INFO
Elkarrizketa
Amaia Aldai Gonçalves
Lau eta Erdiko txapelduna

«22. tantoa egin nuenean barruan nuen presio guztia atera nuen, eta sekulako poza sentitu»

Aldaik bigarrenez jantzi du Emakumezkoen Master Cupeko Lau eta Erdiko txapela, 22-15 irabazi dio Arrizabalagari. «Txapelaren zati handi bat» azken horrena dela esan du Dimakoak. Aseezina da Aldai, eta txapel guztiak irabazi nahi ditu. Binakakoa du begiz jota.

Amaia Aldai Lau eta Erdiko Emakumezkoen Master Cupeko irabazlea, Dimako frontoiean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Presaka iritsi da elkarrizketara Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000); unibertsitateko klaseak izan baititu goizean. Iritsi den moduak bere izaera ezin hobe islatzen du: egunean hamaika gauza ditu egiteko, eta alde batetik bestera ibiltzen da. Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko txapela irabazi berri du bigarrenez jarraian, pasa den larunbatean, eta aitortu du «karga handia» izan dela urte osoa gorriz jokatzea. Dimakoa hitz errazekoa da, eta ez du arazorik pentsatzen duena esateko. Besteak beste, kirolean profesionaltasuna lortzeko eman beharreko pausoei buruz aritu da, baita psikologoak eman dion laguntza emozioak kudeatzean ere. Horrez gain, aitortu du «gogorra» izan zela futbola eta pilota maila gorenean uztartzea.

Egunerokotasunarekin batera bueltatu zara errealitatera ala oraindik finala duzu buruan?

Finaletik zenbait egun pasatu dira jada, eta egunerokotasunera itzuli naiz, baina hasieran kostatu zitzaidan errealitatera bueltatzea. Izan ere, finala irabazi osteko bi egunetan oraindik ez nuen sinesten nola irabazi nion Olatzi [Arrizabalaga]. Bera erreferente bat izan da niretzako, eta oraindik jarraitzen du izaten. Elkarrekin entrenatzen dugu, eta askotan arretaz begiratzen diot nola jokatzen duen, zelan irakurtzen dituen partidak... Kostatu zitzaidan barneratzea horrelako pilotari bati irabazi eta gero txapel hori nirea zela sinestea.

Pasa den urtean ere eskuratu nuen txapel berdina, baina aurtengoa garrantzitsuagoa izan da presioarengatik. Urte guztia gorriz jokatzea ez da batere erraza, karga handia da, eta txapelketa hasi aurretik presio handia nuen. Entrenamendu oso txarrak izan dira, eta ez nuen disfrutatzen. Finalera heldu nintzenean presio hori joan zitzaidan, demostratu nuelako joan den urtekoa ez zela izan kasualitate bat. Pilota mistoarekin denbora gutxi daramat, eta kirolean soilik lau urte egin ditut. Beraz, baloratzekoa da finalera iristeko egin dudan lana.

Behar bezala ospatu zenuen garaipena?

Gurasoak enkargatu ziren ospakizunaz. Afaria izan genuen herrian, eta azken momentuan Olatz eta Enara Gaminde gonbidatu genituen batera entrenatzen dugulako. Gainera, Olatzek, nahiz eta nire aurka galdu, baiezkoa eman zuen. Berriz ere hor demostratzen du nolako pertsona den. Afariaren ondoren kuadrillakoekin Igorrera (Bizkaia) joan nintzen parranda egitera, eta soberan ospatu genuen txapela. Ez nuke ezer aldatuko ospakizunean.

Emakume Master Cupek antolatu dituen Lau eta Erdiko hiru txapelketetatik bi irabazi dituzu. Adierazgarria bada, ezta?

Pilotan hasi nintzenean ez nuen intentziorik jarraitzeko. Bigarren plano batean nuen kirola zen. Futbolaria nintzen, eta bertan ere maila on batean jokatzen nuen. Baina halako maila ematen hasi nintzenean pilotan ere, bietako bat aukeratu behar nuen. Azken finean, oso gogorra da bietan aritzea. Izan ere, bietan ona izan nahi baduzu, batengatik apustu egin behar duzu, eta pilota aukeratu nuen, erakusten ari nintzen mailagatik.

