INFO

Bizkaiko egoitzetako langileek hiru eguneko itxialdia hasi dute Bilbon, LABek deituta

Bizkaiko egoitzetan greba egiten ari dira, LABek deituta, gaur hasi eta ostiralera arte, ‘Funtsezkoak gara’ lelopean. Lanuzteak iraun bitartean, 20 bat langilek Bilboko Atxuri auzoko Enkarnazioaren elizan egingo dute lo.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Hiru eguneko greba hasi dute asteazken honetan Bizkaiko zahar-etxeetan, LABek deituta, urrian abiatutako zazpi greba egunen zikloari amaiera emanez. Gaurtik ostiralera arte 20 langile inguruk Bilboko Atxuri auzoan dagoen Enkarnazioaren elizan igaroko dute gaua, «Funtsezkoak gara» aldarriari ikusgarritasuna emate aldera. Programazio zabala antolatu dute itxialdiak iraun bitartean.

«Ikusgarritasuna eman nahi diogu gure borrokari. Greba egiten dugunean nagusiei ez die axola, lana berdin ateratzen dugu aurrera eta haiek dirua aurrezten dute», azaldu du Nekane Olalde Ermuko Abeletxe egoitzako langileak. Emakumeak dira ia denak, eta Olalderen hitzetan, horrek eragiten du gerokultoreen eskakizunei jaramon are gutxiago egitea. Egoera hori izanik, maletak hartuta sartu dira Enkarnazioaren elizara, kideen txalo artean, hiru eguneko itxialdiari hasiera emanez. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak gaineratu duenez, «zaintza sektoreetan emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handia da, zapalkuntza ugari eta anitzak eta indarkeria mota desberdinak jasaten dituzte».

Grebalarien aldarrikapen zehatzak zerrendatu ditu Olaldek: haien soldata eta egoitza publikoetako langileena parekatzea, lan bera egiten duten arren %50 gutxiago kobratzen baitute; 55 urte baino gehiago dituzten gerokultoreei azken lan urteak erraztea, lanpostua egokituz, besteak beste; %100eko baja osagarria; bajak lehen egunetik hasita ordezkatzea, egun, bi edo hiru egun ere egoten baitira langile bat gutxiagorekin; eta arrisku psikosozialei lotutako neurriak hartzea.

Horretaz gain, LABek gutxieneko ratioen proposamena egin du: gauez gerokultore bakarra egon ordez, bi egotea 15 egoiliarreko eta egunez 4 egoiliarreko langile bat egotea. Erizaintza zerbitzua uneoro bermatzearen beharra ere aldarrikatu dute, eta 16 egoiliarreko erizain bat egotea eskatu.

Zaintza gizatiartzera bidean

«Pertsonekin egiten dugu lana, ez torlojuekin, Murillok uste duen bezala», bota du Olaldek Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuari erreferentzia eginez. Hari zuzendu dizkiote elkarretaratzearen ondoren egin duten manifestazioko aldarri asko ere. Egoitzen gehiengoa jabetza pribatukoa da eta, ondorioz, bertan ari direnak ez dira langile publikoak. Baina, zahar-etxe horietan dauden tokiak badira publikoak, Foru Aldundiak kontratatutakoak alegia. Horregatik, Aranburuk zein Olaldek Murilloren «utzikeria» salatu nahi izan dute. «Zaintza negozio bilakatu eta pribatizazioa eta merkantilizazioa sustatzen ari dira», adierazi du Aranburuk.

Hain zuzen ere, zahar-etxe pribatu baten atarian bukatu dute manifestazioa. Arratsaldean, 18.30etik aurrera, hitzaldia eskainiko dute Atxuriko elizan bertan Ainhoa Etxaidek eta Arantza Zuluetak, ‘Hitzarmena borrokatuz gure burua zainduz’ lelopean. Bihar, hilak 15, 8.30ean ekintza batekin hasiko dute eguna grebalariek eta ondoren, 11.00etan, elkarretaratzea antolatu dute Batzar Nagusien aurrean. Arratsaldean Enkarnazioaren elizan batu eta poteo musikatua egingo dute Atxuri auzotik eta Alde Zaharretik. Ostiralean emango dute bukatutzat greba, eta baita itxialdia ere, 10.00etan egingo duten ekitaldiarekin.