Atzetik aurrera eginda, Urrutikoetxea eta Albisuk bigarren puntua batu dute (22-16)
Erika Jaka eta Aranguren aurretik joan dira, lau tantoko aldeaz ere gozatu dute, baina gorriek zazpi puntu jarraian egin eta partida apurtzea lortu dute (20-15). Hala, Urrutikoetxeak eta Albisuk bigarren puntua eskuratu dute. Jaka-Aranguren bikoteak, bestalde, partidarik irabazi gabe jarraitzen du.
Bi zati zeharo ezberdin izan ditu Laudion jokatu den Binakako txapelketako partidak, hirugarren jardunaldikoa. Lehen zatian, Erik Jaka fresko eta fin bat nabarmendu da, Arangurenen babes sendoarekin; bigarrenean, Urrutikoetxeak hartu du kontrola, eta Albisuk, huts gutxiago eginda, errematatu dute partida.
Partida txukuna jokatu dute Erika Jaka eta Arangurenek baina ez da nahikoa izan Urrutikoetxea eta Albisu mendean hartzeko. 9-13ko tantoarekin bazirudien urdinen garaipena forma hartzen zihoala –bide batez, a zer nolako tantoa Jakarena, lehendabizi Urrutikoetxeari oinetara bota eta gero txokoan utziz– baita Albisuk gora botatako pilota erraz batekin ere (11-14).
Baina ordutik gorriek beste begi batzuekin begiratu dute lehia –Arangurenek 11-13an min hartu eta agian baldintzatua ikusi da– eta 15-15eko berdinketa ezarri dute. Urrutikoetxeak sekulako ikuskizuna eman du. Orotara, egindako 11 tanto pilatu ditu, horietako 10 airez. Aipatu berdinketa egiteko Zaratamokoak bi pilota arriskutsu eraman ditu eta ondoren, Jakak txapara bota du. Akats hori buruan, urdinek ez dute erreakziorik bilatu gorriak asmatzen hasi direnean.
14-15eko markagailutik 20-15era pasa da. Albisuren hutsegitearekin urdinek 16. tantoa pilatu dute eta pilota aldatu duten arren, ezin izan dute saihestu Urrutikoetxea eta Albisuren garaipena.
Aurrelari bizkaitarra «pozik» agertu da bigarren puntua batzeagatik. Hiru partidatik bi irabazita «konfiantzaz» begiratzen diote datorrenari baina oinak lurrean, «txapelketa hau luzea baita eta denetarik egongo da, partida onak zein eskasak».
Urrutikoetxeak ondo laburbildu legez, urdinek «hobeto hasi dute partida, gu agian deserosoago hasi gara baina lanean jarraitu dugu eta partida erditik aurrera, gehiago asmatu dugu».
Pilotakadak: 465. Iraupena: 62:57 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 1-2, 1-3, 3-3, 3-4, 3-9, 4-9, 6-9, 6-11, 9-11, 9-12, 9-13, 10-13, 11-13, 11-14,12-14, 13-14, 13-15, 15-15, 20-15, 20-16, 22-16. Jokoan egindako tantoak: 11 Urrutikoetxeak, 2 Albisuk; 10 Jakak, 1 Arangurenek. Hutsak: 0 Urrutikoetxeak, 5 Albisuk; 5 Jakak, 4 Arangurenek. Gertakariak: Laudioko pilotalekuan jokaturiko partida, Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldikoa.