INFO

Neskak libre eta beldurrik gabe bizitzeko aldarria ‘Beldur Barik’ lehiaketako irabazleen artean

‘Beldur Barik’ lehiaketako irabazleak, Sestaon. (IREKIA)

Sestaok 2022ko Beldur Barik Topaketa hartu du gaur arratsalde eta iluntzean eta bertako Musika Eskolan banatu dira Beldur Barik ikus-entzunezko Lehiaketaren sariak.

Gazteek emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eta berdintasunezko gizarte baten aldeko jarrera erakutsi behar duten lehiaketako irabazleak Ondarroa, Gasteiz, Erandio, Bergara, Bilbo, Iurreta eta Donostiakoak izan dira eta jorratu dituzten gaien artean nagusia izan da neskak libre izateko aldarria, hain justu, aurtengo ‘Beldur Barik’ abestiak, Izaroren ‘Libre’ kantak, aldarrikatzen duena.

Arratsaldean zehar gazteek zenbait tailerretan parte hartu dute: autodefentsa feminista, dantzaren bidezko ahalduntzea, neskak eta bideo-jokoak, elikadura osasungarria, rap feminista eta maskulinitateak landu dituzte, besteak beste. Ondoren kalejira batean elkartu dira denak eta gero hasi da ‘Beldur Barik’ lehiaketako sarien banaketa. Aurten 20 urtera jaitsi da lehiaketan parte-hartzeko adina, hau da 12 eta 20 urte bitarteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteek parte har zezaketen. Aurreko urteetan 26 urte arterako gazteek parte har zezaketen eta, hala ere, datu «oso onak» jaso dira, 300 lan baino gehiago aurkeztu dituzte, gehienak taldean egindakoak.

Lehenengo kategorian, 12 eta 14 urte bitartekoak, izan dira lan gehien aurkeztu dituztenak, ia erdiak (%44), eta kategoria honetako lan irabazlea ‘Aske bizi’ lana izan da, Ondarroatik. Aipamen berezia, berriz, ‘¡Queremos que se nos escuche!’ lanari esleitu zaio, Gasteiztik iritsi da lan hau, Judimendi-Aranako kale heziketako programatik.

Bigarren kategorian, 15 eta 17 urte bitartekan (lanen %36) ‘Gure Gorputzak gureak ote dira?’ lanak jaso du sari nagusia; Erandioko Jado ikastetxetik aurkeztu dute. ‘Bizitzarengatik Borrokan’ lanari egin zaio aipamen berezia; Bergaratik bidali dute taldeko lan hau eta konposaketa eta kantua beraiek sortu dute.

Eta 18 eta 20 urte bitarteko gazteek aurkeztutako lanei dagokienez (lanen %15), hirugarren kategorian, Bilbotik aurkeztutako ‘Samsara-Renacer’ lanak eraman du sari nagusia. Aipamen berezia, aldiz, Iurretara joan da, ‘Libre Izan Nahi dut, ez Ausart’ lanarentzat. Gaur egun neskek gauean etxera joateko orduan sentitzen duten beldurra islatu dute.

Ikus-entzunezko onenari saria Donostia aldera joan da, ‘Puntuka’ lanak eraman du. Eguneroko indarkeria erakusten du, arropa eta janzkera ahalduntze baliabide gisa erabili dute. Azkenik, herri bozkari dagokionez, hau da, beldurbarik.eus webgunearen bidez herritarrek gehien bozkatu duten lana (1.007 boto) ‘Rolak Irauli’ izan da. Sari-banaketari Izaro Andresek jarri dizkio azken notak, ‘Paris’, ‘Erohori’ eta ‘Libre’ kantuekin.

Beldur Barik Topaketa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta Eudelekin lankidetzan, antolatutako programaren barruan kokatzen da.