INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Egiari Zorrek Vicente Lertxundi oroitu du eta «justizia» eskatu biktima guztientzat

60 urte dira Vicente Lertxundi anarkista donostiarra torturen ondorioz hil zenetik. Egiari Zorrek ekitaldia egin du Martutenen asteazken honetan, eta «biktima guztientzat aitortza eta erreparazioa» aldarrikatu ditu.


Txomin-Enean eginiko ekitaldia, Martutenen

1962ko abenduaren 27an hil zen Vicente Lertxundi, duela 60 urte Martuteneko kartzelan preso zegoen bitartean jasotako tortura bortitzen ondorioz. Asteazkenean, Txomin-Enea parkean egin du oroimen ekitaldia Egiari Zor Fundazioak, Martuteneko kartzelatik 300 metro eskasera. Pilar Garaialde fundazioko ordezkariak eta Iñaki Revuelta Lertxundiren senitartekoak hartu dute hitza, justizia eskatu dute, «aitortza eta egirik gabe» jarraitzen baitu donostiarraren kasuak.

«60 urte luze pasa dira, eta oraindik orduan gertatu zenaren egiak ezkutuan dirau» esan du Garaialdek, eta indarkeriaren biktima batzuek zegoekin aitortza jaso badute ere, salatu du ez dela halakorik egon «Estatu aparatuek praktikara eramandako indarkeriek kaltetukoentzat».

Lertxundi Donostiako militante anarkista izan zen, 1962an Poliziak atxilotu eta Martuteneko kartzelan sartu zuten, «vagos y maleantes» zeritzon Legea aplikatu ondoren. Bertsio ofizialen arabera, presoa espetxeko erizaindegira eraman zuten funtzionariek; han bihotzeko gaitz bat diagnostikatu eta egun horretan aske utzi zutela esan zuten. Garaialderen arabera, gertukoen testigantza «oso desberdina» da, ordea. Espetxeko kartzelariek modu basatian jipoitu zutela azaldu du, eta jasotako kolpeen ondorioz presoa egoera tamalgarrian zegoela ikusita espetxetik kanporatzea erabaki zutela, «bertan hil ez zedin, horrek eragingo zuen eskandalua ekiditeko».

«Me han matado, me han matado» izan ziren Vicente Lertxundiren azken hitzak, Martuteneko bizilagun batzuk entzun zituzten, eta garaiko Erresidentzira eraman bazuten ere, bertan hil zen. Inoiz ez zen ikertu Lertxundiren kasua, eta Garaialderen esanetan garrantzitsua da «torturak akabatutako» izenak gogoratzea, «berriro gertatu ez dadin».

«Egiarekin zorretan»

Revueltaren amonaren anaia zen Lertxundi, eta senideen izenean hartu du hitza Anje Duhalderen ‘Irtenbiderik ez zen’ kantua abestu ondoren. Gurutze Iantziren omenez idatzitako kantua izan arren, Lertxundik bizitakoaren isla ere ikusi daiteke. Revueltak ere, bere senidearen kasuak aitortzarik eta egiarik gabe jarraitzen duela baieztatu du.

Arduradun politiko eta instituzionaletan jarri du arreta Revueltak, «oraindik harrituta ikusten dugu nola ordezkari politikoek aitzakiak bilatzen dituzten tortura existitu izanaren ardura lausotzeko». Gaineratu du biolentziaren «gaitzespena» sinesgarria izan dadin, biolentzia «guztien» inguruan hitz egin behar dela, «kalte bera, eskubide berak», aldarrikatu du.

«Egiarekin zorretan» dagoen gizartea dela egungoa aipatu du, eta Donostiako udalari eskakizun zehatz bat egin dio: «Beste biktimen mina eta oroimena plaken edo bestelako ekimenen bidez egitea babesten dugu, baina inplikazio handiagoa eskatzen diogu udalari beste biktimen erreparaziorako ere, ahaztuak eta gure historian baztertuak izan direnekiko».

Aitortu gabeko tortura kasu bat gehiago

Tortura hamarkadetan zehar, «praktika sistematikoa» izan zela adierazi du Egiari Zorreko ordezkariak, eta posible izan zela mediku forentseen, epaileen, abokatuen, komunikabideen, gobernuko ordezkarien eta alderdi batzuetako arduradunen «kolaborazioari» esker.

Ikertzen jarraitzearen beharra azpimarratu du, eta Vicenterena bezalako tortura kasuak argitzea garrantzitsua dela. Esan du ezinbestekoa dela aitortza biktimen erreparaziorako, eta gogoratu 14 direla torturaren eraginez hildako kideak. Dokumentatuta dauden tortura kasuak mahaigaineratu ditu ere: 5.657 jada. Horregatik, beharrezkoa dela deritzo justizia egitea, «berriro halakorik gertatu ez dadin».