Suteek kaltetutako lurrak berpiztuko ditu Errigorak ereindako haziak
Ekainean Nafarroan izan ziren suteen ondoren martxan jarritako elkartasun kanpainari esker ingurunea berdetzeko ekimenak bultzatuko ditu Errigorak bertako eragileekin batera. «Errautsak ongarri» bilakatzea lortu dutela nabarmendu dute gaur Iruñean egin duten aurkezpenean.
Ekainean Nafarroan izan ziren suteek 15.000 hektarea kiskali zituzten Ager eremuan. Kaltetutako lurren artean basoak, zereal-lurrak, olibadiak, mahastiak eta abar zeuden. Errigorak, bertako biztanleekin batera, auzolanerako deia egin zuen, «errautsak ongarri izan zitezkeelakoan», ekimenaren kide Ibai Sueskunek gaur Iruñean azaldu duenez.
«Gure txikitasunetik beste behin, herriak egiten duela sinetsita eta oinak lurrean izanik diru bilketa bat burutu genuen uztaileko lehenengo hamabostaldian. ‘Lurra, sua, ura, herria’ lelopean kanpaina ezohiko eta urjentziakoa izan zen», gaineratu du Sueskunek.
Lehenengo 10.000 euroak Errigorak berak jarri zituen. Orotara, 85.000 euro bildu dituzte. Kultura eta kirol munduko lagunen babesa jaso zuten. Udalen eta taldeen sostengua ere bai. Baina laguntza nagusia Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako norbanakoen ekarpenak izan dira.
«Bildutako diruarekin, lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak sustatu nahi ditugu, garapenaren eta berehalako errentagarritasunaren izenean bazter utzi ditugun praktika iraunkorrak berreskuratuz», berretsi dute gaur kanpainaren hasieran jarri zuten helburua.
Horretarako, diziplinarteko mahaia osatu zuten. Bertan, Cpaen Nafarroako Nekazal Produkzio Ekolokigoaren Kontseiluko presidente Mirian Otxotorena, Mikel Tabar Tafalla-Zangozako basozaina, Victor Rubio suhiltzailea, Patxiku Irisarri EHNE-Nafarroako idazkari nagusia, Juan Carlos Castillo Azkoiengo alkate eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren presidentea eta Imanol Ibero nekazari eta Errigorako kidea izan dira.
Proiketuek bi irizpide izan dituzte. Alde batetik, suteak zabaltzeko zailtzeko eta herriguneak babesteko suebaki berdeak sortzea. Bestetik, abeltzaintza estentsiboa sustatzea, ganadua izan dadin suhiltzaile eraginkorrena.
Xabi Unzue abeltzainak azaldu duenez, Uxue eta San Martin Unxen inbertituko da bildutako dirua. Bai batean zein bestean herritarrek eta udal arduradunek batera osaturiko proiektuak dira eta elkarlanean garatuko dira.
San Martinen lau lan ildo irekiko dira. Batetik, bide berri bat, herriaren sarrera konektatzeko Erriberritik Sanper ingurura, pertsona eta ibilgailuen sarbidea errazteko eta mendi hegalera igarobidea gauzatzeko. Bigarrena aisaldi bat egokitzea izango da, El Boyeral ikusmira gozatzeko baliogarria izango dena. Hirugarrena etxebizitzen parean mahasti berriak landatzea da. Eta laugarrena, herriko behi-abeltzain gaztea laguntzea eta ahuntz-abeltzain berriak erakartzea.
Uxuen hiru izango dira ildoak. Batetik, Antzandieta amildegiaren garbiketa eta iturri zein zubi erromanikoaren berreskurapena. Bigarrena, Lanbide Heziketako eskolekin hitzarmena egitea lanpostuak sortzeko nekazal gaiak, arkeologikoak eta agroforestalak lantzeko. Hirugarrena, herrigunetik Uxue parkerainoko ibilbidea egitea bertako landarediaz gozateko.
«Bi herrietan, eta orokorrean Ager eremuan, lehenengo bultzada bat da hau. Gero beste eragile eta erakunde batzuk ere inplikatu eta proiektu hauei eta berriei jarraipena emateko bokazioz sortutako ekimena baita», gaineratu du Sueskunek.
«Nafarroa erdi eta hegoaldean euskara, elikadura burujabetza eta auzolana sustatzeko sortu zen Errigora eta horretan darrai. Ezagun dira bai udazkenean bai udaberrian egiten ditugun urteroko kanpainak. Baina lan egiteko modu eta helburu beretsuekin egitasmo berriak ere sor daitezke. San Martin Unx eta Uxuen udaberrirako erneko diren kimu berriak ditugu horren adibide», nabarmendu du.