Elezkanok eta Tolosak sufrimenduaren saria lortu dute Etxeberria eta Rezustaren aurka
Hasieran 1-7 galtzen aritu dira eta azken aldera, leher eginda erabat, 19-20 ere atzetik izan dira. Baina Elezkanok Etxeberria aurrean katramilatzea lortu du, urdinen koordinazioa eta plana zapuztuz, eta azken tantoan ezker sotamanoz bota duen dejada batekin erabaki du neurketa.
ELEZKANO II-TOLOSA 22 - ETXEBERRIA-REZUSTA 21
Ez da agian Binakako Txapelketako partidarik onena izan Tolosako Beotibarren astearte honetan jokatu dena, baina bai gogorra gero! Azken pilotakada Danel Elezkanok sotamanoz egindako dejada bat izan da, ez itxura batean tanto izan beharrekoa, baina bai Elezkano II.ak eta Xabi Tolosak pilatuta zekarten nekearen adierazgarri. Kale edo bale, Zaratamoko aurrelariak nolabait amaitu nahi izan du tantoa, edo behintzat Peio Etxeberria beste behin aurreko koadroetan katramilatu.
Baina hara non Zenotzko aurrelaria ez dela abiatu ere egin, oinak iltzatuta balitu bezala, eta orduan arnasa hartu ahal izan dute gorriek, lehiaketako aurreneko puntua eskuan, 1-7ko bat irauli, 19-20koa irauli eta, erabat leher eginda, kitarakoa eraman dutenean. Dirua hasieran harrika Etxeberria eta Rezustaren alde jokatu dutenek, berriz, esaera zaharra gogoratuko zuten: jokoa ez da errenta.
«Huts dexente egin ditugu, baina lan ere gogotik egin dugu. Azken tantoa loteria izan da. Defendatu tokatu zaigu gehienean baina azken jokaldia zorionez txapa gainean erori da», aipatu du Danel Elezkanok partida amaieran.
Hasieratik garbi geratu da gorrien estrategia. Urdinek tantoak mendean hartu arren, errematerako aukera txikiena baliatzen saiatu da Elezkano, nahi baino pilota gehiago galdu arren. Hasieran, alabaina, bizkaitarrari zuloak aurkitzea asko kosta zaio, neurri handi baten Beñat Rezustak kantxa betetzeko duen gaitasunagatik. Ordezko gisa aritu behar izan badu ere, ezin dakioke konpromiso faltarik leporatu Zaratamoko aurrelariari, baina zorterik ez du izan, batez ere aurreneko zatian.
«Hasieran Beñat oso fresko egon da eta berak menderatu gaitu. Guk bagenekien ez daukagula ez Xabik ez nik partida apurtzeko ahalmenik eta lan egin behar dugula puntuak ateratzeko. Sufritu dugu eta zorionez buelta eman diogu. Irabazita pozik, Xabik –Tolosak– merezi zuen», adierazi du Elezkano II.ak.
Ez du bere burua txapelketan titular izateko aldarrikatzeko erabili nahi izan Tolosako partida. «Erabaki hori ez dago nire eskuan. Ni gozatzera etorri naiz, praka zuriak janzten ditu¡dan bakoitzean bezala; dena ematera Xabi eta Jokin –Altunak– punturen bat izan dezaten», amaitu du Zaratamokoak.
Hasieran, baina, akordatzerako Peio Etxeberria eta Rezusta 1-7 aurreratu dira beste munduko jokorik erakutsi ez arren. Aurreneko tanto horietan Binakako Txapelketako estrainekoan baino hobeto hartu dutela elkar, Bergarako atzelariak aginduz bikotearen nondik norakoetan. Baina Etxeberria arinegi okertu da, neurri baten hortara bultzatu duelako Elezkanok.
Aurrelari nafarrak gorrien zuzperraldian zeresanik izan du, bata bestearen atzetik hiru pilota galdu dituelako. Urdinen zorionerako, zenotztarrak laugarren erasoaldian, ezker airez txokoan, ez du kalerik egin, nahiz eta hurrengo tantoan ezker zeharra kanpora joan zaion.
