Aldarte zeharo ezberdinetan berrekingo dute Eurocupeko abentura bi euskal taldeek
Ligan bolada txarrean murgilduta eta bere multzoko bigarren postua ia ezinezko dela jokatuko du talde donostiarrak Zabiny Brnoren etxean. Bizkaitarrak, berriz, Ligako goreneko multzoan daude eta Reyer Veneziaren aurka galtzekorik gabe jokatuko dute Patricia Bura pibot berria iristear dela.
Aldarte ezberdinetan bidaiatu dute Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek asteazken arratsaldean Eurocupari berrekiteko. Txekiar Errepublikan Zabiny Brno taldea izango du Azu Muguruzaren taldeak aurkari 18.00etan hasita eta azken aldiko bolada txarra amaitu edo bera gaiztotzea, erdibideko konponbiderik gabeko dema izango dute gipuzkoarrek.
Donostiarrek falta zaizkien bi partidak irabazteaz gain, Asvel Lyon taldeak partida biak galdu beharko lituzte K multzoko bigarren postua eskuratzeko aukerarik izango badute. Orain arte Europan partida bakarra irabazi dute Azu Muguruzarenek, hain zuzen Josean Gascan Zabiny Brnoren aurkakoa, 91-80 gailendu baitziren pasa den azaroaren 2an.
Arraroa da, bestalde, IDK Euskotrenen azken aldiko bolada txarra. Izan ere Asvel Lyon oso estu hartu baitzuten Eurocupeko azken jardunaldian; hain estu ezen Maria Españak partida irabazteko jaurtiketa bere eskuan izan zuen. Hegalekoak ez zuen asmatu eta, lastima izan bazen ere, nolabait esan liteke Lyongo taldeak logika bete arazi zuela, Donostian 70-71 irabazita.
Egun hartan itxura aparta eman zuten gipuzkoarrek, baina harrezkero goitik behera amildu da beren jokoa eta Endesa Ligan sekulako beherakada nozitu du, segidan lau partida galduta. Pasa den domekan, Mariam Coulibaly pibotak jardunaldiko Jokalari Baliotsuenari dagokion MVP saria irabazi arren, 80-66 galdu zuten Bartzelonaren kantxan Azu Muguruzarenek. Ez hori bakarrik, Coulibaly eta Maria Españak 66 puntutik 43 sartu zituzten, eta gainontzeko jokalariek 28 jaurtiketatik 5 baino ez zituzten asmatu.
Paradoxikoa dirudi, baina donostiarren jokoak kohesio itxura handiena izatetik goitik beherako bidea egun batetik bestera hartu du. Bien bitartean, arrazoi pertsonalak argudiatuz, Ane Esnal harrobiko jokalariak denbora tarte baterako IDK Euskotren taldea lagatzea erabaki du.
Bada, ikusi egin behar zernolako aldartearekin ekin behar dion talde donostiarrak asteazken arratsaldeko demari. Montpellier edo Lyonen aurkako itxura errepkiatuko balu, Brnorekikoak egitea ez litzateke fantasia izango, ezta inola ere. Aldiz, azken jardunaldietako itxura errepikatuz gero, zaila izango da garaipena eskuratzea, non eta Europan etxetik kanpo irabaztea beti den oso zaila.
Galtzekorik gabe
19.30etatik aurrera, berriz, Reyer Venezia talde indartsuaren aurka jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak. Normalena partida italiarrek irabaztea izango lizateke, Malosten ere 59-76 nagusitu baitzen. Hala ere, Italian bertan azken bi partidak galtzetik dator Veneziako taldea eta ezin jakin aurkariaren indarrari bakarrik dagokion –Schio eta virtus Bolonia talde gogorrak izan dira Reyer Veneziaren borreroak– ala bolada txarrean murgiltzen hasi ote diren.
Europarako txangoa egin aurretik gernikarrek etxeko lanak behar bezala egin dituzte. Perfumerias Avenida handia eta Clarinos Tenerife Malosten gainditu eta gero, 7-3 balantzearekin Endesa Ligako aurreneko postua partekatzen duten sei! (6) taldeetako bat da Anna Montañanak zuzentzen duena. Arazoak arazo eta lesioak lesio, bizkaitarrak lana txukun egiten ari dira eta Malosten bereziki aurkari oso gogorrak izaten ari dira nornahirentzat.
Asteburuan Valentzia Basketen kantxan jokatu beharko dute gernikarrek eta hori agian beste kontu bat izango da, baina bai asteazkenean Venezian nola zapatuan Fontetan galtzekorik gabe jokatuko dute.
Europan ere bizkaitarrek etxeko lanak nahiko aurreratuta dauzkate H multzoan gutxienez bigarren postuan amaitzeko. Hirugarren postuan dagoen Estudiantesek baino bi garaipen gehiago pilatu dituzte eta Malosten jokatu zuten norgehiagokan, 22-33 atzetik joan arren, 66-54 irabazteko kapaz izan ziren bigarren erdi aparta osatu eta gero.
Ondorioz, falta diren bi jardunaldi hauetan, Estudiantesek Rutronik Starn Keltern Alemaniako taldeari irabaziko diola ziurtzat jo arren, Anna Montañanaren jokalariek bere esku lukete bigarren postu hori bermatzea, nahiz eta oparirik inork ere ez dion egingo.
Fitxaketa berria
Chanel Mokanbgori bezperan agur esan eta gero, Patricia Bura pibot kroaziarra fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak. Esan gabe doa Veneziako partidara begira ezingo duela jokatu –gauzak ondo, larunbateko demarako prest beharko luke–, baina Kroaziako selekzioarekin Andrijana Cvitkovicekin batera jokatu duen 26 urteko eta 1,92 metroko jokalari honek Endesa Ligan bezala, Eurocupean ere jokatzeko aukera izango dsu. Alegia, Estudiantesen aurka hilaren 14an Madrilen jokatu beharreko partidan hantxe izango dela jokalari balkandarra, Nogaye Loren lesioaz geroztik Europan betetzeke geratu zaion uztaipeko zulo hori betetzeko.
Patricia Bura Hungariako Ligako Cegled taldetik dator eta 6,9 puntu eta 6,1 errebote eskuratu ditu batez beste. Iaz Ruzomberok Eslovakiako taldean 9,3 puntu eta 8,4 errebote lortu zituen bataz beste bai ligan baita Europako txapelketan ere. Kroaziako selekzioarekin, berriz, FIBAren «Leihoetako» azken partidan 33ko balorazioa lortu zuen 19 puntu sartu eta 11 errebote eskuratu ostean.
Anna Montañana Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak Patricia Buraren lan egiteko gogoak nabarmendu du. «Intentsitate handiko jokalaria da eta fisikoki ondo helduko da, gainera Andrijanaren –Cvitkovic– laguntzarekin bere egokitzapenak azkarragoa beharko luke. Asko lagundu dezake erasoan zein defentsan, baita errebotean ere», iritzi dio.