INFO

Elordi-Zabaletak geldiezinak izaten jarraitzen dute eta laugarren puntua eskuratu dute

Ostiral gau honetan urdinez jantzitako bi pilotariak Urrutikoetxea eta Albisu baino hobeak izan dira Irurtzunen, gehienbat atzelariak oso atzean ipini duelako pilota eta aurrelariak bikain amaitu dituelako partidako 14 tanto.

Elordik eta Zabaletak oso bikote sendoa osatzen dute. (Jon URBE | FOKU)

Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak laugarren puntua eskuratu dute aurtengo Binakako Txapelketan Irurtzungo Bi Ahizpe pilotalekuan Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisuren kontra jokatutako partidan garaipena lortu ostean (11-22).

Denek ematen zituzten faboritotzat bi pilotari hauek, eta oraingoz ez diete pilotazaleei hutsik egin. Gaur gauean ikusi da zer nolako bikote ona osatzen duten. Bikain defendatzeaz gain –0-4koa horren adibide ona izan da–, aurrelari mallabiarrak tantoak bikain amaitu ditu aurrean, Urrutikoetxeari aukerarik eman gabe, eta 14 tantorekin amaitu du neurketa, denak jokoan –sakez ez du bat ere egin–.

Honi beste faktore garrantzitsu bat gehitu behar zaio: Zabaletaren kolpea. Nafarrak, beste behin, atzean dominatu dio Albisuri eta sekulako zartakoak ikusi ahal izan dira Irurtzungo pilotalekuan. Gehienbat 4-8tik 4-11ra bitarteko tantoetan. Hor, atzelariak oso atzean ipini ditu hiru pilota. Gipuzkoarrak gutxi egin ahal izan du jokaldi horietan, eta urdinek alde egin dute markagailuan.

Egia da Urrutikoetxea bikote gorria partidan mantentzen ahalegindu dela. Bizkaitarrak bost tantorekin –eta sakez beste bi– amaitu du norgehiagoka, horietako batzuk ederrak –1-4koa, adibidez, boleaz egindako bi paretak izan dira–, baina ez da nahikoa izan hirugarren garaipena izango litzatekeena lortzeko.

Izan ere, urdinek espazioak bilatzen eta handituz jarraitu dute, eta Elordik bikain aprobetxatu ditu espazio horiek guztiak min handia egin eta laugarren garaipena eskuratzeko.

PARTIDAKO FITXA:

Urrutikoetxea-Albisu: 11

Elordi-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 359. Iraupena: 45:05. Markagailua: 0-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-11, 5-11, 5-14, 6-14, 56-15, 8-15, 8-19, 11-19 eta 11-22. Sakez egindako tantoak: 2 Urrutikoetxeak eta 0 Elordik. Jokoan egindako tantoak: 5 Urrutikoetxeak, 0 Albisuk, 14 Elordik eta 5 Zabaletak. Hutsak: 2 Urrutikoetxeak, 1 Albisuk, 3 Elordik eta 1 Zabaletak. Gertakariak: Giro eta sarrera ona Irurtzungo Bi Ahizpe pilotalekuan Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiko partida ikusteko. Lehen sakea urdinentzat.