Iñaki Williams zapore gazi-gozoarekin itzuli da Munduko txapelketatik
Ghanarekin jokatu ostean, aste beteko oporrak izango ditu aurrelari zuri-gorriak atseden hartu eta indarberriturik bueltatzeko. Abenduaren 20an Sestao River taldearen kontra aritzeko moduan izango da.
Iñaki Williams Lezaman agertu da gaur goizean eta Athleticekin lehiatzen hasteko gogotsu dagoela erakutsi du. Ostiralean amaitu zen Ghanaren ibilbidea Qatarren, Uruguayren kontra galdu ondoren final zortzirenetatik kanpo geratu baitzen selekzio afrikarra. Aurrelari zuri-gorriaren parte hartzea gazi-gozoa izan da. Hiru partida jokatu ditu hasieratik, baina ez du golik lortu. Aukerak izan dituen arren, ez da hain ondo konpondu Ayew anaiekin erasoko jokoan eta taldeak ere ez du asmatu Williamsen dohaiei zukua ateratzen.
Ziur asko txapelketako une gogoangarrienetako bat izan zitekeen jokaldia sinatzekotan egon zen. Portugalen aurkako lehen norgehiagokaren luzapenean, 3 eta 2 galtzen ari zen Ghana. Williams atezainaren atzean ezkutatu zen eta Diogo Costak baloia lurrera bota zuenean ezustean agertu eta baloia lapurtu zuen. Tamalez, irrist egin eta gol aukera ezeresean geratu zen.
Hego Korearen aurkakoan ere hasieratik jokatu zuen eta gola egiteko zorian izan zen. Hala ere, errematatzerakoan egindako akatsak Kudus taldekideak gola egiteko baliatu zuen. Ajax taldeko jokalaria izan da Ghanaren izarretako bat txapelketan eta Williams berak aitortu du harrituta utzi duela bere mailak.
Uruguayeren kontrako azken partidan ezin izan zuen askorik egin hegoamerikarrak hobeak izan baitziren. Penalti bat huts egin zuen Ghanak markagailuan berdinduta zeudenean eta ez zuten burua altxatzea lortu.
Munduko txapelketatik kanpo geratu ostean, mezua bidali zuen Williamsek bere sare sozialetan. Indartsuago itzuliko direla azpimarratu zuen eta zaleengandik jasotako babesa eskertu zuen.
We will come back stronger.
— IÑAKI WILLIAMS (@Williaaams45) December 3, 2022
Thank you all for the unconditional support, you are the best.
♥️ pic.twitter.com/GO8tLzp4H2
Jarraitzaile askok Ghanarekin jokatzeko egindako hautua goraipatu diote erantzunetan. Williamsek uda honetan erabaki zuen bere familiaren sustraiak dauden herrialdea ordezkatzea. Beste askok, berriz, ez duela golik egin aurpegiratu diote. Ikusiko da etorkizunean zer gertatzen den. Athleticeko aurrelariak Ghanarekin Afrikako Kopan jokatzeko prest egongo litzakeela komentatu izan du. Otto Addo entrenatzaileak kargua utzi du eta Borussia Dortmundera itzuli da, bigarren entrenatzaile lanak egiteko. Beraz, Ghanako selekzioak eraberritze prozesu bati ekingo dioela aurreikusi daiteke.
Valladolid, lehen geltokia
Iñaki Williamsek astebeteko oporraldia izango du atseden hartzeko eta Kopako kanporaketa jokatzeko moduan egongo da. Abenduaren 20an, asteartea, neurtuko dituzte indarrak Sestao Riverren aurka Las Llanasen. Lehen talde zuri-gorria denboraldi-aurre txiki batean murgilduta dago joan den astetik. Lezaman entrenatzen arituko dira eta bihar jokatuko dute adiskidantzazko lehen partida. Valladoliden kontra arituko dira Mirandesen zelaian eguerdiko 12.00etatik aurrera. Igandean, aldiz, Chivas talde mexikarraren aurka jokatuko dute San Mamesen. Hurrengo asterako Burgosen (abenduak 15) eta Udineseren (abenduak 17) kontrako partidak geratzen dira.
Valverdek taldekide guztiak dauzka jokatzeko moduan eta falta diren bakarrak Espainiako selekzioarekin dauden Nico Williams eta Unai Simon dira. Zuri-gorriek asteartean jokatu dute final zortzirenetako kanporaketa Marruecosen kontra.
Bilbao Athletic puntu premian
Lehoikumeek partidak irabazi gabe jarraitzen dute entrenatzaile aldaketaren ostean. Alex Pallares kataluniarrak lehen aldiz zuzendu zuen taldea Lezaman jokatutako partida batean eta garaipenak ihes egin zien azken minutuetan (2-2). Penalti baten iritsi zen berdinketaren gola, baina defentsak eta Padilla atezaina ere ez ziren fin aritu. Zarauztarrak huts larria egin zuen aurreko jardunaldian ere Osasuna Promesasen kontrako derbiaren azken minutuetan.
Atzean sendotasun gehiago izatea da taldeak goraka egiteko betebeharretako bat. Pallaresek behintzat lortu du golak egiteko gaitasuna berreskuratzea. Hobekuntza bat nabaritu da arlo horretan. Lau gol egin dituzte bi partidetan, Arostegirekin sei egin zituztenean 12 jardunalditan. Lehen taldearekin denboraldi-aurrean entrenatzen izan ziren Malcom Adu Aresek eta Gerenabarrenak egin zituzten golak Cornellaren aurkakoan. Unai Gomez erdilariak eta Jon Cabok ere maila ona erakutsi dute. Luis Bilbaok ez zuen azken partida jokatu zigorturik zegoelako eta Ewan Urain erdiko aurrelariak jokatu gabe jarraitzen du.
Lortutako puntuarekin sailkapenaren azken postutik atera da Bilbao Athletic. Aste honetan bi partida izango dituzte. Ostegunean Alcoyanoren zelaian arituko dira eta igandean Atletico Balearesen kontra jokatuko dute Lezaman.
AMAIERA I Puntu banaketa Lezaman. #BilbaoAthletic-en sentsazio onak ez dira garaipenean bukatu.
— Athletic Club (@athletic_eus) December 4, 2022
Jarraitu beharra dago, mutilak!#BilbaoAthleticCornellà #AthleticLezama 女 pic.twitter.com/EUwo2smAZ5
Bestalde, Gurpegik zuzentzen duen Basconiak garaipena lortu zuen Leioaren kontra Artunduagan eta Hirugarren Federazioa mailako sailkapenaren bigarren postuan egonkortu dira azken jardunaldietan. Aldi berean, iaz Athleticen hirugarren eta bigarren taldea zuzendu zituen Patxi Salinasek dimisioa aurkeztu du eta ez du Portugaleten jarraituko.
Gazteen Ohorezko Mailan, Athleticek 6 eta 0 gainditu zuen Antiguoko Lezaman. Donostiarrak zuri-gorrien aurretik zeuden sailkapenean eta hirugarren tokian kokatu dira. 28 puntu ditu Athleticek eta lehen postuan berdinduta dauden Eibarrek eta Realak 29 puntu dituzte.
HARROBIA I Gazteak A taldearen garaipen handia gaur arratsaldean Lezaman jokatu den Ohorezko Mailako 13. jardunaldiko norgehiagokan.#AthleticClub 6⃣-0⃣ @Antiguoko
— Athletic Club (@athletic_eus) December 4, 2022
⚽️ Alboniga (x2), Vicandi (x2), Arredondo, Baigorri#AthleticLezama 女 pic.twitter.com/vy1RFBLBLj