INFO

Euskal kultura nazioarteko mapan jarri zuen Jakes Abeberry zendu da

Jakes Abeberry zendu zen bart 92 urte zituela. Gizon jantzia, abertzalea muineraino eta prentsa editorea, lorratz handia utzi du, euskal identitatea errotu eta modernizatu zuen belaunaldiko partaide izan zena. Bere aldeko hiletak abenduaren 5an iraganen dira Miarritzeko Sainte-Eugenie elizan.

Jakes Abeberry, 2020an. (Bob EDME)

«Ez naiz batere nostalgikoa, datorrenari so bainago. Hurrengo hauteskunde kanpainari, esaterako...». Bizi-bizi eta irribarre sotil batekin jaurtitako esaldi honek islatzen du utzi gaituen Jakes Abeberryk bere bizitzan erakutsi zuen sena. Esaldia bota zuenean ‘gazteagoa’ zen (82 urte orduan; bederatzi urte igaro dira ordutik), baina etorkizunari adi eta egunerokoari adoretsu eutsita bizi denaren tankera berezia zuen gizona izan zen beti Jakes Abeberry. Gaur asteazkenean hil da.

Aipatutako esaldia ‘Sur les pas de Jakes’ dokumentalean entzun genion, filma Fipa-n (Biarritzeko nazioarteko zinema dokumentalaren jaialdia) estreinatu zenean. Bertan, omenaldia egin zioten 2013an Abeberryri.

Izan ere, Biarritz Cultura udal erakundean egindako lanari esker, lehen mailako kultur ekitaldiak ekarri zituen Lapurdiko hiri dotorera eta, bide batez, Euskal Herrira, militante abertzale historiko honek... nahiz eta, eskuineko zentroko Didier Borotrarekin lehen akordioa lortu zuenean, «batzuek espero zuten euskal dantza bakarrik programatuko genuela».

Abeberryk nazioarteko kulturaren mapan jarri zuen Biarritz eta, aldi berean, hiri euskaldunagoa utzi du joan denean. Eta horrek plazera ematen zion.

Dantzan, Pirinioen magalean

Abeberry gure herriaren historiaren lehen mailako protagonista eta lekukoa izan da. Garai nahasietan aktore aktiboa, Ipar Euskal Herriaren bizitza sozial eta kulturalean erroko aldaketak eragin zituen. Pirinioen magalean kantatzen eta dantzatzen duen herri baten ordezkari dotorea izan da Jakes Abeberry.

Euskaltzaleen leinu bateko partaidea, aita okina zuen, ama irakaslea. Bost anaiaren artean –Albert, Pierre, Maurice, Jakes eta Jean-Claude edo Koko– laugarrena zen. Haietatik hiru abokatu atera ziren –Maurice, Jakes eta Koko–, bizitza politikoan oso aktiboak izan zirenak, errefuxiatuen alde egindako lanagatik eta, oro har, kultura, kirol eta euskararekiko erakutsi zuten konpromisoagatik.

Dantzarekin liluratuta, Segundo Olaeta gernikarraren Oldarra euskal ballet mitikoetan izena eman zuen. Eta han: «15 urte zituenean, euskal errealitateaz jabetu nintzen». 1950. eta 1970. urteen artean, Oldarrak ospe handia lortu zuen Maurice eta Jakesen gidaritzapean. Mundu osoan zehar ibili ziren.

Bitartean, 1960ko hamarkadak dena astindu zuen. Ia mende bat geroago, horrela deskribatu zuen ‘Enbatan’: «Garaiko geopolitikak oso egoera berezian jarri gintuen. Aljeriako gerraren amaiera zen. Gure gurasoak Frantzia gurtzen zuten beteranoen pentsamoldekoak ziren. Aldi berean, Frantzia Europaren sorkuntzaren parte zen; beraz, egoera erabat aldakorra zen. Bestalde, Hego Euskal Herrian belaunaldi berri bat sortu zen, EAJ astindu eta gurekin elkartzen ari dena».

Ipar Euskal Herria esnatzen

‘Enbata’-ren lehen alea 1960ko irailean zabaldu zen Arboureten, Euskaltzaleen Biltzarraren urteroko bazkarian. Informazio politikoko astekari hark, frantsesez idatzia, bertako elitea astindu zuen, mugimendu abertzalearen oinarriak ezartzen zituen bitartean. Hor sortu zen euskal departamenduaren aldeko aldarria.

«Basamortua zen. Panorama aldatu egin da erabat, baina orduan ez zegoen irratirik, ez egunkaririk, gureaz eta ‘Herria’z aparte. Beste aldean ere ez zegoen egunkaririk. Hori duela 60 urte baino ez da. Beste herrialde bat zen».

