INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Lukas Agirre agurtu dute Hernanin, gertatutakoa gaitzetsiz

Lukas Agirre gaztea agurtu dute Hernanin, gertukoek antolatutako ekitaldi hunkigarri batekin. Herritarrek gertukoei babesa adierazi diete plaza goraino beteta. Eta lagun zein senitartekoek «ez dutela inoiz ahaztuko» esan dute.

Lukas Agirreren ama agur ekitaldian, herritarrei eskertza hitzak adierazten (Andoni Canellada | FOKU)

Ostegun iluntzean izan da Lukar Agirre Izko gazte herniarraren agur ekitaldia Gudarien Plazan. Abenduaren 25 goizaldean hil zuten gaztea, eta gaur herritarrek agurtu dute eta familiari babesa adierazi. Eguraldi txarra bazegoen ere, 18:30erako beteta zegoen plaza; hunkidura, tristura eta isiltasuna ziren nagusi. Txalo zaparrada batekin hurbildu dira lagunak eta senitartekoak fokupera, Lukasen argazkia zegoen tokira. Ekitaldi hunkigarria izan da eta koadrilako lagun batek eta amak hartu dute hitza.

«Bizi poza, sortzeko gaitasuna, indarra, alaitasuna» hitz horiekin gogoratu dute herritarrek hernaniar gaztea. «Ez ditugu ahaztuko zurekin bizitakoak, oroitzapen onak eta barre algarak», esan du koadrilaren izenean hitza hartu duen lagun batek. «Hor goian irribarre batekin egongo zarela espero dugu, maite zaitugu, ez zaitugu ahaztuko», esanez amaitu du.

Amak esker hitzak izan ditu herritarrentzat: «Eskerrik asko bihotzez egun latz hauetan babestu gaituzuenoi, lagunei, bizilagunei, lankideei… mila esker bihotzez». Lukas sekula ez dutela ahaztuko eta «beti gurekin» egongo dela esan du.

Koadrilako lagunek pankarta bat egin diote eta udaletxeko arkupean zabaldu dute, «Beti gurekin» leloarekin. Dei egin dute nahi duenak bertan Lukasentzat mezuren bat idatzi dezan. Bere gustuko musika jarri dute gero, «dagoen tokitik» entzun dezan.

Amaitzeko, minutu bateko isilunea egin dute herritarrek Lukasen oroimenez, eta familiak azken egunetan esandako esaldi bat ekarri dute gogora: «Egun ereitea besterik ez zaigu geratzen, hau berriro gerta ez dadin». Gertakariak gaitzetsi dituzte, eta horrelakoak gertatzea «ezinezkoa» dela salatu dute; «denen artean zerbait hobea» eraikitzeko aldarria egin dute.