14 debutari selekzioaren deialdian
Reala da Juanjo Arregiren zerrendan ordezkari gehien dituen taldea. Seigarren deia jaso du Leire Baños Levanteko jokalariak. Bigarren mailatik Osasunako, Eibarreko eta Granadako jokalariak ere badaude.
Euskal Selekzio guztiz eraberritua ikusiko da Txileren aurka datorren asteartean. Federazioak Juanjo Arregik egindako deialdia zabaldu berri du. Aurpegi berri asko daude deialdian, eta hamalu jokalarik jantziko dute estreinakoz selekzioaren kamiseta Mendizorrotzako lagunartekoan.
Horien artean bi izen nabarmentzen dira, Nerea Eizagirrerena eta Amaiur Sarriegirena, hain zuzen ere. Edozein entrenatzailearen zerrendan lehen postuetan egongo balirateke ere, ezin izan dute orain arte beren selekzioarekin jokatu hainbat arrazoiengatik. Beraiekin batera, estreinakoz ariko dira Maitane Zalba, Nerea Nevado, Iraia Iparragirre, Irati Urruzola, Jone Ibañez, Arene Altonaga, Maite Zubieta, Patricia Zugasti, Maitane Vilariño, Marta San Adrian, Cecilia Marcos eta Ane Miren Martinez de Lahidalga. Taldeari eskarmentua emango dio Leire Bañosek; seigarrenez sartu baita deialdian Levanteko erdilaria. Itziar Gastearenak, Ane Etxezarretak eta Amaia Peñak ere aurretik jantzi dute Euskal Selekzioaren elastikoa.
Reala da zerrendan ordezkari gehian dituen taldea, bost guztira. Deigarria da deialdian 1. RFEFeko hiru klub egotea –eta horietatik zazpi jokalari–. Are harrigarriagoa da, ordea, Athleticeko hiru ordezkari besterik ez aurkitzea, bakarrik euskaldunek osatutako taldea dela kontutan hartuta. Hori gutxi ez eta hiru jokalari zuri-gorrietatik, Amaia Peñak ez du partida bat bera ere jokatu denboraldi honetan, eta Maite Zubietak bi minutu besterik ez ditu jokatu. Hain justu, bere debutaren egunean aritu zen, orain dela bi aste.
Nazioarteko partida ofizialik ez dagoen arren, Euskal Selekzioko prestatzaileak ezin izan ditu nahi izan dituen jokalariak hautatu, onenen artean daauden zenbait euskal jokalarik Txapeldunen Ligako partidak jokatu behar dituztelako datorren astean. Damaris Egurrola (Olympique de lyon), Irene Paredes (Bartzelona), Nahikari Garcia eta Maite Oroz (Real Madrid) luxuzko laukoteak multzoko fasearen azken jardunaldiko norgehiagokak jokatuko dituzte hurrengo asteazkenean eta ostegunean.
Mendizorrotzak asteartean (19:00etan) hartuko duena, Euskal Selekzioak jokatuko duen hamaikagarren partida izango da, 2006an bere ibilbideari ekin zionetik. Zubietan jokatu zuen azkenenengo aldiz orain dela urte eta erdi, Federazioak antolatutako Nazioarteko Txapelketan Venezuelarekin eta Argentinarekin batera.
Aurreko hitzordu hori, pandemia zela eta, telebistatik jarraitu behar izan zuten zaleek. Oraingoan, berriz, zuzenean animatu ahal izango dute taldea. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Interneten bidez erosi daitezke Federazioaren webgunean (www.euskadifutbol.eus), baita Baskonia Alaves Storen ere. Mendizorrotzako lehiatila asteartean bertan zabalduko dute arratsaldeko bostetan.
Deialdia
Atezainak
Amaia Peña (Athletic)
Maitane Zalba (Osasuna)
Atzelariak
Nerea Nevado (Athletic)
Ane Etxezarreta (Real)
Iraia Iparragirre (Real)
Irati Urruzola (Osasuna)
Itziar Gastearena (Granada)
Erdilariak
Leire Baños (Levante)
Nerea Eizagirre (Real)
Jone Ibañez (Eibar)
Arene Altonaga (Eibar)
Maite Zubieta (Athletic)
Aurrelariak
Amaiur Sarriegi (Real)
Patricia Zugasti (Osasuna)
Maitane Vilariño (Osasuna)
Marta San Adrian (Alaves)
Cecilia Marcos (Real)
Ane Miren Martinez de Lahidalga (Alaves)