Horrez gain, orain arte egin dudan lana ez dut esango besteak baino gehiago egin dudanik, baina agian esfortzua bai izan dela apur bat handiagoa. Beste pilotari gehienek ez diote utzi pilotan jokatzeari. Esaterako, Olatzek pilota munduan jarraitzen zuen, eta palan ere ibiltzen zen. Nik, ordea, hamar urtez pilota albo batera utzi nuen guztiz; ez nuen ez jokatzen, ez entrenatzen, ez ezer. Horregatik, oso garrantzitsua izan da pilotan segitzeko bi txapela jarraian irabaztea. Hala ere, izan ditut zalantzak ea futbola uztea izan den benetan nik nahi nuena. Pasa den urtean burutik pasa zitzaidan futbolera bueltatzea, baina horrelako garaipenek bultzatzen naute pilotan jarraitzera, eta hemendik datozen txapelketa guztietan motibazio gehiago izatera.

«Pasa den urtean burutik pasa zitzaidan futbolera bueltatzea, baina horrelako garaipenek bultzatzen naute pilotan jarraitzera eta hemendik datozen txapelketa guztietan motibazio gehiago izatera»

Zein izan zen arrazoi nagusia pilotaren aldeko apustua egiteko?

Batez ere gehiago disfrutatzen nuelako pilotan. Futbolean ona nintzela esan daiteke; Athleticen [entrenatzen] egon nintzen, eta Euskadiko selekzioarekin ere. Baina horiek bukatzen diren momentuan motibazioa galtzen duzu. Gogorra da Athleticek esaten dizunean jada ez duela zurekin kontatzen. Horrez gain, giroagatik ere pilotaren alde egin nuen. Futbolean Arratiarekin Euskal Ligan jokatu genuen, eta hor gauzak ondo zihoazenean denak pozik geunden, baina Bigarren Mailara igo ginenean gauzak okertu egin ziren, eta horrek gure arteko harremana aldatu egin zuen: ez dut esango harreman txarra genuenik, baina bai tentsio askoko momentuak bizi izan genituela, presio askokoak, gainera. Momentu horretan ez nuen jakin hori kudeatzen, eta ez nuen batere disfrutatzen.

Gero, covid-19a heldu zen, eta aprobetxatu nuen pare bat buelta emateko gaiari, eta hausnartu nuen pilotan gehiago disfrutatzen nuela. Nahiz eta binaka jokatu banakako kirol bat da; gauzak ondo doazenean zure ardura da, baita gaizki doazenean ere. Pilotan ez duzu nori bota errua, eta futbolean erraza da errudun bat bilatzea, eta beste bati leporatzea egindako akatsa. Ikusita pilotan sortu genuen giroa, eta frustrazioa hobeto kudeatzen nuela, horren aldeko apustua egin nuen.

Finalaren aurretik Olatz Arrizabalagak eta zuk buruz buruko hamar partida jokatuta zenituzten elkarren aurka. Horietatik bakoitzak bost irabazita, finalean zure alde erori zen balantza. Konfiantzaz zeuden?

Hasieran urduri nengoen, baina esan zigutenean elkarren aurka hamar partidatik bost irabazi genituela bakoitzak, zera pentsatu nuen: ‘Bost aldiz irabazi badiozu, zergatik ez seigarren bat?’. Estatistika hori jakin nuen partida hasi baino hamar minutu lehenago egin zidaten elkarrizketan, eta asko lasaitu zidan. Gainera, gogotsu nengoen: finala baino hilabete lehenago jokatu nuen lagunarteko bat Lau eta Erdian Olatzen aurka Gordexolan (Bizkaia), eta 18-17 irabazi nion. Orduan pentsatu nuen bera maila onean zegoen moduan, ni ere maila ona emateko prest nengoela. Gainera, uste dut fisikoki gaur egun bera eta ni garela indartsuenak, eta ni oso fresko igartzen nintzen kantxan.

Arrizabalaga eta zu aurkariak izateaz gain, lagunak ere bazarete. Bakoitzak bestearen ahulguneak eta indargunean soberan ezagutzen dituzue. Uste duzu lehian ondo kudeatu zenuela hori?

Ez nuke esango berak ahulguneak dituenik, baina banekien bere indarguneetako bat aireko jokoa zela. Berak kantxa aurrean jokatzen bazuen banekien ez nituela aukera asko izango partida irabazteko, eta defentsan aritu beharko nintzela. Helburua zen kantxaren erdia nik hartzea, eta frontisetik ahalik eta urrunen jokatzea, bera deseroso sentitzeko. Eta uste dut hori lortu nuela. Pilota oso luzeak jo nituen abiadurarekin, eta, hain justu, abiadura eta oldarkortasuna dira nire dohainetako bi. Hortaz, aurretik partidarako pentsatuta nuen estrategia ezin izan nuen hobeto burutu.

