INFO

AEBetako emakumezkoen selekzioak dirua jasoko du gizonezkoek Qatarren lortutakoagatik

AEBetako Futbol Federazioaren eta USWNT-ren akordioari esker, AEBetako emakumezkoen selekzioak dirua jasoko du gizonezkoen taldeak Munduko Kopan final-zortzirenetara sailkatu direlako. Emakumezkoen taldeak Frantziako (2019) eta Kanadako (2015) Munduko Kopetan jasotakoa baino gehiago da.

2019ko Munduko Kopako partida baten aurretik AEBetako jokalariak ereserkia entzuten (Mark SMITH | EUROPA PRESS)

AEBetako emakumezkoen selekzioak dirua jasoko du gizonezkoek Munduko Txapelketan final-zortzirenetara sailkatu direlako. Guztira, 13 milioi dolar –12.400.000 euro– emango dizkiete AEBei, eta iragan maiatzean AEBetako Futbol Federazioak, eta AEBetako emakumeen selekzioko jokalarien elkarteak (USWNT) egindako akordioari esker, irabaziak banatu egingo dituzte bi taldeen artean. Hala, gizonezkoek Qatarko Munduko Kopan ligaxka gainditzeagatik, irabazitakoaren erdia emakumezkoen taldearentzat izango da: 6,5 milioi dolar –6.190.000 euro–. Emakumezkoek Frantziako (2019) eta Kanadako (2015) Munduko Kopan, lehen postuan geratu ostean, irabazi zutena baino gehiago, alegia. Bi txapelketa horietan 6 milioi dolar –5.700.000 euro– jaso baitzituzten.

AEBetako Futbol Federazioak, eta USWNT-k adostutakoak ahalbidetu du herrialdeko emakumezkoen eta gizonezkoen selekzioek primak erdi bana banatzea datozen Munduko Txapelketetan. Primak elkarren artean banatzeaz gain, neurketetan sarrera bidez lortutako irabaziak ere elkarbanatuko dituztela adostu zuten. Walker Zimmerman AEBetako gizonezkoen selekzioko jokalariak adierazi zuen emakumeek «merezi» dutela akordioan adostutakoa: «Gogor borrokatu duten zerbait da, eta, egia esateko, batzuetan iruditzen zaigu berandu samar lagundu diegula». Bere aldetik, Becky Sauerbrunn USWNT jokalarien elkarteko presidenteak nabarmendu zuen akordioak taldeari «arrakasta» bermatuko ziola etorkizunean: «Espero dugu akordio honek eta bere lorpen historikoek soldata berdintasuna bermatzeaz gain, jokalarien prestakuntza eta joko giroa hobetzea. Eta lortutakoak, balio dezala AEBetan zein nazioartean emakumezkoen futbolaren etengabeko hazkunderako oinarri gisa».

Datorren urtean Australian eta Zeelanda Berrian jokatuko da emakumezkoen Munduko Txapelketa, eta horri begira, FIFAk bikoiztu egin nahi du jokalariek prima bidez jasoko duten diru kantitatea. Hala berretsi zuen Gianni Infatino FIFAko presidenteak. 2019an selekzioentzako 30 milioi dolarreko –28.500.000 euroko– diru saria bazegoen, 2023rako gutxienez 60 milioi dolarrekoa –57.000.000 euro– izatea nahi du FIFAk. 2015ean, 15 milioi dolarrekoa –ia 14.300.000 eurokoa– izan zen.

Datorren Munduko Kopan emakumeek diru gehiago jasoko duten arren, oraindik ere, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko arrakala sakona da. Qatarrekoan, esaterako, 440 milioi dolarreko –513.000.000 euroko– primak daude gizonezkoentzat. Aldi berean, 2018ko Errusiako Munduko Kopan Frantzia txapeldunak 38 milioi dolar –36.300.000 euro– jaso zituen, eta 2014koan, Alemaniak 34 milioi dolar –32.380.000 euro–.

Norvegia, aitzindari

Gizonezkoen eta emakumezkoen futbol selekzioen arteko baldintzak berdintzen lehena Norvegia izan zen. Eskandinaviako herrialdeak gizonezkoen eta emakumezkoen soldatak berdindu zituen 2017an, eta horrek, emakumezkoen jokalarien soldata %93ra igo zuen. Erdietsitako soldata berdintasuna posible izan zen gizonezkoek uko egin zietelako publizitatearengatik jasotako diru-sarrereren zati bati.

Hori, ordea, ez zen nahikoa izan Ada Hegerberg Norvegiako aurrelariarentzat. 2017ko Eurokopaz geroztik, Olympique de Lyoneko jokalariak uko egin dio bere herrialdeko selekzioarekin lehiatzeari, emakumezkoek, gizonezkoekin alderatuta, jasaten duten tratu bidegabeagatik. Urteak daramatza Hegerbergek Norvegiako Federazioarekin borrokan selekzioko jokalarien baldintzak hobetzeko.

Norvegiaren olatura ere batu ziren Dinamarka eta Finlandia. Eta horiez gain, 2019an, Australiak eman zuen pausoa; ez soilik diru kopuru bera ordaintzeko gizonezkoei eta emakumezkoei, baita publizitatetik jasotako diru-sarrerak erdi bana banatzeko ere. Aurrerapauso horiez gain, beste oinarrizko baldintza batzuk hobetzea ere lortu zuten. Besteak beste, entrenamenduetan gizonezkoek adinako baldintzak izatea, eta nazioarteko partidetan Business mailan bidaiatu ahal izatea.

Ingalaterran ere, 2020az geroztik, herrialdeko selekzioko jokalari bakoitzak 2.000 libra –2.333 euro– jasotzen ditu partida bakoitzeko, izan emakumea ala izan gizona. Hala eta guztiz ere, emakumeei ordaintzen dietena oso urrun dago gizonezkoeek jasotzen dutenarekin alderatuta. Izan ere, partidak edota txapelketak irabazteagatik gizonezkoek jasotzen dutena askoz ere gehiago da emakumezkoek jasotzen dutena baino.