INFO

Zigorgabetasunaren salaketa Orbaizetan, Mikel Zabalzaren jaiotetxearen atarian

Mikel Zabalza gogoratu dute igande honetan bere jaioterrian, Orbaizetan, jaiotetxearen atarian, etxekoen ondoan eta «Naparra»-ren senideekin. Barrionuevoren adierazpenak gogoan, zigorgabetasuna salatu eta sekretupeko agirien desklasifikazioa eskatu dute.

Mikle Zabalza oroitzeko ekitaldia Orbaizetan. (Mikel Zabalza gogoan)

Bere jaiotetxearen atarian, Orbaizetako Olan, gogoratu dute Mikel Zabalza igande honetan, bere heriotzatik 37 urte betetzen direnean. Bertatik, «egia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea» aldarrikatu dute. Bide horretan, agiriak desklasifikatzeko eskaera berretsi dute.

Alex Arregiren doinuek bildu dute parte hartzaile ezberdinen hitzak izan dituen ekitaldia. Urtero bezala, Mikel Zabalzaren oroimen harriaren aurrean aurreskua dantzatu du haren iloba Garazi Iribarrek.

Senideen eta lagunen ondoan, Eneko Etxeberria 1980. urtetik desagertuta dagoen Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’-ren anaiak hartu du parte Mikel Zabalza gogoan herri ekimenak gonbidatuta, «haien kausatik hurbil» sentituta.

Lore eskaintza egin dute Orbaizetako Udalak, herri ekimenak eta Naparraren familiak. Arantza Zabalza Mikelen arrebak eskerrak eman dizkie bertaratukoei.

Orbaizetan jaioa, Altzan bizi zen gaztea Guardia Zibilak atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuenean. Hilik agertu zen hogei egun beranduago, tortura zantzuekin, Bidasoa ibaian.

Gogoratu dutenez, familiak herrikideek bezala, ez zuten inoiz sinetsi bertsio ofiziala, eta horrekin lotuta, garaian Espaniako Gobernuko barne ministroa izan zen Jose Barrionuevoren azken adierazpenak izan dituzte hizpide.

«Iraingarria egiten zaigu»

«Iraingarria egiten zaigu ministro batek, Barrionuevok, alegia, lotsarik gabe eta inpunitate osoz babestea eta goraipatzea GALen eta Estatu indarkeriaren inguruko jardun eta ekinbideak», adierazi du Eneko Villegas ‘Mikel Zabalza gogoan’ herri ekimeneko kideak.

«Hainbat kasutan egia argitzeko» beharrezkoa den sekretupeko dokumentuen desklasifikazioa aipatu dute. «Bere burua demokratikotzat duen estatu batek ez lituzke hainbeste urteren ostean sekretu hauek gordeta eduki behar», esan dute.

Azpimarratu dute, bestalde, legez blindatzen dituztela sekretuak baina dokumentu ofizialik gabe ere «egiak bide egiten» duela «aspaldiko audio batzuetan edota estatuko indarkeria maneiatu duten horien ahotsetan».

Gogora ekarri dute, bestalde, Mikelen kasuak pasa den otsailean eduki zuela lehen errekonozimendu instituzionala, 36 urte eta gero. «Orain, 37. urteurrenean, egia osoa eta justizia falta zaizkigu», azpimarratu dute.