Bertako elikagaiei aplikatzen zaizkien marjinak apaltzeko eskatu du ENBAk
Abeltzain eta nekazarien sindikatuak zenbait produktuetan antzemandako marjinak salatu eta hauek apaltzeko eskatu die saltokiei, %80ak izatera iristen baitira. Aplikatzen diren komisioek kooperatibek jasotakoa murrizteaz gain, salmentak ere kaltetzen ditu, inflazioak ere ez baitu laguntzen.
ENBA sindikatuak salatu duenez, nekazaritzako elikagaien katean «kalitatezko» tokiko produktuei ezarritako marjina komertzialak «gehiegizkoak» dira, izan ere, kasu batzuetan, oilaskoan eta tomateetan, esaterako, %80ra iristen dira.
Astelehen honetan ohar bidez azaleratu du arazoa, xehetasunez bildu dutena txosten batean. Bertan salatu dituzte behi-haragiari aplikatutako %33ko marjinak, behi-esneari (%45 eta %55 artean) edota supermerkatuko tomateei aplikatutakoa (%45e). Azken hau, are garestiago izan daiteke denda tradizionaletan, marjina %85era irits daitekeelako.
ENBAren txostenak, halaber, marjina hauek erakusten ditu: gaztarena (%44-%55), jogurtena (%55), sagardoarena (%68), eztiarena (%70), Gernikako piperrarena (%73), sagarrena (%87) eta urazena (%118).
Hori dela eta, bertako produktuei aplikatutako «gehiegizko» tarte hori «apaltzeko» neurriak eskatu ditu nekazarien eta abeltzainen sindikatuak, horrek, bere ustez, «kalitatezko» artikulu horien «salmenta bultzatzen» lagunduko lukeelako «baserritarrek jasotakoa hobetzeaz gain».
«Marjinak alde batera utzita –dio oharrak–, ezkutuan geratzen den gai bat azaleratu nahi dugu, itzalean dagoena, hau da, gure produktuei aplikatzen zaizkien komisioak, arrazoi edo justifikazio desberdinengatik, ekoizleek eta haien enpresa eta kooperatibek jasotako prezioa are gehiago murriztuz».
«Salmenta-puntuetan, egiari zor, gaur egun tokiko produktu asko dago, jakina, kanpoko produktuarekin batera. Ondorioz, salmenta-zentroek nabarmen hobetzen dute marka-irudia, publizitatearen bidez, kateak tokiko lehen sektorearekin duen lotura nabarmenduz», dio ENBAk.
Hala ere, egiaztatu du «tokiko produktuaren presentzia nabarmena bezain ukaezina» dela, eta «aplikatutako marjinak ikusita», artikulu horiek «asko eta artifizialki garestitu direla».
Egoera horrek, egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, «inflazio oso handiarekin», familia askoren erosteko ahalmena murriztu du, eta, horrekin batera, «tokiko produktuen salmentak», kasu batzuetan, «%10 eta %12 murriztu dira».
Gauzak honela, «aplikatutako marjinak murrizteko» deia egin die sindikatuak merkataritza-establezimenduei eta banaketa-kateei, ekoizpen-kostuak estaltzea eta salmentak «bultzatzea» bermatzeko. Horretarako, banaketa-sektoreari eskatu dio «komisioak eta tratamendu bereizia ken ditzala, marka zuriaren eta enpresa-markaren artean, azken horien kaltetan».
Azkenik, Lakuari eskatu dio «Behatokiaren lanak bizkortzeko, ekoizpen kostuen txostenak argitaratzeko eta banaketako establezimendu eta kateen kontrolak handitzeko, Elikadura Katearen Legea betetzen dela bermatzeko».