INFO

Bizkaiko gasolindegietako greba bertan behera, aurreakordioa lortuta

Bizkaiko gasolindegietako 2020-2022 hitzarmenean aurreakordioa adostu dute patronalak eta CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. ELArentrat «ez da nahikoa» eta kanpoan geratu da. Abenduaren 1etik 5erako eginiko greba deialdia bertan behera utzi dute.

Bizkaiko gasolindegietan deitutako grebak bertan behera utzi dituzte aurreakordio baten ostean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aevecar eta Estaservi-Cebek patronalek aurreakordio bat lortu dute CCOO, LAB eta UGT sindikatuekin batera Bizkaiko gasolindegien 2020-2022 hitzarmena sinatzeko. 600 langile ditu sektoreak. ELArentzat, hala ere, adostutakoa «ez da nahikoa» eta kanpoan geratu da.

Indarraldia 2020-2022koa da, eta soldata-igoera hauek ditu: %1,2koa, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzerapenekin; 2021erako ez da igoerarik izango, eta 2022rako %6,1eko igoera, urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Gainera, aldi baterako kontratuak 6 hilabetetik 12 hilabetera luzatuko dira, Gipuzkoan itundu den bezala; 16 orduko lizentzia emango da lehen mailako senideei mediku-laguntza emateko, hitzarmenean berariazko klausularik sartu gabe eta, ondorioz, Langileen Estatutuan jasotako erregulazioa aplikatuta.

Sindikatuen arteko desadostasunak

LAB sindikatuak ohar batean adierazi duenez, «hiru urteko negoziazio gogorra ixteko eta 2023an negoziazio berri bati ekiteko aukera ematen diguten gutxieneko batzuk betetzen ditu» aurreakordioak. «Erosteko ahalmenari eustea eta hobekuntza sozialak» lortzea ahalbidetuko dielakoan daude.

Gainerako sindikatuak ere interpelatu ditu LABek: «Ez dezagun ahaztu CCOO eta UGT prest zeudela eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat sinatzeko, horrek dakarren guztiarekin. ELAk, bestalde, negoziazio-estrategia arduragabea eta korporatiboki interesatua erakutsi du».

UGTk aurreakordioak «langileentzako hobekuntzak» eta «aurtengo KPIaren soldata-igoerak» aurreikusten dituela baloratu du. Halaber, senideei mediku-laguntza emateko 16 orduko lizentzia nabarmendu du.

ELAk, bere aldetik, patronalaren proposamena «ez dela nahikoa» jakinarazi du. Izan ere, enpresek «sekulako irabaziak» izan arren, %7,3ko soldata igoera eskaini du hiru urterako. Bide batez, KPI negatiboa ez dela aplikatu behar eta ez aplikatzeko klausula eguneratu behar dela uste du, «hitzarmenean agertzen denak ez baitu bermatzen adostutakoa errespetatuko denik».

Patronalaren «ahalegin handia»

Cebekek jakitera eman duenez, sektorea osatzen duten enpresa txiki eta ertainek akordioa ixteko «egindako ahalegin handia» azpimarratu dute, «KPIa berdintzen baitu, eta hori oso baldintza onak dira langileentzat». «Hori guztia, salmentak 2019koak baino %30 gutxiago izan arren», gaineratu du.

Era berean, Cebekek adierazi du patronalaren aldetik kontuan izan dela «bezeroei kalte egin nahi ez izatea», lanuzteekin edo mobilizazioekin.