INFO

«Hilotzak» utzi ditu Ehun mugimenduak Sapa enpresaren atarian, gerrarekin duen lotura salatzeko

Andoaingo Sapa enpresak «heriotza produzitzen duela» salatzeko ekintza egin zuen atzo Ehun mugimenduak. «Euskal errepublika beharrezkoa dugu Sapa bezalako fabrikak legez kanpokotzat jo eta bizitzaren alde egiteko».

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Ehun Mugimenduak Andoaingo Sapa enpresaren atarian ekintza bat egin zuen ostegun honetan. «Produzitzen duena bere enpresako ateetara eramatea erabaki dugu», adierazi dute ohar baten bidez. Sareetan zabaldutako bideoan ikusi daitekeenez, garezurrak eta bestelako hezurrak utzi zituzten, ate nagusia odolez tintatzearekin batera.

«Okinak ogia produzitzen du, irakasleak jakintza transmititzen du, baserritarrak barazkiak sortzen ditu, iturginak ura eramaten du etxeetara, zaintzaileek pertsonak duintzen dituzte. Armen industriak, berriz, heriotza produzitzen du. Heriotzaren industriak hilotzak produzitzen ditu, beraz», adierazi dute.

Zentzu horretan, Sapa enpresak «78ko erregimenarekin lotura zuzena» duela gehitu dute, «bere produkzio guztia espainiar Ejerzitoari bideratzen baitio». Espainiar Estatuaren gastu militarrak %26 gora egin duela ekarri dute gogora, «NATOk eskatu bezala». «Espainiak erabaki du gerra egitea dela bere etorkizuna. Erabaki du munduko txiroenen aurka egin nahi duela».

Hori dela-eta «Espainiatik alde egitea urgentea» dela iritzi dute. «Euskal errepublika beharrezkoa dugu Sapa bezalako fabrikak legez kanpokotzat jo eta bizitzaren alde egiteko. Horregatik, ziur gaude, euskal errepublika gauzatzea izango dela munduko bakearen alde egin dezakegun ekintzarik eraginkorrena».