INFO

Protesta berrabiatu dute Donostia Ospitalean, Lan Eskaintza eta Onkologikoa lehenetsiz

Aurreko astean zuzendari kudeatzailea berriarekin izandako talkaren ostean mobilizazioei ekin diete berriz Donostia Ospitalean. Baina horrekin batera bi lehentasun zehaztu dituzte: Lan Eskaintza Publiko egokia eta Onkologikoa ESI Donostialdean sartzea.

Donostia Ospitaleko zerbitzu-buru eta langileak, astelehen honetan berriz kalera. (Andoni Canellada | Foku)

Elkarretaratzea egin dute berriz astelehen honetan, 8.15etan, Donostia Ospitaleko sarreran dozenaka zerbitzu-buru eta langilek, aurreko astean zuzendaritza kudeatzaile berriarekin izandako liskarraren ostean.

Protesta jarduera hauek eten egin zituen batzorde negoziatzaileak Osakidetzako zuzendaritzarekin abiatutako elkarrizketa-bidearen ondorioz, baina ESI Donostialdeko buru berri den Agustin Agirreren jarrerarekin ez daude konforme eta berriro kalera atera dira gaur.

Gatazka aurreko astean berpiztu zen. Aurretik dimisioa eman zuen Adolfo Begiristain Donostia Ospitaleko zuzendariorde mediku ohiak elkarrizketa eman zuen ‘El Diario Vasco’n, zenbait akats eta joera txar salatuz, eta Agustin Agirrek adierazpenok gezurtatzea esijitu zion batzorde negoziatzaileari. Zerbitzu-buruk eta langile askok ez dute agindu hori onartu, eta horrekin Osakidetzaren lerro autoritarioa berriz agerian gelditzen dela ondorioztatuta protestari ekin diote berriz.

Printzipioz, duela astebete Osakidetzako zuzendaritzarekin eginiko lehen bileran (Rosa Perez Esquerdo zuzendari orokorra bertan zela), zerbitzu-buruen salaketak aztertzeko konpromisoa hartu zen eta urtarrilaren 18a arte protesten etenaldia erabakia zuten langile hauek, baina harremana zakartu da berriz.

Bi aldarrikapen, epe motzekoak

Talka honezaz gain, beren aldarrikapenak berretsi dituzte bildutakoek eta, zehatzago, bi lehentasun ezaugarritu dituzte: Lan Eskaintza Publikoa (astearte honetan argitu daitekeena) eta Onkologikoa (hilaren 31a data garrantzitsu duena).

Bildutakoen eledun gisa aritu den Jon Zabaletak aipatu duenez, «gauza batzuk besteak baino premiazkoagoak dira», eta horien artean Onkologikoaren egungo estatusarena zehaztu du, aurtengo azken egunean amaitzen dela adieraziz.

Horri buruz, Onkologikoa Osakidetzan txertatzeaz gain, ESI Donostialdearen barruan kokatu behar dela argudiatu du Zabaletak, minbiziaren tratamendua koordinatuagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Zerbitzu-buru eta profesional hauek ez lukete begi onez ikusiko Onkologikorako ESI propio bat sortzea, Donostialdekotik banatua.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak elkarrizketa batean aipatu zuenez, Onkologikoa ESI Donostialdean sartzea da asmoa, baina aurreko astean iragarri zen Osakidetzan sartzeko prozesua abiatzen dela eta bere kokapen zehatza ez zen orduan argitu.

Bigarren kontu premiazkoena Osakidetzaren hurrengo Lan Eskaintza Publikoarena da. Profesional faltagatik kezkatuta daude Donostialdeko profesional hauek. Aurreko ostiralean talde negoziatzaile honen ordezkari gisa Adolfo Lopez de Munainek esan zuenez, Lan Eskaintza hori astearte honetan bertan onar daiteke, Lakuako Gobernu Kontseiluan, eta arretaz aztertuko dute. Beren aldarrikapenak ez direla kontuan hartzen ari aurreikusten dute.

Asteazkenean prentsaurrekoa emateko asmoa dute osasun arloko profesional hauek, beren posizioa gehiago argitzeko eta egungo unea definitzeko. «Elkarrekin gaude eta egunez egun gauzak ikusten joango gara, Osakidetzaren aldetik berririk dagoen ala ez aztertzen», esan du Zabaletak.

Hurrengo bi astelehenetan elkarretaratzeak egingo dituzte berriz. Beren konpromisoaren adierazletzat jotzen dute berriro kalera izana, baina elkarrizketarekin jarraitzeko prest direla argi uzten dute aldi berean.