Poza, lana eta esker ona, bertsolarien lehen sentipenak finalaren ostean
Tentsio handiko eguna izan da bertsolarien hitzetan gaur Iruñean jokatutako finala. Txapelduna zoriondu dute eta eskertza hitzak adierazi dituzte txapelketa «posible egiten» duten denei.
Oholtzako tentsio eta urduritasunak oraindik gorputzean eman dute prentsaurrekoa finalistek. Emozioen festa handi bezala bizitu dute eguna, lan egiteko eguna zela aipatu dute guztiek, eta etengabeko lanaren ondorioz pozik amaitu dute eguna.
Maialen Lujanbio txapelduna izan da lehena hitza hartzen, egun luzea eta «lantsua» izan dela aitortu du, eta bazuela zor bat finalarekiko, zuzenean gaurko saioan kantatu baitu lehen aldiz. Pozik amaitu du eguna hala ere: «Bila eta bila ibili naiz, momentu batzuetan korrontearen kontran, eta azkenerako pixka bat sintonizatuago». Hirugarren txapelak aurreko txapelekin alderatuz balio ezberdina duela beretzat kontatu du, hirugarren aukera hau beste patxada batekin bizi duela esan du: «Txapela irabazteko derrigortasunaren gose izugarri hori ez nuen».
Buruz burukoa Amets Arzallusekin jokatu du Lujanbiok, eta Arzallusek adierazi du emozionalki oso intentsoa egin zaiola eguna. Bere ustez bertsoaz harago doan egun bat dela aitortu du: «Euskaraz bizi den herri baten ametsa bizirik dagoela ikusten da, eta etorkizunerako proiekzio eta baikortasunez bizi dela ikusi da».
Oholtzaren atzeko lana hartu du mintzagai Aitor Mendiluzek, bai bertsolarien prestakuntzan, baina batez ere, «oholtza horretan kantatu dezagun atzetik dagoen lana». Eroso sentitu dela taldean kontatu du, eta gaurko egunez hustu bezainbat kargatu dela esan du: «Etorri naizena baino hobe noala sentitzen dut, eta hori asko da».
Sustrai Colinak poztasunaz gain harrotasuna aipatu du, «uste dut plaza berri bat irabazi dugula, eta espero dut uhin espantsibo handi bat ekarriko duela». Pertsonalki, aitortu du ez dela disgustura aritu, baina lan gehienetan eseri dela «ongi, baina» sentsazioarekin.
Alaia Martin zen finalista berrietako bat, eta bide polit bezala gogoratuko duela txapelketa adieazi du, gozatu egin duela ere bai. Saioko bere lanari dagokionean, «bluetooth-a konektatu eta deskonektatzen» bezala sumatu du bere burua.
Beñat Gaztelumendik adierazi du lortu duela bere helburua: «Ez nuen erregularra izan nahi, eta irregularra izan naiz bere alde on eta txarrekin». Duela bost urteko finalarekin konparatuz, postu bat baino gehiago egin duela gora esan du.
Nerea Ibarzabal zortedun sentitu da «argazki berriaren» parte izateagatik, eta kolektiboki egun ederra dela. Arantzatxo bat baduela halere onartu du: «Pertsonalki pozarekin beharrean, beldurrarekin sentitu naiz goizean, eta arratsaldera arte ez dut pozarekin konenktatzea lortu, lan psikologiko gogorra izan da».
Hirugarren aurpegi berrietako bat Joanes Illarregi izan da gaurkoan, eta bide luze baten «borobiltze» bezala definitu du eguna. «Pertsonalki nahi nuena lortu dut, gorputzaldi egokiarekin kantatu nahi nuen, eta plazak niri gain ez hartzea, uste dut lortu dudala bertan egoten».