INFO

LABek uste du Lanbide Heziketako irakasle euskaldunak behar direla sektorea euskalduntzeko

LABek helegitea aurkeztu du Lakuaren Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kontsolidaziorako meritu-lehiaketan, eta plaza guztiak Bigarren Hizkuntza Eskakizunarekin atera daitezen eskatu du.

LABek uste du euskara baztertzen dela Lanbide Heziketan. (LAB)

LAB sindikatuak salatu du Lakuak onartutako Hezkuntza Akordioan hezkuntza sistemaren hizkuntza-ardatza euskara dela jaso arren, «Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak euskara baztertu» duela Lanbide Heziketako irakasleei dagokienez, «irakasle teknikoen kontsolidaziorako meritu-lehiaketan, lan-postuen erdia Bigarren Hizkuntza Eskakizunik gabe atera baitu».

Hori dela eta, LABek helegite partziala egin du eta plaza guztiak Bigarren Hizkuntza Eskakizunarekin atera daitezen eskatu du, bere ustez «hori baita Lanbide Heziketa euskalduntzeko beharrezko pausoa».

Sindikatuak aipatu du behin baino gehiagotan salatu duela Lanbide Heziketako eskaintza publikoan ez direla betetzen Lanbide Heziketako Legeak jasotzen dituen euskara bermatzeko artikuluak.

Langileei dagokienez, «irakasle euskaldunen bazterketa» ematen dela diote. Izan ere, «karrerako funtzionarioen kasuan, Bigarren Hizkuntza Eskakizuneko plazetan dauden irakasleak bigarren mailako irakasleak dira Lehen Hizkuntza Eskakizuna dutenen aurrean. Lehenengoek euskaraz zein gaztelaniaz eskolak eman ahal dituzten arren, aurten gauzatuko den lekualdatze-lehiaketan bakante horiek momentuz ez zaizkie irakasle euskaldunei eskaini, ezkutuan utzi eta irakasle ez-euskaldunei soilik gordetzeko».

Hori dela eta, Lanbide Heziketa euskalduntzeko bidean, LABek uste du ezinbestekoa dela plantilla euskalduntzea, euskarazko ikasketen eskaintza handitzea ahalbidetzeko bide bakarra baita.

Era berean, LABek eskatu dio Lakuari Lanbide Heziketaren ordenazio eta integrazioaren legeak ezartzen dituen 16 espezialitate ez singularretako lanpostuetan dauden irakasleen etorkizuna lehenbailehen sindikatuekin ados dezan. «Lege berriak hamar espezialitate singular jasotzen ditu irakasgai profesional batzuekin lotuta, baina gaur egun dauden beste 16 espezialitate teknikoren irakaskuntza, aldiz, irakasleriaren kolektibo orokorrean sartzen ditu, horiek emateko goi-mailako ikasketak exijituz», azpimarratu du sindikatuak.