lortuko dute. 2011n Usansolo Herria plataforma osatu zen eta egun bi zinegotzi ditu Galdakaoko Udalean. Ibilbide honetan udalerri berria sortzeko EAJk trabak ipini izan dituela salatu dute.

Bozketan izateko autobusa antolatu du Usansolo Herriak Gernikara joateko. Gai ordenaren lehen gaia izanik, udalerri berriaren araua onartu bezain laister Usansolora itzuliko dira. Arratsalderako kotxe karabana zaratatsua abiatuko da udalerria direla ospatzeko eta 18.00etan topa egingo dute txokolate eta xanpainarekin. Ondoren, dantzaldia izango da.

Joan den martxoaren 27an egindako galdeketa ofizialean 2.302 lagunek parte hartu zuten kontsultan eta horietatik 1.877 baiezko (%81,54), 329 ezezko (%14,29), 47 «ez daki-ez du erantzuten» (%2,04), 21 zuri (%0,91) eta 28 baliogabe (%1,22) izan ziren.