Estrategikoki, bestalde, Elezkano II.ak jokoa bere aldera ekartzea lortu du. Pilotak ere ez dira biziegiak izan, jokoa ahal den neurrian aurrean nahasteen saiatzeko eta Etxeberriaren ahulguneak bilatzeko. Baita lortu ere. Urdinak 4-8 izatetik 8-8na berdintzera pasa da lehia, batez ere Etxeberriari alde egin dieten pilota zenbaiten erruz. 9-8koa sakez egin du Zaratamoko aurrelariak, eta Etxeberriak eta Rezustak 9na berdindu duten arren, hurrengo hiru tantoak Elezkano II.ak berak amaitu ditu, konfidantza berreskuratu eta Etxeberria dantzan erabili eta gero. Bada, gorriak 12-9 aurretik iritsi dira aurreneko atsedenaldi luzera aurkariei 11-2ko partziala sartu eta gero.
Hasiera baten dirua garbi azaldu da urdinen alde, eta harrika 1-7koarekin; 12-9koarekin gorrien alde hasi dira kantatzen artekariak eta hasierako trabesak egin dituztenak, dardarka.
Nondik hautsiko ote?
Are eta dardara handiagoa nozituko zuten gorriak 14-10 aurreratu direnean. Xabi Tolosa bera ere, isileko lan aparta eginez, Rezustari atzean tanto bat sartzeko gai izan da eta elezkanoren leinuak baliatuz, Bergarakoari bizkarra ere tarteka erakutsi dio.
Partidak aurrera egin ahala, bikote gorriak, korrika gehiago egin behar izan duelako, nekea askoz gehiago nozitu du. Esaterako, urdinen 14. tantoa Elezkanori txapara ihes egin dion erremate batek erabaki du; nekearen lanak, 50 pilotakada izan dituen tanto bikainari ezin izan baitio aurrelari bizkaitarrak merezitako amaierarik eman.
Aldiz, bikote urdinean, nahiz eta tarteka tanto ederren bat amaitu, Peio Etxeberriak txapelketari oraindik ez diola neurririk hartu bistan geratu da, behar baino hutsegite gehiago eginez. Hala, aurrelari nafarrari behera eta gora hanka egindako bi tantoren ostean, horriak azken atsedenaldi luzera arnasa hartzeko aukerarekin iritsi dira: 18-15.
Baina partidaren azken aldera nekeak gain harrtu die Elezkano eta Xabi Tolosari. Alperrik aurreratu dira 19-16, tantoak gero eta errazago mendean hartu dituztelako urdinek. Hala, Rezustak zuloak ireki eta Etxeberriak tantoak amaituta, pilotaren ohiko kanona jarraituz, 19-20 aurreratzea lortu dute urdinek. Beraien zoritxarrerako, ordea, 20nako berdinketa berehala iritsi da. Etxeberriak ez dio airea kendu Elezkanorik sakeaz eta honen erantzuna baztertu ezin zaio Rezustari, eta Bergarako ezkerrak ezin izan du pilota altxatu.
Handik aurrerato tanto guztiak agonia hutsa izan dira, 21na berdinduta zirela sotamanoz Elezkanok bota duen dejadak erabaki duen arte. Gorrien aldekoa izan da, noiz eta badirudien Jokin Altuna zapatuan jokatzeko moduan izan litekeen. Xabi Tolosak sufritzen dakiela erakutsi du eta Danel Elezkanok, berriz, ordezko duin bat baino gehiago dela.
Fitxa teknikoa:
Iraupena: 79.34 Minutu.
Pilotakadak: 765.
Sakez: 2 Elezkano II.ak eta 0 Etxeberriak.
Egindako tantoak: 9 Elezkano II.ak eta 1 Tolosak; 8 Etxeberriak eta 2 Rezustak.
Galdutako tantoak: 7 Elezkano II.ak eta 4 Tolosak; 9 Etxeberriak eta 3 Rezustak.
Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 1-7, 2-7, 4-7, 4-8, 5-8, 9-8, 9-9, 10-9, 12-9; 12-10, 14-10, 14-11, 14-12, 15-12, 15-13, 16-13, 16-15, 18-15; 18-16, 19-16, 19-20, 20-20, 21-20, 21-21, 22-21.
Gorabeherak: Sarrera ona Tolosako Beotibar pilotalekuan, Binakako Txapelketaren bigarren jardunaldian. Dirua urdin ehun berriogeiri eta aurreneko sakea, gorri.