Azken astean 18 pertsona hil dira covid-19ak jota EAEn, eta 183 daude ospitalean, 12 ZIUn
EAEn 18 pertsona hil dira joan den astean covid-19aren ondorioz, aurreko astean hildakoak baino bat gutxiago. Ospitalean ere gaitzak jotako 139 gaixo gutxiago daude, 183, hain zuzen ere. Haietako 12 daude ZIUn.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 18 pertsona hil dira azken astean covid-19aren ondorioz, aurreko zazpi egunetan baino bat gutxiago. Covid-19ak jota ospitaleratutakoak 183 ziren igande honetan, hau da, duela astebete baino 139 gutxiago. Horietatik 12k zainketa intentsiboetako unitateetan jarraitzen dute, bi gutxiago aurreko astean baino, Lakuako Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera.
EAEko covid-19aren egoera epidemiologikoari buruzko azken buletinaren arabera, abenduaren 19tik 25era bitarteko asteari dagozkion datuen berri ematen duena, 1.344 positibo egon dira astebete horretan. Aurreko astekoak baino 228 ospitaleratu gutxiago dira horiek, hau da, % 11,9ko tasa, 11.304 proba diagnostiko eginda.
60 urte baino gehiago dituzten biztanleen artean, 844 kasu atzeman dituzte azken astean, aurreko astean baino 126 gutxiago, eta positiboen tasa % 12,5ekoa izan da. Adin-tarte horretan, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 270,95era jaitsi da.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan, joan den astearen amaieran, 171 pertsona zeuden ospitaleratuta, aurreko igandean baino 137 gutxiago alegia, eta zainketa intentsiboetako unitateetako pazienteak 14tik 12ra jaitsi dira astebetean.