INFO

Qatarrekoaren ordaina hartu nahi du Necolek Maldonadoren aurka Kutxabank Ligako finalean

Frantziarrak Del Rio izango du atzelari eta Ibai Perez argentinarrak. Azken hauek orain arteko indartsuenak izan dira lehiaketa osoan zehar eta elkarren aurka jokatutako bi partidak era irabazi dizkiete larunbat honetako aurkariei.

Lau finalistak astearteko material aukeraketan. (Innpala)

Munduko futbol txapelketaren oihartzunak erabat itzali ez diren honetan, beste Argentina/Frantzia final bat jokatuko da larunbat honetan Bilboko Bizkaia pilotalekuan arratsaldeko 16.30etatik aurrera. Hori bai, Dan Necol eta Nicolas Maldonadok atzelari euskaldunak izango dituzte txapelaren lehian, Asier Del Rio lezamarra arituko da frantziarrarekin eta Ibai Perez izango argentinarraren bizkartzaina. Urteko txapelketarik luzeenean ez dira ez Pablo Fusto ez Esteban Gaubeka izango, baina ikuskizuna ziurtaturik dago, azken hilabeteetako bi bikoterik sendoenen artean.

Txapelketan, ordea, ibilbide desberdinak izan dituzte; Maldonado-Ibai Perezek oso lehiaketa erregularra egin duten bitartean, behetik gora nabarmen eginda sartu dira Necol-Del Rio finalera. 2015ean egin zuen debuta Innpalarekin Saint Geours de Maremnekoak eta larunbatekoa bere zortzigarren finala izango da errenkadan Kutxabank Ligan. Denera lau txapel jantzi ditu, lehena Imanolekin 2015ean eta azkena, iaz, hiru irabazi dituen Urrutiarekin. Finalerdietan Fusto-Gordon kanporatzetik heltzen dira eta horrek moral handia eman die.

Indar handiko bikotea osatzen dute, Necolen eskuina koadroko indartsuenetakoa izango da indartsuena ez bada eta partida osoan zehar erritmoa jartzen saiatuko dira. «Azken partidetan gure arteko konfiantza asko handitu da. Asier gaztea da eta nik eskarmentu handiagoa daukat. Berari hasierako porrotek beldur pixka bat sartu zioten, baina orain askoz hobeto gaude eta garrantzitsuena azken unean ondo aritzea da halako txapelketetan».

Esperientzia eta gaztetasuna

Lezamako atzelariak ekainean estreinatu zuen bere palmaresa Gaubekarekin Bizkaia Opena irabazi ostean eta bigarren finala lotu du, mailara egokitzen ari denaren seinale.

Beste bikotean, ordea, esperientzia atzelariak –Ibai Perezek– jarriko du. Lehen urtea du Maldonadok Innpalan, nahiz eta afizionatu gisan Munduko bi txapel jantziak dituen eta udan Urrezko pala ere irabazi zuen Iñaki Urrutiarekin batera. Enpresako pilotaririk gazteena da Venado Tuertokoa eta argi du nondik joan beharko duen partidak irabazteko aukerak izan nahi badituzte. «Necolek eskuin eskuan duen misil hori saihestu behar dugu eta barrutik jokatu».

Hala egin zuten ligaxkako bi partidetan eta argentinarrak eta Sestaokoak jokatutako bi partidetan garaipena eskuratu zuten, nahiz eta azkenekoa larunbatean urdinez arituko direnek tanto bakarraren aldearekin nagusitu ziren.