Adinekoen eskubideak errespeta daitezen, Zaintza Babesten Federazioa sortu dute
Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako senideak eta Irauli Zaintza elkarteek Babesten Federazioa sortu dute adinekoen egoitzen bizi eta lan baldintzak hobetzeko. Egoitza publikoak «desagertze bidean» daudela eta EAJk eta PSEk zainketen kudeaketa esku pribatuetan utzi nahi dutela salatu dute.
Euskal Herri mailako Zaintza Babesten Federazioa eratzea erabaki dute Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako senideak eta Irauli Zaintza elkarteek. Adinekoak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko sistemaren erabiltzen dituztenak eta haien senideak ordezkatzen dituzte elkarte hauek, eta «bakoitzaren autonomiatik abiatuta, adinekoen eskubideak errespetatuko dituen bizitza duinaren alde lan indartsu eta koordinatuagoa egiteko» sortu dute federazioa.
Ostegun honetan Bilbon egindako aurkezpenean, Babestu Arabako Txaro Marquinezek eta Babestu Bizkaiako Iraide Urrizek hartu dute hitza federazioaren izenean. Orain arte izandako ibilbidearen berri eman dute, nabarmenduz instituzio publikoek «ezer gutxi» egin dutela haien eskaerei erantzuteko: «foroetan parte hartzera gonbidatu nahi gaituzte, loreontzi huts gisa, bertan ez baita aldaketarik egiten Zaintza Babesten elkarteak eskatzen duen eredua eraikitzera bidean».
Hasteko, Bizkaiko egoitzetako langileak burutzen ari diren protestekin, zein langileek egiten dituzten gainontzeko aldarrikapenekin bat egin dute. «Jakitun gara salatzen duten egoera bene-benetakoa dela eta langileen duintasunari ez ezik, egoiliarrenari ere eragiten diela zuzenean. Egoitza batzuetan, gerokultoreek instalazioak garbitzen dituzte eta arropa garbitu zein lixatzeaz arduratzen dira», salatu dute.
Horren harira, gaineratu dute egungo ratioekin ezinezkoa dela kalitatezko zaintza eskaintzea.
Ikuskapenak egiteko modua ere mahai gainera ekarri nahi izan dute: «Aldez aurretik abisatuta egiten dira, eta ez dute jasotzen erabiltzaileek eta senideek eman dezaketen informazioa».
«EAJk eta PSEk esku pribatuetan utzi nahi duter zainketen kudeaketa»
Lakuako Gobernua eta hiru foru aldundiak gobernatzen dituzten EAJri eta PSEri egotzi diete egoera horren erantzukizuna. Egoitza publikoak «desagertze-bidean» daudela ohartarazi dute eta bi alderdi horiek zainketen kudeaketa esku pribatuetan utzi nahi dutela salatu. «Egoitza pribatuetan, baita gaizki deitutako itunduetan ere, asistentziaren kalitatea gero eta eskasagoa da, eta berdin gertatzen da etxez etxeko laguntzarekin», azaldu dute.
Zentzu horretan, gogorarazi dute enpresa pribatuen helburua «etekin ekonomiko handiena ateratzea dela, ez zerbitzuaren kalitatea». Era berean, azpimarratu dute itunpeko egoitzak, pribatuak badira ere, diru publikoz ordaintzen direla, baina, hala ere, gehiegizko zenbait klausula dituztela.
Egoera azalduta, bukatu dute esanez beharrezkotzat jotzen dutela federazio batean elkartzea, «batuta indartsuagoak izango garelako egiten ari garen lana aurrera eramateko».