Mikel Gonzalez izango da Athleticen kirol arduradun nagusia
Lezamatik datoz albisteak. Harrobiko emaitzekin batera, lehen taldea entrenamenduetara itzuli da eta Jon Uriarteren zuzendaritza batzak Mikel Gonzalez izendatu du futbol zuzendari kargurako.
Mikel Gonzalez izango da Athleticen kirol arduradun nagusia. Lehen taldearen inguruko erabakiak hartzearekin batera, Lezama eta emakumezkoen egituraz ere arduratuko da. Klubaren futbol zuzendaria izendatu dute. Jon Uriartek hauteskunde kanpainan iragarritako kirol zuzendari kargua hartuko du.
Mikel Gonzalez zuzendaritza berriarekin iritsi zen Athleticera. Jokalarien garapena eta lagapenak izan dira bere eginkizun nagusia, baina kirol arloaz arduratu den batzordeko kideetako bat izan da. Valverdek egindako lan ona goraipatu zuen orain dela aste batzuk. Izan ere, azken asteetan bolo-bolo zebilen zurrumurrua baieztatu da. Kanpora begiratu ordez, Athleticen zuzendaritzak Mikel Gonzalezen aldeko apustua egin du.
34 urte ditu, bizkaitarra da eta Alaves eta Eibarko harrobian lan egindakoa. Talde arabarrak Kroazian duen proiektuaz ere arduratu izan da.
Athleticek aurkezpen prentsaurrekoa antolatu du San Mamesen biharko. Aldi berean, jakinarazi du bere kargua ordezkatzeko pertsona bat bilatzen ari dela. Orain dela aste batzuk Eneko Boveda jokalari ohia sartu zen Mikel Gonzalezen lan taldean eta baliteke durangarraren aldeko hautua egitea zuzendaritza berriak.
Aurre-denboraldi berri bat
Amaitu dira Athleticen lehen taldeko jokalarien oporrak. Bi aste izan dituzte entrenamendurik gabe eta astelehen goiz hontan bueltatu dira lan saioetara. Munduko Kopan parte hartzen ari diren hiru jokalariak gabe -Unai Simon, Iñaki eta Nico Williams- hasiko dira txapelketaren itzulera prestatzen. Azken partidetan jokatu gabe izan zen Dani Garciak taldekideekin batera entrenatu du.
Lehen norgehiagoka ofiziala abenduaren 20an, asteartea, izango da Sestao River taldearen kontrako Kopako kanporaketan. Abenduaren 29an, aldiz, Ligako partida jokatuko dute Betisen zelaian.
Bi asteko etenaldiaren ondoren, erritmoa berreskuratzeko adiskidantzazko hiru partida antolatu ditu Athleticek. Abenduaren 11an, Chivas talde mexikarraren aurka neurtuko dituzte indarrak San Mamesen. Abenduaren 15ean Burgosen zelaian jokatuko dute eta 17an Udinese taldeari egingo diote bisita.
Bilbao Athleticen porrota Pallaresekin
Zale zuri-gorriak harrobiari begira egon dira azken asteetan. Bilbao Athleticen entrenatzaile aldaketa egon da emaitza kaskarren ondorioz. Alex Pallares kataluniarrak igandean egin zuen debuta bigarren taldearekin eta galdu egin zuten Osasuna Promesasen kontra (3-2). Nafarrek bi gol egin zituzten lehen hamar minutuetan. Lehoikumeek partida berdintzea lortu zuten bigarren zatian. Jon Cabok egin zuen lehen gola eta Velezek luzapenean egin zuen bigarrena korner batean.
Hala ere, puntuak ihes egin zien zuri-gorriei azken jokaldian. Alex Padilla atezainak huts larria egin zuen, zerutik erorita zetorren baloi batek ate barruan amaitu baitzuen. Bilbao Athleticek sailkapenaren azken postuan jarraitzen du.
Bestalde, Gurpegiren Basconiak 2 eta 3 irabazi zion Patxi Salinasek zuzentzen duen Portugaleteri. Bigarren postuan kokatuta daude Hirugarren Federazio mailan.
HARROBIA I Gure bigarren filialak markagailua irauli du garaipen handi bat lortzeko La Floridan jokatu den 3ª Federacion txapelketako hamaikagarren jardunaldian. @clubportugalete 2⃣-3⃣ @cdbasconia
— Athletic Club (@athletic_eus) November 27, 2022
⚽️ Mattheus (p.), Barandalla, Varela.
#AthleticLezama 🦁 pic.twitter.com/uGVNp2PXjo
Gazteen mailan ere partida garrantzitsua jokatu zuen Bittor Llopisen taldeak Zubietan. Bana berdindu zuten Realaren kontra eta sailkapen nagusian laugarren postuan daude. Eibar dago lehen tokian 29 punturekin, Antiguoko bigarrena da 27rekin, Realak 26 ditu eta Athleticek 25.
HARROBIA I Gazteak A taldeak gaur goizean Zubietan jokatu den Ohorezko Mailako 12. jardunaldiko neurketan berdindu du.@RealSociedadEUS 1⃣-1⃣ #AthleticClub
— Athletic Club (@athletic_eus) November 27, 2022
⚽️ Gaizka Alboniga#AthleticLezama 🦁 pic.twitter.com/XoNLFxPIp7