INFO

Bera Bera indartsu itzuli da; porrota jaso dute Zuazok eta Beti Onakek

Donostiarrek lider jarraitzen dute Aula Valladolid nagusitasunez garaituta (31-22); bizkaitarrek eta nafarrek, aldiz, ezin izan zuten La Calzada (22-26) eta Rocasarekin (28-24), hurrenez hurren.

Esther Arrojeria, taldeko gidari ez ezik, golegile nagusia izan da Aula Valladoliden aurka. (Jon URBE | FOKU)

Kasik hilabeteko atsedenaldiaren ostean –eskubaloiko Europako txapelketa jokatu dela-eta– ,Ohorezko Mailako partiden itzulera eman da asteburu honetan eta euskaldunei dagokionez, txanponaren bi aldeak ikusi dituzte. Bera Bera, egungo liga txapelduna, indartsu itzuli da, Europako txapelketa jokatu duen Esther Arrojeriaren gidaritzapean. Usurbildarrak apenas izan du atsedenerako tarterik baina badirudi ez duela horretarako beharrik ere.

Donostiarrek 31-22 irabazi dute Aula Valladoliden aurka eta beraz, lidertzan jarraitzen dute, Rocasarekin berdinduta eta kanariarrek baino partida bat gehiago jokatuta. Valladolideko taldeak aurreneko minutuetan estu hartu du egungo liga txapelduna baina behin etxekoek 6-0ko partziala ezarri dutela –Laura Hernandez hiru gol, Boadaren bi eta Maitane Etxeberriaren gol batekin–, garaipena erdi bideratuta utzi duten (10-4, 17. minutuan). Atsedenaldirako, aldea are handiagoa izan zen (16-8) eta beraz, iraultzeko ezinezkoa Gaztela-Leongoentzat.

Donostiarrek bide beretik jarraitu dute eta azkenerako, 31-22ko markagailuarekin lortu dute garaipena. Nabarmentzeko, meniskoko lesio baten ondotik hiru hilabete kantxetatik at egon ostean, Malena Cavo argentinarra berragertu dela –albiste oso pozgarria EHF European League txapelketako azken kanporaketara begira–; eta berragertu ez ezik, lau gol ere egin zituela.

Txanponaren beste aldeak Zuazo eta Beti Onak izan dira. Bizkaitarrek, Motive.co Gijon talde asturiarra jaso dute etxean, Lasesarren, baina hasiera-hasieratik markagailuan atzetik hasi eta nekeza egin zaie asturiarrei hortzak erakustea (22-26).

Apur bat estuago hartu dute atarrabiarrek Rocasa talde kanariarra. Ia lehen zati osoan markagailuan aurretik joan ostean, kanariarrek berdindu egin dute atsedenaldiaren aurretik. Bigarrengoan, lehia oso parekatua egon da, etxekoek, 43. minututik aurrera, 5-1eko partziala lortu eta garaipena bideratu duten arte (28-24).