16-13. tantoa izan zen demako erabakigarrienetako bat. Luzea izan zen, eta azkenerako, Arrizabalagak dejada txapara bota zuen. Partida oso bestelakoa izango zen dejada horrek txapa jo ez balu. Horrelako unetan zortea izatea ere garrantzitsua izaten da final bat irabazteko, ezta?

Bai, tanto hori sartuko balitz, guztiz ezberdina izango litzateke lehia. Berak hartuko zuen partidaren ekimena, eta alde batetik bestera mugituko ninduen. Baina suertez nire alde jausi zen tanto hori. Horrez gain, tanto luze gehienak nik eraman nituen defentsa ona dudalako; eta zorte pixka batekin, ez bakarrik merituzko partida egin nuelako, 22. tantora iritsi nintzen.

Zer sentitu zenuen 22. tantoa egin zenuenean?

Ez nuen sinesten. Barruan nuen presioa guztia atera nuen, eta sekulako poztasuna sentitu. Normalean ez ditut horrela ospatzen garaipenak, baina garrasi egitea eta besoak gora altxatzea atera zitzaidan. Egia da pena ere sentitu nuela Olatzengatik, ikusten nuelako ez zuela bere mailarik onena eman. Hala ere, uste dut ez zuela bere maila onena eman ez berak gaizki jokatu zuelako, baizik eta nik ez niolako utzi bere onena ematen. Lagunak gara, eta ez da gozoa izaten lagun bati horrela ikustea. Bestalde, familiako kide asko etorri ziren, ia kuadrilla osoa ere; eta ikustea beraien aurpegian nolako harrotasuna sentitzen zuten nire txapelagatik... horrek ere eragin zuen ni harro sentitzea.

Zeini eskaintzen diozu txapela?

Lehenik eta behin Olatzi; ez bakarrik pilotan lagundu didalako, baita pertsonalki ere. Txapelketa hasi nuenean adorerik gabe eta presio askorekin nengoen, eta berarekin hitz egiten nuen. Nahiz eta berak jakin momentu batean elkartuko ginela txapelketan, eskua luzatu zidan, eta lasaitzen saiatzen zen. Finalaren aurretik ere esaten zidan garrantzitsuena zela partida polit bat egitea, eta biak gustura geratzea. Eta horrek asko esaten du pilotari batetaz. Pilotaria izateaz gain, eta bere lorpenak buruan izateaz gain, besteengan ere pentsatzen du, eta txapelaren zati handi bat berarentzako dela argi dut, eta berak hori ere badaki. Olatzez gain, familiakoei, lagunei eta nire psikologoari ere eskaintzen diet txapela. Behin baino gehiagotan eman dizkiot eskerrak psikologoari. Bere laguntzarik gabe oso desberdina izango litzatekeelako partida, ez nuelako bete-betean jokatuko. Lagundu didaten guztientzat ere bada txapel hau.

«Olatzek finalaren aurretik esaten zidan garrantzitsuena zela partida polit bat egitea, eta biak gustura geratzea. Eta horrek asko esaten du pilotari batetaz»

Psikologoarena aipatu duzula. Zertan lagundu dizu bereziki?

Kirolean frustrazioa kudeatzen lagundu dit: oso oldartsua naiz, eta erabaki bat hartu baino lehen, askotan ez dut pentsatzen. Adibidez, ni sakera noanean, oso astiro doan pilotari bat naiz. Hori hobetzeko sakea ateratzerakoan arnasketa batzuk egiten ditut, eta horrek laguntzen dit kontzentratzen eta lasaitzen. Horrez gain, psikologoak pauta batzuk eman zizkidan lasaituko nauen norbait bilatzeko kantxan, eta nik aitari begiratzen diot. Izan ere, aurpegira begiratzen diodanean eta buruarekin baietz esaten didanean, asko lasaitzen nau. Emozioen kudeaketan lagundu dit gehien psikologoak.

Horren inguruan, odol beroko pilotaria zara, eta frontisean zure emozioak azaleratu ohi dituzu. Horretan hobetzeak eraman dizu, neurri batean, txapelketak irabaztera?

Bai, partida asko ikusi eta gero lotsa sentitu izan dut zelako jarrera erakusten nuen frontisean. Gainera esaten digute erreferenteak garela, neska eta mutil gazteak ikusten digutela, eta horrelako jarrerekin ez nindoan inora. Ez zen bakarrik kantxan ematen nuen irudiagatik, baizik eta gero zer-nolako sentipenak nituen partida ondotik. Ez nengoen kontzentratuta, eta jada ez zen soilik irabazi edo galdu, ez nuen kirolaz ere disfrutatzen. Batzuetan irabazi arren, tantoren bat gaizki egiten banuen haserretu egiten nintzen. Horri buelta emateak erakutsi dit zergatik maite dudan kirol hau. Behintzat, disfrutatzera eraman nau horrek.

