Fisikoki hobeto amaitu dute Altuna-Tolosak Urrutikoetxea-Albisuren aurkako partida (18-22)
Neurketa ikusgarri batean, gorriek zulo asko aurkitu dituzte lehen zatian, urdinak ondo defendatu dira eta, ondoren, momentu klabeetan Albisuk zenbait pilota galdu ditu Altuna-Tolosaren garaipena errazago egiteko.
«Elordi eta Zabaleta beste liga batean daude eta gu beste ligako liderrak gara». Hala laburbildu du Jokin Altunak aurtengo Binakako Txapelketa orain arte ikusitakoaren arabera. Amezketarrak eta Xabi Tolosak laugarren garaipena eskuratu dute Urrutikoetxea eta Albisuri Bilbon 18-22 irabaziz.
Lanak gogotik egin behar izan dituzte Aspeko bi pilotariek. Tolosak txapelketan jarrita dituen ilusio guztiak transmititu dizkio beste behin Altunari, azken honek partida amaieran azpimarratu duen moduan, eta indarra ahal zutenetik atera behar izan dute garaipen garrantzitsua lortzeko.
Ez da batere erraza izan. Partidaren lehen zatian, gorriek bikote osatuagoa izatea lortu dute. Jon Ander Albisuk asko jo dio pilotari, oso atzera joz errebote ingurura, eta pilotari jartzeko garaian kostatu zaion Tolosa kontrolpean izan du momentu oro. Aurrean, gainera, Urrutikoetxeak bere momenturik onenera bueltatu dela erakutsi du, tanto asko amaituz –hamar tantorekin amaitu du norgehiagoka–.
Hala ere, urdinak izan dira markagailuan aurretik joan direnak. Banako berdinketa ostean, 1-5eraino alde egin dute, baina gorriek buelta eman diote partidari 6-5 jartzeko. Aspekoek atsedena eskatu beharrean aurkitu dira eta 8-9 aurreratu dira ondoren. Lehen atseden luzera 10-11 iritsi dira aurretik urdinak, Albisuk egindako huts batengatik –atzelariak beste bi pilota garrantzitsu galduko zituen aurrerago–.
Partida nahiko orekatua joan da zati honetan, baina Altunak indar plus bat atera behar izan du kontrola beregan mantentzeko. Horren adibide garbia 14-16koan iritsi da, neurketako txalotuena. Amezketarra lurrera bota behar izan da Urrutikoetxearen pilota bati heltzeko eta jarraian atzera abiatu behar izan du korrikan defentsa ikaragarria erakusteko. Tanto horretan Albisuk beste huts bat egin du.
Bere bikoteak, ordea, tantoak egiten jarraitu du eta 17-18koa egitea lortu du, Altunaren haserrea sortuz. Hala ere, tanto bakarreko abantaila hori ezin izan dute berdindu gorriek, Albisuk bi huts egin dituelako 17-19koan eta 18-20koan, eta Altunak bi sakerekin amaitu du partida.
PARTIDAKO FITXA:
Urrutikoetxea-Albisu: 18
Altuna III.a-Tolosa: 22
Pilotakadak: 577. Iraupena: 67:44. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-5, 7-5, 7-6, 8-6, 8-9, 10-9, 10-13, 11-13, 11-15, 14-15, 14-17, 15-17, 15-18, 17-18, 17-19, 18-19 eta 18-22. Sakez egindako tantoak: 0 Urrutikoetxeak eta 3 Altuna III.ak. Jokoan egindako tantoak: 10 Urrutikoetxeak, 2 Albisuk, 10 Altuna III.ak eta 0 Tolosak. Hutsak: 2 Urrutikoetxeak, 7 Albisuk, 2 Altuna III.ak eta 4 Tolosak. Gertakariak: Sarrera eskasa baina giro oina Bilboko Bizkaia pilotalekuan Binakako Txapelketako seigarren jardunaldiko lehen partida ikusteko.