INFO

Donostialdeko ESIko medikuak «eraikitzeko» asmoz bilduko dira Osakidetzako zuzendaritzarekin

Elkarrizketen abiapuntuan daude Donostialdeko ESIko medikuak eta Osakidetzako zuzendaritza. Astelehenean bilduko dira eta sendagileak «eraikitzeko» asmoarekin joanenn dira hitzordura, «kalitatezko arreta lortzea» lehentasun duten aldarrikapen batzuekin.

Donostialdeko ESIko medikuak, abenduaren 7an egin zuten elkarretaratzean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Astelehenean bilduko dira Donostialdeko ESIko medikuak eta Osakidetzako zuzendaritza. Krisi betean, bien aldeen arteko elkarrizketak abiapuntuan daude. Sendagileek azaldu dutenez, «eraikitzeko» borondatearekin joanen dira bilkurara, eskualdean eta Gipuzkoa osoan «kalitatezko arreta lortzea» lehentasun duten aldarrikapenekin.

Ostiral goiz honetan asanblada egin dute Donostiako Ospitalean. Bertan izan dira ESIko ehun bat osasun langile. Miren Telleria Hemodinamika eta Kardiologiako buruak eta Manuela Perez etxeko ospitalizazioko arduradunak eman diote kazetariei hitz egin dutenaren berri.

Telleriak nabarmendu du «energia» eman diela asanbladak eta frogatu dutela «benetan» elkartuta daudela beren aldarrikapenetan. Duela bi aste, Itziar Perez Donostialdeko ESIko kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga Donostiako Ospitaleko mediku zuzendaria kargugabetu zituztenean, lehertu zen gatazka honetan «non» kokatzen diren jakiteko ere balio izan die.

«Estamentu guztiak» inplikatuta

Ukatu egin du mobilizazio hauek «elitistak» direnik eta zerbitzuburuei soilik eragiten dietenik, erran izan den bezala. Zerbitzuburuak izan ziren lehenak Perez eta Gurrutxaga kargutik kendu zituztenean desadostasuna agertzen, eta eurak egon dira orain arteko protesten lehen lerroan. Baina Telleriak azaldu duenez, mediku arloko «estamentu guztiak» daude inplikatuta. Erizaintzako ordezkariak ere badaude eta, hain zuzen, asanblada «denen ahotsa entzuteko» antolatu dute.

«Boterea pilatzeko asmoa» leporatu izan diete zerbitzuburuei, baina Hemodinamika eta Kardiologiako buruak argitu duenez, hain justu hori ez gertatzeko neurriak hartzea dago Osakidetzarekin duten bilerara eramanen dituzten aldarrikapenen artean. Arduradunak ikuskatzea proposatuko dute, adibidez.

Astelehenean Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin bilduko dira eta orduan hasiko da elkarrizketa, azpimarratu du Telleriak. «Emaitza onak» espero dituzte, «baikorrak» dira.

Garbitzaileak ere protestan

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi aretoan asanblada egiten ari ziren bitartean, garbitzaile talde batek elkarretaratzea egin du kanpoaldean. Osakidetzak zerbitzu hau emateko kontratatutako enpresei «hitzarmen duin bat» exijitzeko grebaren hirugarren eta azken eguna izan dute.

«Pandemian ezinbestekoak ginen; orain, ordea, ikusezinak gara», adierazi du garbitzaile batek.