Fisikoki indartsua zara, aurkariak baino koska bat gorago zaude alor horretan. Hala ere, hori bereziki lantzen duzu entrenamenduetan?

Iaz hasi nintzen pilotako prestakuntzaz gain, entrenamendu funtzionala egiten. Gorputz osoko giharrak lantzen dira, eta prebentzioko ariketak ere egiten ditut. Ikusi dugu Laiak [Salsamendik] bigarren aldiz hautsi duela belauneko lotailua, eta uste dut prestakuntza fisikoa egiteak laguntzen duela horrelakoak saihesten. Fisikoki ondo zaudenean gehiago disfrutatzen duzu, nekatuta zaudenean ezin diozu arnasari buelta eman, eta nik hori zortez ez dut bizi izan, pilotan hasi nintzenean futbolean ere aritzen nintzelako, eta futbolak prestakuntza horretan asko lagundu zidalako. Futbola uztean, erabaki nuen pilotaz aparteko entrenamendu bat egitea; ez ni ongi sentitzeko, baizik eta borrokatzen ari garenerako. Profesionaltasuna lortu nahi bada, profesionalen moduan lan egin behar dugu, asteko egun guztietan edo ia guztietan entrenatuta.

«Profesionaltasuna lortu nahi bada, profesionalen moduan lan egin behar dugu, asteko egun guztietan edo ia guztietan entrenatuta»

Profesionaltasuna aipatu duzula, profesionala ez zara, baina hala bazina bezala entrenatzen duzu. Zein pauso daude emateko?

Pilotari guztiak profesionalak bagina bezala entrenatu behar dugu. Ezin dugu eskatu profesionala izatea, eta astean bi aldiz entrenatzea. Baldintza txarretan, gainera. Kalitatezko orduak sartu behar dira nola frontoian hala prestakuntza fisikoan. Horrez gain, elite mailan gauden pilotarietan ere azpi maila batzuk daude; eta lan egin behar da guztiak maila on bat lortzeko, eta final guztiak Arrizabalaga-Aldai ez izateko. Denon maila berdintzea da eman beharreko pausoa, eta hori dena lortzen denean agian eskatu ahalko dugu profesionalak izatea. Baina horretarako lan egin behar da profesional baten moduan, bestela ez dugu eskubiderik hori eskatzeko.

Nolakoa irudikatzen duzu emakumezkoen pilotaren etorkizuna?

Emakume pilotari profesionalak egotea nahiko nuke. Argi dut oso zaila dela, eta hemendik hamar urtetara nork daki, baina orain pilotari guztiak asumitu behar dugu bidea egiten ari garela atzetik datozenentzat. Guk ez dugu profesionaltasuna lortuko, ezta hori biziko ere. Beraz, horretaz kontziente izan, eta lan asko egin behar dugu atzetik datozenei bidea zabaltzeko. Orain arte lan ona egin dugu, eta bidea asko zabaldu dugu. Nik azkenean pilota utzi nuen ez zegoelako ezer emakumezkoentzat [12 urterekin soilik urte bat egin zuen pilotan, eta gero utzi egin zuen futbolera salto egiteko]. Atzetik datozenak ikusi behar dute ez dutela pilota utzi behar emakumeak izateagatik, eta badaudela txapelketa onak jokatzeko. Baina helburua profesionala izatea da, ez neu, baizik eta atzetik datozenak eta horretarako lanean gabiltza.

Hurrengo urtera begira, iaz Master Cup txapelketako binakakoa galdu zenuen Orbegozorekin batera, Espinar eta Agirreren aurka. Arantza hori kendu nahi duzu?

Bai, eta ez bakarrik pasa den urtean galtzeagatik, baita Master Cupeko zirkuituan geratzen zaidan txapel bakarra delako ere. Hori lortuko banu, eskuratu ahalko nituzkeen txapel guztiak lortuko nituzke. Garrantzitsua da nire helburu guztiak betetzea, egia da lortuz gero ere berdin jarraituko nukeela, nire helburua beti delako txapelak irabaztea. Baina behintzat ziklo hori itxiko nuen, eta presio gutxiagorekin jokatu ahalko nuke.