INFO

Lakuak gazteen emantzipaziorako laguntzak iragarri ditu, kopurua zehaztu gabe

Lakuako Gobernuak dirulaguntzak bideratuko ditu emantzipazio-prozesuan dauden 25-29 urteko gazteentzat. Helburua 2030erako independizatzeko batez besteko adina 30,2 urtetik 28ra jaistea da. Baina oraindik ez dira kopuruak jakinarazi.

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia. (IREKIA)

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak Gazteen Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia aurkeztu du asteazken honetan. Azaldu duenez, emantzipatzeko adina aurreratzea «helburu estrategikoa eta lehen mailako lehentasuna» da Lakuako Gobernuarentzat.

Horrela, gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren helburua dao batez besteko adina 28 urtera murriztea 2030ean, eta emantzipazio-tasa, 25 eta 29 urteen artean, egungo %39,5etik %50era igotzea.

Horretarako, 10 trakzio-proiektu eta 26 ekimen osagarri biltzen ditu, 5 eremutan egituratuta: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.

Fernandezek 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzako emantzipaziorako laguntza bat nabarmendu du berritasunen artean. Bere ezaugarriak xehetasun-azterketaren fasean daude eta ondorioak martxoan ezagutuko dira.

Horrekin batera, honako hauek dira helburuak: 13.500 enplegu sortzea 2023-24an, Gazteen Enplegurako Talka-planaren sei programen bidez, eta beste 14.000, enplegu-programa orokorren eraginez; gazteentzako kupoa handitzea etxebizitza-sustapen publikoetan, eta alokairurako laguntzak 300 eurora arte handitzea; 2023an, erronka demografikoko planean aurreikusitako gazteentzako mailegu-programaren oinarriak prestatzea; Trapezistak programa, familia-sarerik ez duten gazteei laguntzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) 18 urtera arte eskuratzeko adina murriztea; eta eta emantzipazio-ibilbideak bultzatzeko aholkularitza-zerbitzua eratzea.

Orain arte egindako inkesten arabera, gazteek 24,5 urterekin emantzipatu nahi dute baina 25-29 urteko EAEko 10 gaztetik 4 bakarrik lortzen dute.

Prozesu hori atzeratzen duten arazoak aski ezagunak dira: enpleguaren ziurgabetasuna, soldata baxuak, etxebizitzen garestitzea...