INFO

Osakidetzan negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko dinamika hasi dute sindikatuek

Osakidetzan negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko mobilizazio dinamika hasi dute Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek. Ostegunean elkarretaratzeak deitu dituzte ospitale eta Lehen Mailako Arretako zentro guztietan.

Lehen Arreta babesteko eta lan baldintza duinak eskatzeko Bilbon egindako elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. (Marisol Ramirez | Foku)

Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazio dinamika hasi dute Osakidetzan, negoziazioa eskatzeko eta osasun publikoa babesteko, ohar batean jakinarazi dutenez. Gauzak horrela, elkarretaratzeak deitu dituzte ostegunean 11.00etan ospitale guztietan eta 13.00etan Lehen Mailako Arretako zentro guztietan. Gabonak igarota, mobilizazioekin jarraituko dute.

Elkarrizketa eza eta zuzendaritzaren jarrera «inposatzailea» Osakidetzan ez direla berriak nabarmendu dute sindikatu hauek. «Denbora asko daramagu salatzen mahaia foro huts bihurtu dela, informatiboa, bertan ez dela benetako negoziaziorik egiten, eta Osakidetzak nahi duenari eta nahi duenean bakarrik heltzen diola. Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, eta horrek erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori, bai profesionalentzat, bai herritarrentzat, gure osasun publikoaren narriadura oso nabaria den une honetan. Eusko Jaurlaritzaren propagandak ezin du herritarrek zuzenean pairatzen duten errealitatea ezkutatu», nabarmendu dute.

Urte hasieran sindikatuak mahai sektorialetik altxatu zirela gogoratu dute. Egoera desblokeatzeko Osakidetzako zuzendaritza Lan Harremenen Kontseilura deitu zuten baina ez zen agertu. Abenduaren 7an izan zuten bileran, berriz, Osasun sailiburua bertan zelarik, «elkarrizketarako borondate eza eta inposizioaren aldeko apustu sendoa egiaztatu ahal izan zuten».

«Errealitate bakarra da Osakidetzak bere ibilbide-orriarekin jarraitzen duela, langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe, eta, gainera, existitzen ez den negoziazioaren itxura egiteko erabili nahi duela mahai sektoriala. Uda aurretik bultzatutako mobilizazioei ere ez die jaramonik egin: manifestazio jendetsuak, langileek zein herritarrek era masiboan bultzatutakoak, eta lau greba egun. Mobilizazio horiek Osakidetzaren egiturazko arazo larrien, langileen eta herritarren gogaitasunaren eta premiazko konponbideen beharraren isla argia izan dira», gaineratu dute sindikatuek.

«Argi dago Osakidetzaren gobernantza ereduari eta barne demokrazia sustatzeko premia larriari buruzko hausnarketa egin behar dela. Bertikaltasuna eta inposizioa Osakidetzako zuzendaritzatik hasten dira, baina euskal osasun zerbitzuaren barne egitura osora hedatzen dira. Osakidetzaren demokratizazioak mahai sektorialaren blokeoa gainditzea eta plantillako legezko ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatzea eskatzen du, eta hori guztia, denbora luzez sindikatuak salatzen ari diren gure osasun publikoa hondoratzearen aurrean benetako eta berehalako konponbideak abian jartzeko helburuarekin», salatu dute.

«Bitartean, lan prekarietateak gure osasun publikoaren arazo handienetakoa izaten jarraitzen du: %50etik gorako behin-behinekotasun tasa, hamarkada batean erosteko ahalmenaren %20tik gorako galera, lan gainkarga sistematikoa, langileen eskasia, etab. Aldi berean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko Bihotzeko Kirurgia ixteko proiektuan aplikatutako murrizketek indarrean jarraitzen dute. Eta murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan Gabonetan, baita lan baldintzetan ere, Garapen Profesionalean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea, besteak beste. Osakidetzako kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan ematen diren arazoen aurrean gaude», erantsi dute.