INFO

Heïdi Gaugain frantziarra da Bizkaia-Durangoren bosgarren fitxaketa

17 urteko txirrindulariak datorren urtean elastiko arrosa jantziko du. Bere kirol ibilbidean «aurrerapauso bat» emateko aukera izango duela esan du. Gazte mailan Ahurtiko Urt Velo 64 taldean aritu zen, eta egun, Ipar Euskal Herrian bizi da. Besteak beste, Espainiako Kopan garaipen bat lortu du.

Heïdi Gaugain Bizkaia-Durangoko bosgarren fitxaketa (Bizkaia-Durango)

Bizkaia-Durangok datorren urterako bosgarren fitxaketa jakinarazi berri du: Heïdi Gaugain frantziarra. Coëvons (Mayenne) herrian jaiotakoa da, baina Ipar Euskal Herrian bizi da. Izan ere, gazte mailan Ahurtiko (Lapurdi) Urt Velo 64 taldeko kide izan zen.

Gaugainek ezkerreko besoan protesi bat du, baina hori ez da oztopo txirrindularitzan aritzeko. Are gehiago, Frantzian etorkizun handiko txirrindularia da. Urte honetan hainbat lasterketa garrantzitsu irabazi ditu. Horietako bat da Balmasedan jokatu zen Espainiako Kopan lortutako garaipena, bi minututik gorako aldea atera zion tropelari bakarka egindako ihesaldi batean. Garaipen hori ez ezik, beste zenbait lasterketa esanguratsutan ere merituzko postuak erdietsi ditu. Nazioen Kopan, esaterako, erlojupekoan seigarren postuan geratu zen Watersely Challenge izeneko lasterketan. Horrez gain, pistan ere junior mailako Munduko Txapelduna izan da bi aldiz, puntuazioko eta taldekako jazarpeneko probetan, hain zuzen ere.

Gaugain txirrindulariak adierazi du Bizkaia-Durangoko taldeak fitxatzeak «aurrerapauso bat» emateko aukera emango diola datorren urtera begira: «Aukera izango dut lasterketa handiak ezagutzeko, eta taldean korritzen ikasteko». Horrez gain, «oso pozik» dago taldeak eskaini dion aukerarekin, eta «gogo handiz» dago 2023ari ekiteko.

Bizkaia-Durango taldea eraberritzen ari da datorren urterako. Gaugain izan da taldeko bosgarren fitxaketa, eta haren aurretik, Sandra Gutierrez espainiarra, Andrea Ramirez mexikarra, Ana Vitoria brasildarra, eta Carolina Esteban espainiarra ere batu dira multzora. Horiez gain, taldean zeuden beste zortzi txirrindulari hauei kontratua berritu diete urte bat gehiago: Lucia Gonzalezi, Catalina Sotori, Irene Loizateri, Irene Mendezi, Daniela Camposi, Sofia Rodriguezi, Eukene Larrarteri eta Beatriz Pereirari.