INFO

Babesaren amaierak etxegabetze uholdea ekarriko du AEBn

AEBn koronabirusa dela eta ezarri ziren neurriak, alegia, etxebizitzen alokairua ordaintzeko dirulaguntzak eta etxegabetzeen luzamendua, abenduaren 31n amaituko dira. Horrek milaka pertsona etxerik gabe gelditzea eragingo du.

Los Angeles konderrian 69.000 pertsona bizi dira kalean. (Apu GOMES | AFP)

AEBn ezarritako koronabirus pandemiarekin lotutako maizterrentzako babesak amaitzear daude, eta, beraz, baliteke herrialde osoan etxegabetze uholde handi bat gertatzea, errenta txikienei eragingo diena.

Los Angeles konderrian, luzamendua abenduaren 31n amaitzen da, eta 30.000 maizter baino gehiagok etxetik alde egin beharko dute, konderriko Auzitegi Nagusiaren datuak oinarri hartuta egindako proiekzioen arabera.

Gutxienez 69.000 pertsona daude kalean bertan, Estatu Batuetako biztanle gehien dituen konderrian, Los Angelesko Etxegabeentzako Zerbitzuen Agintaritzak egindako zenbaketaren arabera.

Tim Thomasek, Berkeleyko Unibertsitateko Etxegabetzeei buruzko Ikerketa Sareko zuzendariak, ohartarazi duenez, Los Angelesek «etxegabetzeen kopururik handiena izango du, eta etxerik gabeko pertsonen auzia larritu egingo da».

«Abuztuan etxegabetzeen batez besteko emaitza historikoetara iritsi zen herrialdeko toki askotan luzamendua amaitu ondoren. Egun, batez besteko historikoa gainditzen ari gara», gaineratu du.

Azken hamarkadan 40.000 eta 50.000 etxegabetze artean egin dira urtero Los Angeles konderrian, eta kopuru hori 13.000 ingurura jaitsi da pandemiagatik, batez ere alokairurako laguntza publikoei edo etxegabetzeen luzamenduari esker, Kyle Nelson Kaliforniako Unibertsitateko soziologoak nabarmendu duenez.