INFO

Autodeterminazio eskubidearen arautzea aldarrikatu du Gure Eskuk, Eskoziako kasuari begira

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Eskoziaren autodeterminazio eskubideari atea itxi ostean, Gure Eskuk «autodeterminazio eskubidearen arautzea» aldarrikatu du. Euskal Herrira begira «determinazioz jokatzeko garaia» dela eta «olatu demokratiko berriak ahaldunduta harrapatu behar gaituela» iritzi du.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu, aurreko agerraldi batean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak gaur bertan erantzun dio Eskoziako Gobernuak egindako galderari. Gorenaren hitzetan, Edinburgok ez dauka erreferendum bat antolatzeko eskubiderik. Aho batez ebatzi du Eskoziako Parlamentuak ez duela beste erreferendum bat antolatzeko legeak egiteko ahalmenik, eta, kontsulta-izaera izan arren, gai erreserbatu bati eragiten dioten «ondorio politiko garrantzitsuak» izango lituzkeela defendatu du.

Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileak balorazio bat egin du gaur eguerdian Bilbon: «Eskozia bere etorkizuna erabakitzeko determinazio handia erakusten ari da. Oztopo guztiei aurre egiteko ausardia ere bai. Ziurtasun osoa dugu eskoziarrek bigarren erreferenduma egin egingo dutela. Era batera ala bestera, aurrera egingo dutela. Ziur gauden moduan euskal herritarrok ere hori egingo dugula».

Ebazpenaren ostean, bi hausnarketa plazaratu ditu Etxaburuk. Alde batetik, autodeterminazio eskubideari buruzko auzia «Europa mailan» jokatu behar dela eta Europak «baduela zer esana». «Estatuen barne arazotzat jo izan da, baina guk uste dugu ez dagoela barne gatazkez hitz egiterik, demokrazia auzitan dagoenean, gatazken ondorioek berehala zeharkatzen baitituzte estatuen mugak. Zentzu horretan, Europa mailan subiranotasunaren lurralde gatazkei konponbide demokratikoa emateko tresnak behar ditugu», aldarrikatu du Gure Eskuren bozeramaileak.

Euskal Herrira begira, aldiz, Europan «olatu demokratiko berriak» sortuko direla iritzi du Etxaburuk, baina «ezin dugu horien zain geratu» eta «determinazioz jokatzeko garaia» dela gaineratu du. «Ahaldunduta harrpatu behar gaitu. Hurrengo olatuak hartu nahi baditugu, igerian, lanean, harrapatu beharko gaituzte. Guk ere joka dezakegu determinazioz. Guk ere joka dezakegu burujabe, aukerak noiz sortuko zain egon baino, aukera berriak sortuz».

Bai Eskozian bai Euskal Herrian errepikatzen den argudioetako bata «ez dela tokatzen» izaten ari da. «Bai, tokatzen da, tokatzen da subiranotasuna behar dugulako, herritar gisa, bizitza duinagoak izateko, eta herri gisa, aurrera egiteko. Subiranotasuna da egungo erronka globalei erantzuteko modu eraginkorrena eta autodeterminazio eskubidearen arautzetik etorriko da».