Abertzaletasunaren «metxa» piztu zuten gazte haiek. Belaunaldi berriei laguntzeko, dibergente gutxi zeuden –Marc Legasse, Etcheverry-Aintchart, Goyenetche edo Lafitte apaiza kasu– eta, frankismoaren garai haietan, EAJk ez zituen urak nahasi nahi: «Telesforo Monzonek bakarrik egin zigun kasu. Horrek EAJtik kanporatzea ekarri zion.

Aldi berean, ETA sortu da gurekin harremanetan dauden gazteengandik». Aldizkariaren inguruan zerbait mugitzen hasi zen eta hori guztia ekintza bihurtu behar zen. Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalea 1963ko apirilaren 15ean jaio zen, Itsasun.

Fatalismoari, agur

Manifestazioetan, elkarretaratzetan... erraz zen mota anitzeko Jakes Abeberry mobilizazio politiko eta sozialetan aurkitzea. Politikaren munduan jarraitu zuen eta 1991n Biarritzeko alkateorde hautatu zuten, abertzale berde eta independenteez osatutako koalizioan zegoelarik. Didier Borotraren zerrendarekin lortu zuen akordioa eta kulturako ardurak hartu zituen.

Ordutik, lan mardula egin zuen Biarritz Culture egituraren bitartez... azken garaia gazi-gozoa suertatu zaion arren, seguruenik, Maitaldia –Euskal Herriko dantza jaialdirik handiena– Malandain Balletaren arduradun berrien eskuetara pasatu delako. Balletaren etorkizuna bermatu da, baina Biarritz Culture baztertzearen truke.

Hala ere, asko egin duen sentsazioarekin joango zen Jakes Abeberry; ziur gaude. Horrela idatzi zuen: «Gaur egun, jendea Euskal Herrira etortzen da bizitzera. Baina lehen denek alde egiten zuten, ez zegoen lanik. (...). Herrialde hau guztia berpiztu da. Itzul mugimendua sortu genuen eta beste leku batean lana bilatu behar zuten gazte asko itzuli ziren. Arrasateko kooperatibak erakutsi genizkien; haiek berriak sortu zituzten. Gure presiopean, Zuberoa, Paueko Merkataritza Ganbera utzi eta Baionakora atxiki zen, Iparraldeko lehen erakundea sorturik. Orain ohikoa dirudi, baina borroka txikiak ziren. Fatalismoa desagertu egin da, herrialde honi bera izateko gogoa eman diogu».

Albiste honek dolumin-adierazpeak ekarri ditu, arlo politikotik hasita. Adibide batzuk:

 

JAKES ABEBERRYREN BIZITZA

Jaiotza: Biarritz, 1930-4-25.

Heriotza: 2022-11-29.

Kultura: Abokatua lanbidez, Oldarra dantza taldeko buru izan zen, Maurice anaia bezala, baita 1977an Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakaria ere. Abertzaleen Batasuneko (AB) fundatzailea, 1991n Didier Borotra Biarritzeko auzapez zentristarekin lortutako akordiogatik, kultura alorreko ardura eraman zuen hiru hamarkada luzeetan. Biarritz Cultureko sortzaile eta lehendakaria izan da. Bere zuzendaritzapean sortu ziren, besteak beste: Le Temps d’Aimer jaialdia, Biarritzeko dantza konpainia...

‘Enbata’: ‘Enbata’ hilabetekariaren sortzailea izan zen 1960an eta hiru urteren buruan (1963ko apirilaren 15ean, Itsasun) handik sortu zen mugimendu politikoko partaidea ere bai. Aldizkariaren editorialak idatzi ditu ordutik. 1974an debekatua izan ondoren, urtebetez ez zen argitaratu ‘Enbata’. Mugimendua geroago desagertu zen, aldizkariak aurrera jarraitu zuen. 1996an, Abeberry epaitua izan zen GAL erakundea laguntzen ibili ziren frantziar polizia batzuen izen-deiturak agerrarazteagatik. Isuna ordaintzera zigortu zituzten bera eta Herriaren Alde-ko Jakes Bortairu.

Militantzia: Bere bizitza osoan, Ipar Euskal Herrian martxan emandako gizarte zibileko konpromisoa bere egin zuen Abeberryk. Frankismoaren aurkako borrokan aritu zen, hala nola Burgosko prozesuaren aurka, eta Ipar Euskal Herrira heldu ziren errefuxiatuekin batera gertutik bizi izan zuen gerra zikinak utzitako samina. Azken urteetan, Bakegileen dinamikarekin bat eginik, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko ekimenetan ere parte hartu zuen.

Dokumentala: ‘Sur les pas de Jakes’-ek (‘Jakesen urratsetan’, 2012, Ramuntxo Garbisu) bere ibilbidea aztertzen du. Youtuben dago ikusgai. Gure historiako azken hamarkadetarako bidaia da, Jakes Abeberryren lekukotzarekin.