INFO

Santamasak indarberrituta itzuliko dira Arrasatera

Bi urteko etenaldiaren ondoren, inoiz baino indartsuago itzuliko dira santamasak Arrasatera. Ohiko barazki eta ganadu azokaz, txerri zozketaz eta musika emanaldiez gain, aurten hainbat berritasun izango da: artile mozketa eta forja erakustaldiak, euskal pentatloi desafioa…

Aurten ganadu azoka izango da, baina hegazti gripea dela-eta, ez da hegaztirik eramango azokara. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gabonen atariko azoka da Arrasateko santamasetakoa, are gehiago abenduaren 22an ospatzen delako, beste herrietan baino egun bat beranduago, eta horrela bat egingo du Gabon bezperako ekitaldiekin.

Aurreko urteetan bezala, Santamas Komisiñuak egitarau zabala prestatu du Arrasateko zenbait kultur talderen eta Udalaren laguntzarekin. Ekitaldiak gaur bertan hasiko dira, abenduak 21, etxaflero eta bertso saioarekin, baina egun potoloa biharkoa izango da, abenduak 22.

Goizeko hamarretan zabalduko dira fruta, barazki eta ganadu erakusketak, eta ordu horretan bertan aurkeztuko dute azokako protagonista nagusia: santamasetako txerria, aurreko urteetan bezala Aretxabaletako Zaloña Aurrekoa baserrikoa eta aurten “Txerrinsky” izenekoa.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 180 kilo inguru pisatzen du, eta ama euskal txerria eta aita mestizoa ditu. Duela gutxi txerrikumeak izan zituenez, argal iritsiko da santamasetara hiru urte dituen txerria. Zaloña Aurrekoa baserriko Ibai Alberdi jabearen arabera, «oso lasai eta maitagarria» da.

Antolatzaileek txerri zozketa eta errifa salmentaren garrantzia azpimarratu dute, 500 euroko saria irabazteko aukeraz gain, jai herritar hauei bultzada emateko modu zuzena baitira.

Aurtengo egitarauan hainbat berrikuntza izango da. Alde batetik, artile mozketa erakustaldia izango da, 11.00etan eta 13.00etan, Mikel Velasco artzain arrasatearraren eskutik. Bestetik, euskal pentatloi desafioa antolatu da, 12.30ean hasita, bi bikote mistoren artean: Karmele Gisasola eta Aratz Mugerza vs Julen Kañamares eta Uxue Ansorregi.

Horrez gain, erakustaldia betetzeko motozerra tailak egingo ditu Peio Kañamares nafarrak. Hori gutxi ez eta trontza txapelketa herrikoia ere izango da Zaldibarren.

Beste berezitasun bat, artisau azokaren baitan forja erakustaldia egingo dela, burdinaren formaren eraldatze prozesu desberdinak ikusi ahal izateko.

Aurten, bestalde, herri bazkaria berreskuratuko dute Musakolako kiroldegian eta, aurreko urteetan bezala, autobus zerbitzua eskainiko da dohainik. Bazkari gunera sartzeko tiketa erakutsi beharko da, aforoaren inguruko legeak hala behartuta. Bazkalostea, ohitura bihurtu den moduan, AZ Gaubelak bikoteak alaituko du.

Bestalde, eta Santa Lutziko azokan gertatu den bezala, aurten ezin izango dira inguruko baserrietako hegaztiak erakutsi, hegazti gripea dela-eta, eta ondorioz ganadu azoka bakarrik egingo da: behiak, pottokak, moxalak, behorrak, idiak, astoak eta ardiak.

Kartelaren esanahia

Aurtengo santamasetako kartela Iban Galan “Desegin” ilustratzaile arrasatearrak sortu du eta aurten hiru bertsio egin ditu, «jaiak helarazten dituen balioak islatzeko».

Horrela, zapia, txapela eta abarkak erabili ditu metafora gisa berdintasuna, aniztasuna eta integrazioa irudikatzeko. Iban Galanek berak azaldu duenez, «gaur egun, Arrasate osatzen dugunok, zonalde ezberdinetakoak garelako eta jaiegun honetan parte hartzeko denontzako tokia dagoelako».